Aste Santuko ordutegia 2024
Ostegun |
17:30 - Jaunaren azken afariko Meza santua |
Ostiral |
11:00 - Irakurgaien Ordua (Gogartetxean) |
Larunbat |
11:00 - Irakurgaien Ordua (Gogartetxean) |
Pazko |
12:00- MEZA NAGUSIA |
Arantzazu etxetik
1952ko ekainaren 25ean Madrilgo Arkitektoen Elkargoan eta EHAEOren Gipuzkoako Ordezkaritzan, Luis Laorgak eta Francisco Javier Sáenz de Oízak 1950ean lehiaketara aurkeztu zen aurreproiektuaren egikaritze-proiektua onartu zen. 70. urteurren harira EHAEOrako 2021eko MUGAK Arkitekturaren III. Bienalean "Arantzazu 70 urte" erakusketa antolatu zen. Erakusketa hartan Arantzazu birtualki bisitatu zitekeen.
Ba orain, arantzazu70urte.com helbidean Arantzazurako bisita birtual hori guztion eskura dago. Ideia Carmiña Dovale, Estanis Narbaiza, Alvaro E. Olaiz, Emilio Varela eta Victor Aspe arkitektoek (AHIKU taldea) sustatu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arantzazu Santutegiaren eta EHAEO Gipuzkoaren lankidetzarekin, eta Madpixkel enpresak gauzatu du. Hemen klick eginda goza ezazue Arantzazuko Santutegiko bazter ezkutuetan barna.
Arantzazu, 36 zm, 5 mende, herri 1
Azaroaren 28an etxekoa eta lagun dugun Pello Sarasuak zuzendutako Arantzazu 36 zm, 5 mende, herri 1 dokumentalaren aurkezpen instituzionala izan zen Arantzazun. Aurkezpenera euskal erakundeen eta gizarte eragileen ordezkaritza zabala etorri zen. Ordezkaritza zabal horren adibide, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldunditik: Eider Mendoza, Diputatu nagusia, eta Irune Berasaluze, Gobernantza diputatua; Oñatiko Udaletik: Izaro Elorza, alkatea; Eusko Jaurlaritzatik: Asier Aranbarri, Berrikuntza Sozialaren Zuzendaria... Horiekin batera, laborategiko Aholku Batzordeko ordezkariak ere izan ziren. Dokumentalak Arantzazuko ondare inmateriala jaso eta zabaltzeko egitasmo zabalago baten baitan kokatzen da. Horrela, bi urteko lanaren ostean, Arantzazuko frantziskotarrek herriarekin duten lotura, egindako ekarpenak alor ezberdinetan eta hori beren espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera emateko, 70 minutuko dokumentala ondu da. Arantzazu “ireki” egin da erantzun gaurkotuetara iristeko, beti egin duen bezala, aurrera egiteko, eta ‘Arantzazu Irekita Dago' kontakizunaren markoan, hain zuzen ere, kokatzen da dokumentala.
Aurkezpen instituzionala Pilar Kaltzada kazetariak gidatu zuen. Jarraian Joxemari Arregik —Frantziskotarren probintzialak— eta eider Mendoza andereak —Gipuzkoako Aldundiko diputatu nagusiak— eginiko harrera-hitzak jasoko ditugu. Arantzazu "gu" izaki, ezin ulertu Arantzazu fraiderik gabe, ez eta herririk gabe ere. Jarraian dokumentala ezin hobeto kokatzen duten bi "gu" horien ordezkarien hitzak:
Xabier Egaña koloretsua!
Aurrekoan aurreratu genizuen bezala, Donostiako Maushaus arkitektura estudioak Xabier Egañari buruzko pintura-tailerra antolatu zuen, Arantzazuko Adiskideen laguntzarekin. Xabier Egaña da Arantzazuko Basilika berra posible egin zuten artisten artean bizirik gelditzen den bakarra. Kamarinaren mural koloretsuak berak eginak dira. Dakizuen bezala, tailerra umeei zuzenduta da, eta oraingoan bi tandetan egin zen: lehen azaroaren 19an eta bigarrena 26an. Guztira 45 umek hartu zuten parte.
Elkarrekin bila, urteko balantzea
Azaroaren 26an Elkarrekin bila proiektuko kideek urteko balantzea egin zuten Arantzazuko Asis topagunean. Badira dagoeneko zortzi urte Elkarrekin bila proiektua sortu zela, hemen, Arantzazun, frantziskotarrek eta laiko talde batek bultzatuta. Gizartean txertatzeko eta bizimodu duin bat izateko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko ekimen bat da.
Ekimen xumea, baina hona datozen taldeek biziki eskertzen dutena. Martxoa eta urria bitartean hiru eguneko egonaldi bat eskaintzen diegu talde hauei, beraientzako inolako diru kosturik gabe. Egun hauetan aisialdia aukera ezberdinak eskaintzen zaizkie eta baita heziketa proposamen batzuk ere.
Hamabost eta hogeita bost pertsona arteko taldeak izaten dira. Aurten 11 talde izan dira hemen, eta guztira 229 pertsona izan dira etorri direnak. Gipuzkoatik etorri diren taldeak BEGISARE, AITA MENNI, LAMORUS eta OÑATIKO CEHAR HARRERA ETXEKOAK izan dira. Bizkaitik berriz, EMAUS, IRALAKO JANGELA, ZUBIETXE, LAGUN ARTEAN eta IZANGAI taldeak, eta Arabatik, HOGAR ALAVES eta JEIKI FUNDAZIOA taldeak.
Massimo Fusarelli, Arantzazun
Frantziskotarren Erregela onartu zeneko VIII. mendeurrena dela eta, Joxe Mari Arregik Arantzazuko probintzialak Massimo Fusarelli —Frantziskotarren Ministro Generala— eta Cesare Vaiani —Italia, Albania, Espainia eta Portugaleko konferentzietarako Definidore Generala— Arantzazura gonbidatu zituen.
Azaroaren 24ean probintziako 66 anai bildu ziren (probintziako 13 anaiditan 88 anai bizi dira, egun). Probintzian anaion adina, bataz beste, 78 urtetakoa da. Frantziskotarren karismarekin eta misioaren bat egiten duen jristu taldeko 7 lagun laiko ere etorri ziren Arantzazura Massimo eta Cesare entzutera eta eguna guztiok elkarrekin pasatzera.
Goizean Ministro Generalak hitzaldi bat eman zuen probintziak bizi dituen garai zail hauei aurre nola egin guztion artean hausnartzeko. Hamabietan berak eta Definidore Generalak koruan ospatu zen meza presiditu zuten. Asis Topagunean bazkaldu genuen guztiok eta arratsaldean Cesarek hartu zuen hitza ordenaren egoeraren berri emanez.
Jarraian anai Massimo Fusarelliren hitzak ekarriko ditugu euskarara.
Liebanara peregrinazioa
Arantzazuko Adiskideak elkarteak Liebanako Urte Santua dela eta, Liebanara bi eguneko peregrinazioa antolatu du (martxoak 15-16). Asmoa 15ean Donostiatik irtetzea da, bidean bazkaldu eta Covadonga bisitatu, Cangas inguruan lo egiteko. Hurrengo egunean, gosaldu eta Liebanara joan. Monastegia eta Lignum Crucisa bisitatu, Potes inguruan bazkaldu, eta arratsaldean buelta. Guztira, 170€. Izena emateko, abenduak 15a baino lehen. Viajes El Corte Inglés (Donostia) 9:00-14:00 943466554 (Sara Prieto) Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.