Miércoles, 2008 14
KRONOLOGIA: FRANTZISKO ETA KLARAREN BIZITZAKO ETA ORDENAKO LEHEN URTEAK

 

1181/82
Frantziskoren jaiotza Asisen; Pedro Bernardone merkatari aberatsaren eta madonna Picaren semerik zaharrena da.
1193/94
Klararen jaiotza Asisen, nobleziako familia batean; Favarone de Offreduccio eta Ortolanaren alaba da.
1198
Lotario dei Conti di Segni kardinala izendatzen dute Aita santu, Inozentzio III.a deituraz.
1200

Asisko herria eta burgesia garaile ateratzen dira noblezia feudalaren aurkako borrokan.

Seguru asko, urte honetan bertan Klararen familia Perugiara erbesteratzen da

1202
Gerra Asisko herri eta burgesiaren eta Perugia hiriaren artean, hemen aurkitu baitzuen babesa Asisko nobleziaren zatirik handienak. Asisko armada garaitua da, eta Frantzisko preso hartua. Urtebete ematen du preso. Hilabete luzeetan iraun zion gaixotasun bat harrapatu zuen.
1205

Frantziskok hasiera ematen dio konbertsio-bideari: lepradunekin ikusten dugu eta Gurutziltzatuaren ahotsa entzuten du San Damianen: «Frantzisko, berri ezazu nire eliza, hondatzeko zorioan baitago».

Asis eta Perugiak bakea sinatzen dute, eta Klararen familia Asisa itzultzen da.

1206
Frantziskok uko egiten die aitaren ondasunei eta San Damiango elizatxoa berriztatzeari ekiten dio.

1208

Frantziskori ebanjelio-bidea argitzen zaio, Pedro eta Bernardo, bere bi lehen lagunekin batera, Ebanjelioa kontsultatu ondoren.

Albitarren aurkako gurutzadaren hasiera.

1209/10

Inozentzio III.ak hitzez onartzen du Frantzisko eta lehen hamaika anaien “Bizi-asmoa” (propositum vitae).

1212

Klarak ihes egiten du gurasoen etxetik eta bere burua Jainkoari sagaratzen dio Portziunkulan Frantziskoren bitartez.

Alditxo batez Bastiako Abadesen San Paulo monasterioan eta Asis ondoko Pantzoko Sant’Angelon egon ondoren, Klara eta lagunak San Damianen jartzen dira bizitzen.

1215
Lateranoko IV. Kontzilioa, Erdi Aroko handiena. Beste erabakien artean, elkarte erlijioso berriak aurrez onarturiko erregelaren bat hartzera behartzen ditu. Frantziskoren elkarteari ez zaio erabakia ezartzen; Klara eta bere ahizpek, ordea, San Benediktoren Erregelaren pean jarri behar izan zuten.
1216

Klarak, bere bokazioaren berezitasuna gordetzearren, Pobretasunaren Pribilegioa lortzen du Aita santu Inozentzio III.arengandik.

Inozentzio III.a uztailaren 16an hiltzen da, eta haren ordez Cencio Savelli kardinala hautatzen dute Aita santu, Honorio III.a izenaz.

1217

Portziunkulako Santa Marian eginiko Kapituluak Ordena probintziatan banatzea eta anaien lehen misio-bidalketa Europan zehar erabakitzen du.

Bosgarren Gurutzadaren hasiera (1217-21).

1219

Mendekosteko Kapituluak anaien bigarren bidalketa erabakitzen du. Frantzisko Ekialdera doa, hain zuzen gurutzatuen armada Damieta inguratzen ari dela. Frantzisko, bere baketze-misioan, Melek-el-Kamel sultanarengana aurkezten da.
Hugolino kardinalak konstituzioak (Hugolinoren Erregela) ematen dizkie San Damiango klaratarrei eta bertako inspiraziopean sortutako beste monasterioei.

Lehen bost frantziskotar martiriak, Marokon hilak.

Ekialdean dagoela Frantziskok berri kezkagarriak jasotzen ditu Ordenari buruz, eta Italiara itzultzen da.

