2004ko gaia eta ikurritza
BIDEA Bidez bide, erromes eta senide.
«BIDEZ BIDE, ERROMES ETA SENIDE»
2004ko ERROMESALDIA Berriro ere iritsi gara erromesaldi berri baten garaira. Berriro ere, igandez igande, hemen izango ditugu gure erromes estimatuak, Arantzazuzale jator eta leialak. Berriro ere ilusioaren eta otoitz sakonaren aurpegiak ikusiko ditugu Amaren oinetan. Beharraren kezka, nahiaren ilusioa, dohainaren esker ona, bihotz handiaren kantua, barkazioaren poza... era askotako sentimenduak ikusiko ditugu aurpegietan, baina beti sinesmen sendoaren ziurtasunez. 2004ko erromesaldia hastera doa. Maiatzetik urrira, udaberrian izadia bezala, Arantzazu berria izango da. Erromesen kolorez berria, eta ederra.
«BIDEZ BIDE, ERROMES ETA SENIDE» Horrela dio aurtengo ikurritzak. Joan zen urtean ura bezala, aurten bideak emango dio erromesaldiari sentidua eta muina. Argazkian ikus daitekeenez, bide batek azalduko du fededunaren moldea eta barrua. Bideak egiten gaitu erromes, fededunak ez baitio sekula ihes egiten bere bideari. Bideak egiten gaitu, gainera, senide, bideak elkartzen baikaitu ahalegin eta grina berean. Erromesak maite du bidea, eta Arantzazuko bideek maite dute urteroko erromesa.
BIDEA DUGU HELMUGA Erromesa bidekoa da. Fededunaren maila eta neurria ez du helmugak ematen, bideak baino. Elizaren izaera eta egitekoa, biak, bidean zehazten eta garatzen dira. Bidetik ateratzen denean, bai Elizak bai erromesak, bere nortasuna galtzen du, Jesusen aginduak bidean jarri baikintuen. Eta, harrezkero, bidea dugu gure bizigiro berezko eta egokia. Bidea dugu helburu eta helmuga. Gure ametsa bidea da. Gure grina bidea. Bidean dabiltza gure senideak. Bidean dauzkagu behartsuak eta bilatzaileak. Bidean aurkituko dugu Jesus, Emausko ikasleek bezala. Bidean haziko gara. Bidean gertatuko zaigu topaketa. Bideak egingo gaitu benetako fededun eta senide. Jesusek bidean jarri gaitu eta ezin diogu bideari muzinik egin. Bidea dugu geure etxe.
BIDEAK BI NORABIDE DITU Bai, fededunaren eta erromesaren bideak bi norabide ditu: Jainkoa eta lagun hurkoa. Eta hauexek dira fededunari barrutik eragiten dioten grina nagusiak: gure bihotzaren maitea den Jainko ona eta Jainkoak azkeneraino maitatu duen lagun hurkoa. Jainkoa, elizetan baino gehiago, pobreen bide estuan dabilenez, azken batean bi norabideak bateratu egiten zaizkigu. Jainkoak ez baitu bere bidea behartsuarenetik banandu nahi izan. Jainkoa pobrea dabilen bide berean dabil, eta hantxe aurkituko dugu. Erromesaldiaren ariketa guztia, beraz, fedearen grina nagusiak indartu eta poztea izango da, fededunaren egiteko nagusiak leialtasunez bete ahal izan ditzagun.
ETXETIK BIDERA Hau da gure bidearen lehenengo pausoa: etxetik ateratzea. Etxetik atera, bidean jartzeko. Etxetik ateratzeak, noski, aurrena geure barrutik ateratzea esan nahi du. Geure barruan lotzen eta kateatzen gaituzten lokarriak etetea. Hainbeste sastraka artean nahastuta gaude. Goiz-goizean bere etxetik ateratzen den fededunak, bere barrua askatu eta berritzeko gogoa erakusten du. Senideekin elkartu eta konbertsio-bideari ekingo dio ilusioz. Bere barruak erabaki sendo bat hartu duela sentituko du, eta bide bera egiten ari diren beste erromesekin, pozezko esperientzia biziko du. Beretik atera eta dei egin dion Jainko onarengana doa, askatasunaren pausoz.
BIDERAKO INDARRA Etxetik atera jomuga batetarantz ateratzen da erromesa. Arantzazu du bere jomuga. Eta Arantzazun, aurren-aurrena, aitortza sakramentua ospatuko du, bere barruko bideak berriro ere bere onera ekarriz. Bide galdu askotan penatzen baitugu gure bizitza eta gure barrua. Barkazioa! Ondoren, Eukaristian, biderako janaria emango zaigu. Eta gure etsialdietan ahul eta ondoezik sentitzen dugun ibilbidea berriro ere indartu eta sendotu egingo dugu. Mariak, Arantzazuko Amak, eramango gaitu eskutik gure bide zail eta aldapatsuetan.
BERRIRO BIDERA Arantzazukoa ez da, ordea, han amaitzen. Arantzazuk berriro ere eguneroko bideetara bidaltzen gaitu. Arantzazu erromesaldiaren jomuga baldin bada, era berean, berriro bidera joateko deia eta enkargua ere bada. Lehen esan dugu, erromesa bidekoa da; baina ez joaterakoan bakarrik, itzulerakoan ere bai. «Bidez bide, erromes eta senide». Arantzazuk oroitaraziko digu ez dugula sekula bidea utzi behar, Jesusek Berri Onaren eginkizunez bidali gaituela bidez bide. Eta erromesek, «Agur, Jesusen Ama» kantatu eta indarberriturik eta ilusio berriz helduko diote eguneroko bide txikiari.
BIDEAN SENIDE 2004ko erromesaldiek biderako deia egingo digute indarrez. Eta pozik eta elkarri lagunduz, jakingo dugu bideak emango duela gure neurria! |