Arantzazuko komentuaOñati herria Euskal Herriko Gipuzkoa probintziaren hegoaldean dago. Herri horrek 10.781 bizilagun zituen 2001eko erroldan. Bere 108,22 km2-ko udal mugape zabalean nahiko modu orekatuan banatuak dauzka landa mundua (nekazaritza eta abelazkuntza, basoak, larreak) eta industria mundua (altzairuak, pilak, aldamioak eta enkofratuak). Hirigunetik 9 km-ra Arantzazu auzoa dago, eta bertan izen bereko frantziskotarren komentua eta Andre Mariaren Santutegia daude.

Jadanik 1501eko urtea baino lehenagotik arduratzen ziren frantziskotarrak Santutegi horretaz. Historia erlijioso eta kultural aipagarri baten ondoren (XVI-XVIII. mendeak), sugarretan suntsituta geratu ziren bai komentua eta bai Santutegia Rodil jeneral liberalaren aginduz (1834an). Esklaustrazioarekin (1840) etxe erlijiosoak legez itxiarazi zituztenean, frantziskotar ohiak arduratu ziren beraz kapilau modura (1847-1878), harik eta 1878an talde hori berriro komunitate erlijioso gisa eratu zen arte.

Ondorengo urteetan, ostera, susperraldi indartsua ezagutu zuen ostera pastoralgintzak bai Santutegian eta bai Euskal Herri osoan, eta biziki ugaritu ziren bertarako erromesaldiak ere. 1886an koroa ezarri zioten Andre Mariaren irudiari, eta 1918an, berriz, Gipuzkoako Zaindari izendatu zuten, beraren abaroan jarriz Euskal Herriko probintzia zibil hau.

Lehengo eraikinak handitu eta berriak jaso (1884-1935), eta Kofradia berria eratu ostean (1917), XX. mendeko garairik distiratsuena ezagutu zuen Santutegiak gerra zibilaz geroztik (1945-1968): basilika berriaren eraikuntza, jubileu-urtea, erromesaldi jendetsuak, ekimen kulturalak, era guztietako pastoralgintza (argitalpenak, predikuak, talde laikoen sorrera, etab.). 1960ko urteetan 172 erlijioso izateraino iritsi zen Arantzazuko anaidia.

Vatikanoko II. kontzilioaren osteko ia berrogei urteetan, lan eskerga egin da itzulpengintzan eta bizitza liturgikoa egungo beharretara, baina bereziki euskarara, moldatzen. Eta egun, berriz, Santutegiko eta inguruko herrietako pastoralgintzan (parrokia mailako zenbait zerbitzu barne), hainbat moja-komunitateri arreta ematen eta komunikabideetan (irratian eta telebistan) parte hartuz jarduten du anaidiak.

2001eko urtean, komentu honetan dagoeneko V. mendeurrena ospatu zuen Arantzazuko frantziskotarren anaidiak, eta horren kariaz, argitalpen bat baino gehiagok gogoratu du bere historia. Eta Santutegiaren inguruneari dagokionez, berriz, eraikuntza eta berritze-lan handiak egin dira, hala nola Gogarte-etxean eta Kultura Topagunea delakoan. 2014ko urtean 31 fraidek osatzen dute Arantzazuko anaidia.

Inprimatu

Bermeoko komentua Bizkaiko Golkoan dagoen arrantzale- eta industria-portu bat da Bermeo. Bertako biztanleria gora-behera handirik gabe baina etengabe hazi da XX. mendean zehar: 9.061 bizilagun zituen, adibidez, 1900ean; 12.517, 1950ean, eta 16.955, 2001ean.

Bermeoko San Frantzisko komentuak historia luzea du herriko bizitzan: fundatu zutenean (1357an) Bizkaiko Jaurerriko lehen gizonezko-komentua izan zen. Eta berrezarri zirenean ere (1859an) bera izan zen Arantzazuko frantziskotar probintziako lehenengoa. Bigarren Esklaustrazioa gertatu zenean (1870ean), ordurako itxia zegoen komentuaz gainera, Bermeok izan zuen Egoitza Apostoliko bat ere 1882ra arte. Komentuari dagokionez, berriz, 1895ean ezarri zen ostera bertan frantziskotarren anaidia. Baina fraideen komentu horretaz gainera Bermeok izan du moja frantziskotarren (klaratarren) monasterio bat ere XX. mendean (1962-2002).

Komentu hau, gainera, apaiztu nahi zuten fraide gazteentzako prestakuntza-etxea ere izan zen 1897-1913 bitarteko urteetan, eta gerora, berriz, lehen mailako irakaskuntzako eskola egon zen bertan zabalik (1919-1974). Frantziskotarren hezitzaile-bokazio hori, baina, garaian garaiko eta behin-behineko premia jakin batzuei erantzuteko izan dela esango genuke, Arrantzako Patroi Eskola ez ofizialarekin (1972-2000) gertatu zen bezala, esate baterako.

