07-11-2007 –
Koloreen erromeria
Horrela ikusten zuen Bitoriano Gandiagak udazkena, besteak beste, «koloreen erromeria» bezala. Adibidez, Arantzazuko inguruneak sasoi honetan hartzen duen kolore aniztasuna mozkortzekoa da. Ikusi eta kontenplatu luzaz ale honen azaleko argazkia.
Baina, galdera bat sortzen da: kolore aniztasun hau biziaren seinale da ala heriotzaren seinale? Erantzuna bistakoa da, urtaroen joanean. Kuriosoa ere bada: bizia jori-jorian dagoenean, dena berdez janzten da, bizi betearen berdintasun aparoz. Eta gero, udazkenean, heriotzarantzko bidean, orduan azaltzen dira ñabardurak: berde apalak, okreak, horiak... Heldutasunak erakusten du ñabardura eta berezitasuna.
Guri ere, alor pertsonalean, halatsu gertatzen zaigu. Gaztetan, dena da indar, dena da argi, dena bizinahi, dena da zorabio. Gero, zahartzean, orduan erakusten du pertsonak bere izaera, bere kalitatea, bere nortasuna, bere berezitasuna. Orduan, heldutasunaren ordu zukutuan, erakusten da onena eta txarrena. «Koloreen erromeria» hori ere.
Herri helduak ere kolore asko du. Dena ezin daiteke kolore batera bildu. Eta koloreen oparotasun aberats horretan erakusten da herri baten nortasun heldua. Batzuetan, gaztetan batik bat, arrazoi asko izaten da dena kolore batera biltzeko, asmo batean elkartzeko. Baina, herri helduak «koloreen erromeria» osatu behar du. Koloreen aniztasuna galdu gabe eta erromeriaren poz bateratzailea ere galdu gabe.
Aurtengo udazkenak ere kolore asko dakartza gure mendietara. Hori aitzakia hartuta, udazkenaren parabolaz begira diezaiokegu gure herri zaharrari. Ba al da kolore anitzen edertasunik? Edo dena kolore batera bildu nahi ote da? Ba al da erromeriarik, ba al da alegia pozik?
Gure medietako orri koloretuak laster orbel izango dira gure oinpean. Heriotzaren koloreak dira. Gure herriaren aniztasuna ere orbel oinpean? Orbelaren sinfonia mingarria gure herrian ere? Ez ote dugu gure heldutasuna erakutsiko «koloreen erromeria» ederrean?
Iñaki Beristain
Arantzazu aldizkaria

|
|
|