|
Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa) duela 500 urte baino gehiagoz geroztik frantziskotarren esku egon den santutegia da. Aizkorri-Aratz natur parkean dago, Euskal Herriaren bihotzean. Herriaren fedearentzat erreferente nabarmena izan da eta da oraindik ere. Euskal arimaren alde sentikorra gordetzen du, haren hizkuntza eta kultura errotu ditu, baita naturarekiko maitasuna, pertsonaren soiltasuna eta primatua ere. Historian zehar gizartearen aldaketetara egokitu da bere nortasuna galdu gabe, eta espiritualtasunaren, kulturaren, artearen, naturaren, etikaren, elkarrizketaren eta bakearen erreferentzia bihurtu da; denon ondarea den gizatasun iturria, harrera-lekua, horren bila dabiltzanentzat. (Bideoa ikusi). Hau izan da frantziskotarrek bost mendez egindako lanaren emaitza. 2008an, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon taldeak eta Kutxak haiekin bat egin zuten santutegia etengabe birsortzeko ahaleginean eta Arantzazu Gaur Fundazioa sortu hura sustatzeko.
|