Viernes, 2008 25

03-07-2007 – Putz egitea nahikoa

Hauteskundeak izan eta inor mugituko al da? Galdera hau egiten genuen aurreko hilean. Bai, mugitu da. Betirako gelditu behar lukeena mugitu da, ETA. Eta, zoritxarrez, eman duen pausoa ez du norabide onean eman. Su-etena bukatutzat emanez, berriro ere mehatxuak, beldurra, txantajea, gogorkeria... Atzera-pauso handia eman du gure gizarteak.
Azalean jarri dugun txikori loreari bezala gertatzen zaigula uste dut, putz egitea nahikoa bere lora finak uxatzeko. Eta gure bake-nahiari putz egin diote, eta gure esperantzaren lora finak joan dira. Berriro ere gogoak hutsik, pazientzia zaurituta, etsipenak gaina hartuta, nazkatuta!
Eta orain zer? Berriro ere gogorkeriaren esanetara jarrita, ea noiz erabakiko ote duen betiko gelditzea? Testigu etsi izatea tokatuko ote zaigu, gerta litezkeen atentatu eta erasoen aurrean? Eraso eta gogorkeriek, direnak direla, ez dute inolako sentidurik. Jainkoak anpara gaitzala eraso horietan inor hiltzetik. Ez dadila inoren odolik isuri, ez baita ezer pertsonaren balioa gainditu lezakeenik.
Zerk ekarri gaitu egoera honetara? Beharbada, gure itxaropenen loreak ez zuen behar adinako oinarririk. Beharbada, inor gutxi arduratu da lorea zaindu eta indartzeaz. Beharbada, beste kezka batzuk izan dira bakearenaren gainetik eta aurretik. Beharbada, zenbaiten botere-gosearen presioak indar handia izan du. Beharbada, ETAk ez daki bakea zer den eta ez daki berak eraikitako gogorkeri sare estutik nola libratu. Beharbada, denok inuzenteegiak izan gara. Beharbada!
Putz egitea nahikoa! Bakegintzaren mahaian esertzeko ahulegiak nonbait, eta indarra erakutsi nahi digute. Orain ETAk bere giharreak erakutsiko dizkigu, bere ahuldadearen neurriak ikus ditzagun.  Estatuko indarrek ere beren boterea azalduko dute, legeak egokituz, mendekuak hartuz, handik eta hemendik presioak sortuz... Muskulu edo giharre hazien espektakulua izango dugu, mahaian eseri behar denerako indarrak pilatu asmoz. Guk ,bitartean, bakea espero genuen, inuzente gizajook! Putz egitea nahikoa izan da!

  Iñaki Beristain

 

Putz egitea nahikoa
© Arantzazu.org 2008. Todos los derechos reservados.