30-10-2007 –
Festa egin dugu
Beste behin, Arantzazuk bere festa handia egin du. Urte guztiko egun nagusiak arduraz eta pozik bizi ditugu. Normalean bizi ditugun kezkak festaren pozetan gozatzen ditugu. Arantzazuk bere ardurak eta kezkak bizi ditu, noski, baina aurrerantzean ere festari indarra emateko ardura eta kezkak dira.
Arantzazu berri bat oretzen ari gara aspalditxoan. Gandiaga Topagunea egina dago, Misterioko eraikina ere bai, ingurua bateratzen duten bide txikiak ere bai. Orain Ostatua berritzen ari gara, orain arte egindakoak aurrera-bidea izan dezan. Baina, oraindik asko gelditzen zaigu bideratzeko eta zehazteko. Etorkizunean nolako bideak zehaztu nahi dizkiogu Arantzazuri? Nola kudeatuko ditugu hemengo errealitate anitzak? Aldizkari hau eta hemen argitaratzen ditugun beste biak zer izango dira edo nolakoak izatea nahi dugu? Erromesaldiekin zer gertatuko da? Gandiaga Topaguneko bigarren eraikinari zer irtenbide eta eduki opa dizkiogu? Galdera asko eta handiak dira denak ere.
Izan ere, Arantzazu, bere txikian, oso konplexua da, oso anitza, ertz askokoa. Eta hori dena, ardura ez ezik kezka ere bihurtzea ez da asko harritzekoa. Baina, esan dut: Amaren festaburuak pozten digu kezka oro. Badakigu gure herriak maite duen errealitateari etorkizuna argitzen ari garela. Badakigu herriak Arantzazuk izaten jarraitzea nahi duela, nahiz eta gauzak asko aldatu. Eta ezerk eusten baldin badigu lanean, horrexek eusten digu, etorkizuna bermatu nahiak.
Urtero-urtero Arantzazuko Andre Mariaren bederatziurrenak eta festak redimitzen dizkigu gure neke eta ondoezak. Aurten ere ederra izan da jendearen hemengo etorria. Ederra izan da jendearen kantua eta prestutasuna. Ederra izan da, esker ona eta poza. Ederra izan da, Arantzazuko Andre Mariak beti gertarazten duen miraria.
Festa egin dugu, eta festak jarraitzea nahi dugu. Hemen ospatu duguna Euskal Herriko etxe bakoitzera iritsiarazi nahi genuke. Eta familia guztiek senti dezatela ama honen babesa eta itzala. Gaur festa egin dezakegun bezala, etorkizunean ere festa egin ahal izatea bilatzen dugu. Hala izango ahal da!
Iñaki
Arantzazu aldizkaria

|
|
|