Viernes, 2008 25

05-06-2007 – Egoeraren goroldioa

Azken hauteskundeen atarian ikusi dugunak ilusio asko hautsi du eta amets askotatik esnatu gaitu. Aspaldiko azken aldian, su-etena zela eta, ilusio asko piztu zen gure artean eta beharbada ez genuen asmatu ametsa eta errealitatea bereizten. Beharbada. Orain, ordea, nahiko garbi gelditu da ez dugula aurrera-pauso handirik eman. Txikirik ez dakit, baina handirik ez.
Lehenean gaude. Bi ertzetatik ez da mugimendu txikienik ere izan. Argumentuak betikoak dira, eta argumentuen azpian estaltzen den egia edo gezurra ez dakigu zein den. Ikusten dena da, ez ertz batekoek ez bestekoek ez dutela topaketarako pausorik eman nahi. Ustezko eskaintzen azpian betikoari eusten zaio, eta besteak eskaintzaren liluran harrapatzea da nonbait kontua.
Hori ertzetakoek. Eta besteek zer? Ertz batekoen edo bestekoen beldurrez erabaki sakon eta handirik hartzeko adorerik ez da izan. Ertzetakoen jokaera aldatuko ote zen zain, ezer nabarmenik egin gabe. Berak pauso erabakigarririk emateko kapaz izan ez direnez eta ertzetakoek ere inolako pausorik eman ez dutenez, betikoan gaude eta beti bezalatsu.
Egotearen kontua besterik ez balitz! Baina, bien bitarte horretan, herri bat sufritzen eta, herriaren barruan, pertsonak sufritzen.  Pertsonak beldurrez, askatasunik gabe. Pertsonak kartzelan eta familia asko sufritzen. Etorkizuna gandu artean ilun ikusten duen jende asko etsita. Hau idaztean, ez dakit hauteskundeek zer eman duten. Baina, beldur naiz, aurrez, etsipenaren azalpen izango ote diren hauteskunde hauek. Eta hori frakaso beltza izango litzateke, nahi duenak irabazi arren.
Hauteskundeak izan eta inor mugituko al da? Edo datorren urteko hauteskunde jeneralei begira jarriko al gara? Beti hurrengo hauteskundeetara begira, ez dugu ezer ikusten. Giza eskubideak zapalduta. Esperantzak itota. Eta aspalditik, oso aspalditik, datorren egoera honi, osorik estaltzen duen goroldioa sortu zaio gainean. Etsipenaren eta tristuraren goroldioa. Barruko errealitatea estaltzen duen goroldioa. Gaitza ikusten uzten ez duen goroldioa.

Iñaki Beristain
Arantzazu aldizkaria

 

Egoeraren goroldioa
© Arantzazu.org 2008. Todos los derechos reservados.