Hugolino kardinala Ordenako babesle eta zaindari izendatua.

Frantziskok uko egiten dio Ordenako buru izateari, eta Pedro Cattani aukeratzen du bere ordezko, bikario tituluarekin.

1221

Guzmango Domingo, Anaia predikarien fundatzailea, hiltzen da Bolo-gnan.

Pedro Cattani hiltzen da, eta Anai Eliasek ordezkatzen du Bikario jeneral bezala. Urte honetako Kapituluan, urtez urte osatuz joan den erregelaren testua onartzen da (Erregela Bulda gabea edo 1 Er); Aita santuari aurkeztea zen asmoa, baiets zezan, baina ez zen horrela egin.

1222

Lastairen Kapitulu ospetsuaren data problablea: Frantziskoren eta ministro-taldearen arteko istilua, Erregelaren behin betiko idazkerari buruz.

1223

Urriaren 29an Honorio III.a Aita santuak, “Solet annuere” buldaz, Anaia txikien erregela baiesten du (Erregela Buldaduna edo 2 Er). Honetaz baliatuko da Klara, urte batzuk geroago, bere Erregela idazteko.

Natibitate jaiaren ospaketa Greccion.

1224
Irailean, Frantziskok zauriak hartzen ditu La Verna mendian. Bertan idazten ditu Jainko Gorenaren Gorespenak eta Anai Leoni Bedeinkapena.
1226
Frantzisko Aingeruen Santa Marian hiltzen da, urriaren 3ko ilunabarrean. Biharamunean gorpua San Jorge elizara daramatela, San Damiandik igarotzen dira, hemen zain baitaude Klara eta ahizpak aita beneratuari azken agurra egiteko.
1227
Honorio III.a Aita santua hiltzen da. Biharamunean Hugolino kardinala hautatzen dute aita santu, Gregorio IX.a izenaz.
1228

Uztailaren 16an Gregorio IX.ak santu izendatzen du Frantzisko Asisen. Bide batez, bisita egiten dio Klarari San Damianen.

Irailaren 17an, Gregorio IX.ak Pobretasunaren Pribilegioa berresten die Klara eta ahizpei.
Zelanoko Tomasek Lehen Bizitza idazten du.

1230
San Frantziskoren gorpua beraren ohorez eraikitako Basilikara aldatzen dute.
1232
Anai Elias Ministro jeneral aukeratzen dute.
1234
Pragako Inesek, Bohemiako erregearen alabak, bere burua sagaratzen dio Kristori, Pragan fundatu duen “Damiandarren” monasterioan. Gutun-trukaketa aberatsa izango du Klararekin.
1239
Erromako Kapitulu jeneralean, Gregorio IX.a bertan dela, Anai Elias kargutik kentzen dute, eta haren ordez kleriko bat aukeratzen dute lehen aldiz, Pisako Alberto. Elias, Aita santuak eskomikatu berri duen Frederiko II.aren ondoan babesten da.
1244
Genoako kapituluan, Jesiko Keszentzio jeneralak Frantziskori buruzko dokumentu-bilketa berria bultzatzen du.
1247

Argitara ematen da Inozentzio IV.ak “San Damiango Ordenako moja itxientzat” emandako erregela.

Zelanoko Tomasek San Frantziskoren Bigarren Bizitza idazten du.

1253

Abuztuaren 9an Inozentzio IV.ak bisita egiten dio hilzorian dagoen Klarari, eta honek idatziriko Ahizpa pobreen Erregela baiesten dio. Bi egun geroago hiltzen da Klara. Hileta-ospakizunean Inozentzio IV.a bera izango da batzar-buru, eta Asisko San Jorge elizan hobiratzen dute.

1254
Pariseko unibertsitatean, maisu sekularren eta mendikanteen arteko polemika pizten da.
1255
Abuztuan, Santa Klararen kanonizazioa Agnaniko katedralean.
© Arantzazu.org 2008. Todos los derechos reservados.