Komentu honen pastoralgintza, 1974az geroztik parrokia ere baden bere elizako zerbitzuen inguruan mugitu izan da batik bat; eta gero arduratu izan da Mañuako parrokiaz (1974-1992) eta Muruetakoaz ere (1980-1992). Baina horrez gain jarraitzen du eskualdeko eta, oro har, Bizkaia osoko predikazio-eskeari erantzuten. Azken hiru hamarkadetan, bestalde, zeregin garrantzitsua bete duela esan behar da osasun-pastoralaren eremuan.

Komentu-multzo honetan (elizan, klaustroan eta komentu ohian) berrantolamendu eta birmoldapen sakona egin zen 2000ko urtean, eta Arantzazuko probintziaren zerbitzura dagoen erietxe bihurtu da harrezkero. Baratzea, berriz, Udalari laga zitzaion, inguruko hirigintza-beharrei erantzuteko. Bermeoko anaidiak 18 fraide zituen 2004an, jarduneko anaiak, erretiratuak, zaharrak eta ezinduak barne.

Inprimatu

 

Atotxa Gipuzkoa probintziako hiriburu den eta batik bat turismora, merkataritzara eta kulturara emana dagoen hiri honek 181.900 biztanle zituen 2001eko erroldan. Donostiako frantziskotarren komentua Egia auzoko Duke de Mandas pasealekuan —Atotxa izenez ezagunagoa den tokian— dago.

Gaur egun ikusten den komentua 1923an eraiki zuten, auzo horretan jadanik 1606az geroztik izan zenaren beste baten jarraipen modura. Aurreko hura, frantziskotarrek jadanik XVI. mendean ezartzeko egin zituzten hainbat saioren fruitua izan zen. Frantziskotarren probintziako erretiro-etxea edo errekoletoa —hau da, ordenako erregela modu hertsiagoan betetzen zutenena— izan zen, eta I. Karlistaldian (1836an) tropek erre ondoren fraideek utzi egin behar izan zuten arte iraun zuen. Eta Esklaustrazioa ere jasan zuen.
1923ko fundazioa, frantziskotarrek berriro euskal hiriburuetan ezartzeko egin zuten lehen urratsa izan zen, eta handik berehala (1925ean) Arantzazuko Probintziako ministroaren egoitza izateko izendatu zuten. Nola komentua hala eliza oso bizkor eraiki zituzten, eta 1926an inauguratu bi-biak. Hauek dira bere historiako zedarri nagusiak: eraiki eta lehen garapenekoa (1923-1939); protagonismorik handiena izan zuenekoa pastoralgintzan eta gizarte-bizitzan, Vatikanoko II. kontzilioa arte (1940-1965); eta kontzilio ondorengo garaia, funtsean parrokia-bizitzara mugatu denekoa, komentuaren eliza parrokia izendatu ostean (1965).

Donostiako Atotxako komentuak berez fraide-kopuru apala izan badu ere (15 eta 20 artekoa eskuarki), elkarte-bizitza benetan indartsua izateagatik nabarmendu izan da beti, nola pertsona helduen artean (Hirugarren Ordena, Arantzazuko Kofradia, etab.) hala gazteen artean (Gazteria Antonianoa) eta katekesi mailan (katekista eta neskato-mutiko ugarirekin). Jarduera horiez aparte, Atotxako anaidia betidanik arduratu izan da osasun-pastoralgintzaz ere, Egia auzoan ezarritako hiriko klinika garrantzitsuetan, eta berdin auzo horretako hainbat moja-komunitatez eta horiek eramaten zituzten ikastetxeez ere.

Ohiko pastoralgintzaz (liturgia, sakramentuak eta predikua) eta Probintziako Kuriaren berariazko lanez gain, azken hamarkadetan zenbait fraidek jardun izan du kazetaritzan (San Antonio) eta irakaskuntzan ere, Musika Kontserbatorioko Irakasle eta Euskal Herriko Unibertsitateko Katedradun gisa.

Komentuak oso presente jarraitzen du hiriko bizitzan aipatu parrokia-lan horren bidez, bere zerbitzuak familiei eta erakundeei eskainiz eta era guztietako harremanak mantenduz betidanik ondo hartu duten auzotarrekin.

Atotxako frantziskotarren anaidiak hamalau fraide ditu gaur egun (2004).

Inprimatu

Bilbao-Iralabarri Bilbo hiria, lehen-lehenengo, Bizkaiko hiriburua dugu, eta gero industria, merkataritza eta finantza mailako hiri-aglomerazio zabalago baten burua ere bai, noski. Euskal Herriko hirigunerik handiena da Bilbo (353.078 biztanle 2001ean). Udalerri horren barnean dago Iralabarri auzoa, eta auzo horretan, Paduako San Antonioren frantziskotar komentua.

Komentu hau berez eraikuntza berrikoa izan eta kokapen berri batean badago ere, baziren fraide frantziskotarrak Bilbon jadanik XV. mendeaz geroztik bi komentutan: San Mameskoan (1446) eta Abandoko San Frantziskokoan (1475).

