kripta

“Aintzara garamatzaten gaizkiaz, bekatuaz,
erredentzioaz, penitentziaz, pekamenaz eta
martirioaz ariko da plastikoki kripta”.
Nestor Basterretxea

Basterretxeak 50. hamarkadan kripta dekoratzeko hautatu zuen ideiak ez du zerikusirik ondoren, 80. hamarkadako erdialdean, gauzatu zuenarekin. Jorge Oteizarekin eta Carlos Pascual de Lararekin batera sortutako “Arantzazuko Basilika Berriko pinturako eta eskulturako informeen aurretiazko azalpenak” idatzian jaso bezala, kriptan irudikatuko zituen gaiak bekatuarena, pekamenarena, barkamenarena eta aintzarena ziren: “Horiek denak ideiak dira gertaerak baino gehiago. Horrenbestez, sinboloaren indar espresiboa erabili beharko dut. Sinbolismoak, dena den, argi ulertzeko modukoa izan behar du. Muralak gogo-jardunak bezalakoak izan daitezen nahi dut: kontzientziari egindako dei indartsua”.

Baterretxeak proiektu hori gauzatu izan balu kriptak zentzu teologiko sakona izango zukeen. Artistaren arabera, muralez mural fededuna bere baitako bekatuaz jabetuko zen. Baina horrek ez zukeen larrituko, Jainkoak gizakia berarengandik hurbil nahi duela konturatzeak bake- eta poztasun-sentimendua sorraraziko ziokeen. Horregatik bidali zuen Semea, errugabea izanik hil zena, gizakiak berarekin berradiskidetzeko.

Norbaitek pinturak borratu zizkionean Basterretxeak hamaika mural zituen amaiturik. Irudi horien indar espresiboa erakusten duten lau zirriborro daude Arantzazuko artxiboan: Jainkoaren existentzia ez ikusteko aurpegia estaltzen duen gizona irudikatzen du batek; beste batean frantziskotarrak ageri dira haien misio-espirituaz maitasun- eta barkamen-mezua zabaltzeko nahian, eta azken batek uso zuria erakusten du bakearen eta Espiritu Santuaren sinbolo gisa.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.