2017ko azaroan Arantzazu aldizkariak 1.000. alea argitaratuko du. Berri ona izanik, berri tristea da, aldi berean, haren zuzendari Iñaki Beristainek, pasa den irailaren 25ean joan zitzaigunak, ikusiko ez duelako. Aldizkariko kolaboratzaileek, eta Arantzazu osoak, hari omen egiteko argitalpenaren ale berezia prestatu du Iñaki Beristain (1947-2017): maitatu Arantzazu izenburupean. Harpidedunek egun gutxi barru izango dute beren etxeetan.
Ale monografikoari emozioa dario hurbileko lagunen testigantzak baliatu direlako edukiak osatzeko. Besteen artean, bereziki hunkigarriak dira Joxe Mari Arregik agurtzeko idatzitako gutuna eta, Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan, mahai beraren inguruan Iñakiri buruz jarduteko eseri genituen Juan Ignacio Larreak (Arantzazuko goardianoa), Manex Beristainek (Iñakiren iloba) eta Alazne Guridik eta Jose Ramon Belokik (Iñakiren lagun minak biak) izandako elkarrizketa.
Argitalpen xalo bat baino askoz ere gehiago zor diogu Iñakiri guztiok Arantzazun, baina balio dezala jakin dezan, eskatu zigun bezala, Arantzazu maitatzen jarraituko dugula haren hutsunearen errautsetatik. Goian bego.