Baina izan dira orobat –eta badaude gaur egun ere– Bilbon beste hainbat erakunde frantziskotar, gizon nahiz emakumeenak, kontenplaziozko bizitza zein bizitza aktiboa daramatenak. XVI-XIX. mendeetan Bilbo izan zen Euskal Herriko hiribururik frantziskotarrena, bertan zegoen anaidi-kopuruaren aldetik begiratuta bederen. 1833-1834ko Esklaustrazioaz geroztik, frantziskotarrak ez ziren itzuli Bilbora 1930era arte, eta Iralabarri auzoan ezarri ziren orduan.

1945ean inauguratu zituzten bertako komentu eta eliza berriak, eta harrezkero jarduera biziki indartsuari eutsi dio etxe honek pastoralgintzan. Hainbat elkarte laiko sortzearekin batera, gizarte-sustrai luzeak lortu ditu komentu honek auzoan, eta modu garrantzitsu batean parte hartu du bertako bizitzan.

Hirugarren Ordena (1933), Antoniotar Gazteria (1934-1975), San Antonioren Jaierazko bazkuna (1938-2000…), San Frantziskoren Kofradia (1948-1967), etab. izan ziren, besteak beste, heldu eta gazteez arduratzeko gizarte-tresnak. Esan beharrik ere ez dago katekesiak ere aipamen berezi bat merezi duela, noski (1931...).

Anaidi hau bereizi izan da gizarte mailako beste hainbat ekimenengatik ere, hala nola San Antonioren Jangela (1954...), Kontsultategia (1968-2000), Itxaropenaren Telefonoa (1968-1993), eta gaur egun Itxaropenaren Ahotsa (1993...).
Arantzazuko Probintziaren eremuan Iralabarriko San Antoniok eman zien aterpea, aldi batean, Pastoralgintzako Prestakuntza Etxeari (1956-1967) eta Teologiakoari ere (1978-1988).

1970eko urteaz geroztik komentuko anaidiaren ardurapean dagoen parrokia da San Antonio eliza, eta, beraz, nola hiriko hala elizbarruti osoko pastoralgintzan txertatua dago gaur egun bere osotasunean. Eta esan dezagun bukatzeko, frantziskotar apostolutza XX. mendeko mundu hiritarrean txertatzeko eredu praktikoaren ezaugarri aski interesgarriak dituela Bilbo-Iralabarriko komentuak.

Hamahiru fraidek osatzen dute gaur egun anaidi hau.

Inprimatu

Forua Forua, bere kutsu argiro erromatarreko izenarekin, Gernikatik hurbil dagoen herri bat dugu. Hain zuzen ere, udalerri horri atxiki zitzaion orain dela urte batzuk (1996an), baina 1987an ostera banandu eta udalerri bilakatu zen. 996 biztanle zituen 2001ean.

Foruan bazen frantziskotarren komentu bat XIX. mendeko Esklaustrazioaren aurretik ere (1719an), Izaro uharteko komentu mitikoaren (1422an eraikiaren) eta garai hartako Erreformen Bizkaiko lehen berme-puntu izan zenaren lekualdatze edo birfundazio baten fruitu gisa.
Gernikatik Bermeorako bidean nahitaez zeharkatu beharreko lekuan dagoenez, XIX. mendeko gerren gorabehera lazgarri guztiak pairatu behar izan zituen, ospitale militar bihurtzeraino iritsiz, 1835ean seguru asko. Eta geroago, berriz, gainerako komentuen destino bera nozitu zuen Esklaustrazio orokorrarekin, nola komentua hala baratzea salduak izan baitziren. Berreraikuntza, berriz (1886an), jatorrizko lekutik urrutirago egin zen, zimendu berriekin.

Forua izenak, Bizkaiko nekazari-munduko sermolari frantziskotarren komentua eta Arantzazuko Probintziako fraidegai txikien prestakuntza-etxea (1930-1968) ekartzen dizkigu batik bat gogora. Sute batek harri-pila bihurtu zuen ikastetxe serafikoa, baina handik gutxira berreraiki eta apaizgaitegi txiki bihurtu zen ostera berriz (1975-1994). Bere historiako bi aldi horietan 1.230 ikasle eduki zituen, eta horietatik 679 nobiziatura pasatu ziren zuzenean.

Ikastetxea itxi ondoren, hainbat gogoeta-talde biltzen eta gizarte-ekimen antolatzen dira bere lokaletan. Azkenik, esan dezagun, Bizkaiko elizbarrutiak frantziskotar anaidi honi esleitu dizkion parrokia eta kultu-etxeez arduratzera mugatzen dela bere egitekoa. Zortzi fraidek osatzen dute anaidia, eta Forua, Ajangiz, Albiz, Errigoiti, Gernika-Lumo, Gorozika, Ibarruri, Mendata, Morga, Murueta eta Muxikako parrokiez erantzuten dute horiek.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba

Iragarkiak

Agenda

al. as. az. og. or. lr. ig.
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
30
31
No hay próximos eventos!