Viernes, 2008 25

07-12-2007 – Bilatzaileei izarra

Eguberri badator, eta Eguberriz zoriona opa ohi diogu elkarri. Ondo egina. Arantzazu aldizkariak ere, bere gogorik sutsuenaz, zorion opa die harpidedun eta irakurle guztiei. Bereziki, bila dabiltzan pertsonei. Bilaketaren bidean zabiltzan adiskide horri, zorion bihotz-bihotzetik..., eta izarra opari!
Aurtengo Eguberriko irudia izar batera tolestatu dugu ale honen azalean, norbaitek eskuz eginiko izar «baldar» batera. Baina, bere zehaztasun-falta hori, seguru asko, bilaketaren urduritasunetik datorkio, bilaketaren balantza eta zalantza sakonetik. Be­re baldarrean, ordea, bilaketaren argi-beharra eta nahia adierazten duela esango nuke. Ekialdeko hiru magoen bai-ez bera ez ote du erakusten izar honek?
Izarra helburu lortua izango balitz, zehatzago eta finago egina beharko luke izan, lorpena ongi osatua eta ongi burutua izaten baita. Baina nik izar zalantzazkoa aukeratu dut, bideko izarra, bilaketaren grina erakusten duena, oraindik ere harat-honat nora joko galdezka ari denaren izarra.  Bilatzaileen izarra!
Eguberri honetan, gure aldizkariak bilatzaileen bidera hurbildu nahi du. Gure aldizkariak bidelarien lagun egin nahi du. Gure aldizkariak, horrexegatik, ez ditu helburu lortuak eskaini nahi edo erantzun osatuak eman nahi eta jarrera finkoak ezarri nahi.  Bilatzaileekin bila bizi nahi dugu, bidelariekin bidean, ondoezean zaurituekin partekatu nahi dugu eguneroko bilaketaren abentura liluragarri eta mingarria.
Arantzazuk ia aspalditxo egin zuen bilaketaren aldeko apustua, eta apustu hori hobeto zehaztu eta geuretu nahi dugu. Oteizak aspaldi utzi zigun «hutsunea» apostolutzaren errenkada saminduan eta Oizak aspaldi utzi zigun eliza «hutsa», bertara zetozenek lekua aurki zezaten, bai samina esperantzaz betetzeko, bai harrera onaren gozotasuna jasotzeko.
Guk ere geure besoak zabalik luzatzen dizkizugu bilatzaile horri, zu besarkadaz estutzeko. Eguberri honetan ere ez ditugu gure besoak erosgaiez eta erregaluz beteko, zu zatozenean besarkadarako prest aurki gaitzazun. Hurrengo hiletik aurrera, Aran­tzazu aldizkaria bilatzaileena izango da. Bilatzaileei izarra!

    Iñaki Beristain
«Arantzazu» aldizkaria

 

Bilatzaileei izarra
© Arantzazu.org 2008. Todos los derechos reservados.