berriak

Eider MendozaAzaroaren 28an etxekoa eta lagun dugun Pello Sarasuak zuzendutako Arantzazu 36 zm, 5 mende, herri 1 dokumentalaren aurkezpen instituzionala izan zen Arantzazun. Aurkezpenera euskal erakundeen eta gizarte eragileen ordezkaritza zabala etorri zen. Ordezkaritza zabal horren adibide, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldunditik: Eider Mendoza, Diputatu nagusia, eta Irune Berasaluze, Gobernantza diputatua; Oñatiko Udaletik: Izaro Elorza, alkatea; Eusko Jaurlaritzatik: Asier Aranbarri, Berrikuntza Sozialaren Zuzendaria... Horiekin batera, laborategiko Aholku Batzordeko ordezkariak ere izan ziren. Dokumentalak Arantzazuko ondare inmateriala jaso eta zabaltzeko egitasmo zabalago baten baitan kokatzen da. Horrela, bi urteko lanaren ostean, Arantzazuko frantziskotarrek herriarekin duten lotura, egindako ekarpenak alor ezberdinetan eta hori beren espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera emateko, 70 minutuko dokumentala ondu da. Arantzazu “ireki” egin da erantzun gaurkotuetara iristeko, beti egin duen bezala, aurrera egiteko, eta ‘Arantzazu Irekita Dago' kontakizunaren markoan, hain zuzen ere, kokatzen da dokumentala.

Aurkezpen instituzionala Pilar Kaltzada kazetariak gidatu zuen. Jarraian Joxemari Arregik —Frantziskotarren probintzialak— eta eider Mendoza andereak —Gipuzkoako Aldundiko diputatu nagusiak— eginiko harrera-hitzak jasoko ditugu. Arantzazu "gu" izaki, ezin ulertu Arantzazu fraiderik gabe, ez eta herririk gabe ere. Jarraian dokumentala ezin hobeto kokatzen duten bi "gu" horien ordezkarien hitzak:


Azken hamarkada hauetan Arantzazu gure herriaren bihotzean dagoela esango nuke. Erdigunean ez dakit, baina jende askoren bihotzean bai. Artea dela, euskara dela, kultura dela, fedearen berritzea eta ospakizunak direla. Ezin ahaztu liturgiaren munduan Arantzazuk bere ekarpen ederra egin duela. Bakearen inguruan hemen egin diren ekintza ugariak eta potoloak ere hor daude. Esango nuke, Arantzazu hor egon dela, eta dagoela, kasi nahi gabe, herri honen bihotzean.

Gaurkoan ez ohikoa den motibo batek ekarri gaitu hona: Arantzazuri buruzko dokumental bat egin da, Arteman-en eta Pello Sarasuaren eskutik, Arantzazulab-ek aginduta, eta ordainduta. Gustura gaude, benetan dokumental interesgarria gertatu delako Arantzazu maite dutenentzat. Esan gabe zeuden gauza asko azaltzen dira dokumentalean: Arantzazuko ondare inmaterialaz ari gara. Horretaz ezer gutxi esan da orain arte, edo behitzat ez da esan behar zen guztia.

Azken finean, zer da Arantzazu dokumental honetan? Nere ustean, Arantzazu barrutik esatea eta adieraztea. Arantzazuri buruz gauza asko esan dira, gehienak egiazkoak. Arantzazura datorren edonork dauka bere ikuspegia, bere sentimendua... Dokumental hau egitea proposatu zigutenean interesgarria iruditu zitzaigun eta gure herri honentzat ona, ze bestela, gu joango gara (gure aurretik beste asko joan diren bezala) eta esan gabeko asko esan gabe gelditzeko arriskua zegoen. Beraz, berriro esango dut, dokumentalak Arantzazu barrutik erakusten du.

Zein da gure ekarpena Arantzazun? Arantzazu, artea, kultura eta euskara uztartzen dituenari buruz asko idatzi da. Oraingoan akaso inoiz esan gabe dauden gauzak esaten dira dokumental honetan. Izan ere, gure barne bizitzaz jarduten gara, gure frantziskotar bokazioa nola eta noiz sortu zen eta gaur egun frantziskotar izateak zein sentidu izan dezakeen. Arantzazuko fraide izatea zer den eta zer ez den... Beti azpimarratzen dugu guretzat Arantzazun oinarrizkoa dena beste asko ahazten duten hori dela. Gu pozik gaude eta eskertuta hemendik pasa diren artistekin. Zorte handia izan dugu beraien ekarpena izugarria delako eta mirestekoa. Artea beti izan da erlijioaren osagarri bat. Arantzazu arteari lotuta dago, baina guretzat, barkatuko didazue hau esatea, Arantzazu Ama Birjina da, ebanjelioa, kristautasuna, frantziskotar ekarpena, anaidia, elkartean sortu eta elkartean bizitzen ikastea, Arantzazu bake-gune bat da, eta horretaz ere jardun behar da dokumental honetan ere.

Badakit egungo kultura honetan gai horiek askotan saihestu egiten direla, baina hori esan gabe, ezin aurrera pasa.

Askotan esan dugu ere Arantzazu ez zela gaur dena izango, herririk gabe. Eta atrebentzia bada ere, beste hau ere erantsi behar dut: herria ere bestelakoa litzateke Arantzazu gabe. Arantzazuk asko zor dio gure herri honi. Nire ustez Arantzazuk herriari egin dion ekarpena zabala izan da. Batzuk ezagunak eta oso aipatuak izan dira: euskara, Villasante, Gandiaga, Pello Zabala, Iñaki Beristain, Paulo Agirrebaltzategi; artea, Saez de Oiza, Laorga, Oteiza, Lucio Muñoz, Nestor Basterretxea, Eulate, Xabier Egaña... Ekarpen ugari eta ona esango nuke, oraindik ez badakit ere hain maila altuko artistak zerk bildu zituen hemen. Hori ere milagro txiki bat izango da.

Baina beste ekarpen hori, gure frantziskotar ekarpena, gure espiritualitatea, Jainkoaren bilaketa, ebanjelioaren edertasuna... horiek dira, besteak beste, guk esan eta zabaldu nahi izan ditugunak hemen gauden 500 urte hauetan.
Arantzazu askok ezagutzen dute, euskaldun gehienok, esango nuke, eta askorentzat Arantzazu erreferentzia da, bilaketaren erreferentzia, giza-bilaketaren erreferentzia, sentiduaren erreferentzia, giza-sentiduaren gose iturriaren erreferentzia, kulturaren eta euskararen erreferentzia, artearen erreferentzia... baina badira oraindik ere beste asko Arantzazu ezagutzen ez dutenak. Eta horregatik Arantzazu dokumentala baliotsua eta interesgarria gerta daiteke. Gaur gizakiok bizi dugun egoera interesgarri bezain korapilatsu honetan agian Arantzazu bidelagun gerta daitekeelako.

Bukatzeko esker hona adierazi nahi nuke lehenik Arantzazulabi eta bere zuzendaria den Naiara Goiari, proiektuan buru belarri sartu den Iñaki Luzarragari, Pello Sarasuari, Artemanekoei, eta dokumentalean parte hartu duten guztiei.

Joxemari Arregi,
Arantzazuko frantziskotar probintzia


Bat nauzue harkaitzekin, bat elorriekin, bat bera Arantzazu den guztiarekin.

Gandiaga

Arantzazu eta frantziskotarrek bat bera osatzen dutela uste dut. Arantzazu ezin da bereizi frantziskotarrengatik. Frantziskotarrak ezin dira bereizi Arantzazurengandik.

Arantzazura etortzen garenean ez dugu soilik paraje zoragarri bat bilatzen, beste zerbait bilatzen dugu. Leku honek arima du, Joxemarik aipatu bezala hemen egindako lan guztia kultur esparruan, musikan, artean, euskararen inguruan... Baina Arantzazu horren gordailu soila dela pentsatzea ez nuke nahi inondik ere. Hemen berrikuntza sustatu da esparru horietan guztietan, berrikuntza sustatu da euskararen arloan, artean, kulturan, musikan; berrikuntza soziala ere sustatu da bakearen esparruan; berrikuntza ere naturaren arloan... Eta Arantzazu horrekin ere identifikatzea nahi nuke.

Hain justu balio horiek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu nahi dituenak, denboran iraun dezaten. Arantzazuk etorkizuna daukalako. Bide horretan Gipuzkoako Aldundiak harkaitz eta elorri izan nahi du. Bidelagun Arantzazurekin, espazio honek eta leku honek etorkizuna daukalako.

Gaurkoan dokumentala ezagutuko dugu. Pello Sarasuak sekulako lana egin du horretan, eskerrik asko. Izan ere, nahiz eta hemen esan den Arantzazu danok ezagutzen dugula, asko eta askok ez du ezagutzen, edo behintzat ez dugu nahikoa ezagutzen Arantzazu barrutik. Eta horren lekukotza da dokumentala. Baina ez, eta berriro diot, eta azpimarratu nahi dut, ondare biltegi bezala, denboran iraun behar duen ekimen bezala baino.

Eskerrak ematea dagokit eta aipatu modura, Gipuzkoako Foru Aldundia bidelagun izango duzue bide honetan. Eskerrik asko zuen lanarekin, hau ezagutzera emateagatik.

Eider Mendoza anderea,
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu nagusia

FaLang translation system by Faboba

Datozen ekintzak

Horixe da Arantzazu: “bila dabiltzan pertsonentzako lekua”, eta honakoa gure eskaintza:

28
uzt.
Dirige: Mikel Hernansanz

18
abu.
Dirige: Cristina Erce

25
abu.
Dirige: Mikel Hernansanz, ofm

20
ira.
Asis Topagunea
Dirige: Izaskun Andonegi

08
aza.
Asis Topagunea
Dirige: Izaskun Andonegi

Arantzazu birtuala

arantzazu360

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.