Arantzazuk, udazken garaian, mikologiaren zaleek nahiz gastronomia maite duten lagunek biziki estimatzen duten jardunaldia antolatzen du. Jardunaldia, urteen joan-etorrian ezagun egin dena eta publiko zabala festa giroan elkartzeko ahalmena erakutsi duena, Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute, eta laguntzaile izango ditu Arantzazuko paraje ederreko Zelai-Zabal, Goiko-Benta, Sindika, Milikua eta Arantzazuko Santutegia Hotela jatetxeak. Ezin duzu galdu!

Arantzazuko Basilikako beirateen egileari, Xavier Álvarez de Eulateri, bere ibilbide artistikoa eta egindako lana omentzea izango da datorren irailaren 15ean, larunbatean, pintura-lehiaketaren xede nagusia. Antolatzaileek, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak, aurten seigarrengoz antolatu dute ekimen hau.

Arantzazuko Basilikako beirateen egile den Xavier Álvarez de Eulateren ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da datorren irailaren 16an, larunbata, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak aurten bosgarrenez antolatu duten pintura-lehiaketako xede nagusia.

“Xavier Álvarez de Eulate” Pintura-Lehiaketako V. ekitaldian nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, hiru kategoria baitaude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoak) eta haurrena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.

Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10.00etatik 12.00etara, eta obrak 16.00etatik 17.00etara entregatu beharko dira leku berean eta sinadurarik gabe. Arte-munduko profesional desberdinez osatutako epaimahaiak erabakiko du nortzuk izango diren irabazleak. Helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma, eta hirugarrenak 400€ eta diploma. Gazteen eta haurren kategorietako lehen eta bigarren irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.

Saritutako koadroak eta lehiaketara aurkeztutako besteak ere ikusgai izango dira urriaren 7tik 29ra bitartean Gandiaga Topagunea kultur zentroan. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan egongo da zabalik 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa izango da.

Izena aurretik eman nahi dutenek Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. posta elektronikora idatz dezakete edota 943-716575 telefono-zenbakira deitu.

Arantzazuko Adiskideak elkartearen eskutik eta Arantzazu Gaur Fundazioa eta Arantzazuko Parketxea laguntzaile izanik, datorren maiatzaren 20an, larunbata, Alex Txikon mendizale bizkaitarra, negu-garaian eta oxigenoaren laguntzarik gabe, Everest mendiko gailurrera iristeko ahaleginean duela hilabete gutxi bizi izandako muturreko esperientziaren gainean mintzatuko da Arantzazun. Hitzaldia, publiko zabalari eskainia, Gandiaga Topagunea kultur zentroan izango da, goizeko 11.00etan.

Santutegiko fraideen hurbilekoa da Txikon, izan ere, maiz etortzen da Arantzazura inguruko mendiek eskaintzen dizkioten erronka berrien bila, etorkizunean beste zenbait ekintza gogoangarri abian jarri ahal izateko entrenamendu gisa balio baitzaizkio. Everest-eko azken espedizioan zela mezu bidez komunikatu ohi zen frantziskotarrekin, eta halakoak kontatzen zizkien: “Haizea jasangaitza zen hegoaldeko mendi-lepoan, 7.950 metrora. Ezin genituen bi pauso baino gehiago eman lurrera erori gabe. […] Beherantz abiatu ginen. Norbu-ri eskatu nion, mesedez, jaitsieran lagundu ziezadan. Azkar mugitu ezean, gure bizitzek beste eszenatoki batera pasatzeko arriskua izango zuten. […] Rapelatzen hasi eta altuera nola galtzen genuen nabaritu nuen, baina ez nuen sudurra sentitzen, ezta eskuak ere. Pentsa, oinak! Gauez iritsi ginen, eta ezin izan nuen negarrik ere egin sentitzen nuen mina zela-eta”.

Nahiz eta Txikon-ek mundu-mailako ospea lortu zuen, besteak beste, 2016an Pakistango Nanga Parbat-eko gailurrera (8.128 m) neguan iritsi zen lehen mendigoizalea izateko meritua egin zuelako, Arantzazuko testigantza ez dago mendizaleei bakarrik eskainia, ezpada gizon grinatsu baten eta haren bizi-esperientziaren gainean jakiteko interesa duten lagun guztiei.

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak, Donostiako Santa Mariako Basilikarekin elkarlanean, apirilaren 25etik uztailaren 25era, Xavier Álvarez de Eulate (1919-2012) frantziskotarrak bere ibilbide artistikoan landutako Paisaiak seriea osatzen duten formatu handiko zein ertaineko zenbait obra ikusgai jarriko dituzte. Lan horietan, Arantzazuko Basilikako beirate koloretsuen egileak, molde figuratiboz zein abstraktuz, “zeru-zatitxo bilakatzeraino poetizatu zuen lurra” erakusketako komisario Edorta Kortadik adierazi bezalaxe. Erakusketa bisitatzeko ordutegia honakoa da: astelehenetik larunbatera, 11.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Arantzazuk, udazken-garaian, mikologiaren zaleek nahiz gastronomia maite duten lagunek biziki estimatzen duten jardunaldia antolatzen du. Larunbat honetan, hain zuzen ere, hartuko du Arantzazuk Mikopoteoari eskainitako ekintza bereziaren bosgarren ekitaldia. Jardunaldia, urteen joan-etorrian ezagun egin dena eta publiko zabala festa-giroan elkartzeko ahalmena erakutsi duena, Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Parketxeak antolatu dute, eta laguntzaile izango ditu Arantzazuko paraje ederreko Zelai-Zabal, Goiko-Benta, Sindika, Milikua eta Arantzazuko Santutegia Hotela jatetxeak.

Jardunaldiari 18.30ean emango zaio hasiera, Gandiaga Topagunea batzar-zentroan, Perretxikoak nola ezberdindu? titulupean, Javier Gómez Urrutia biologo eta mikologo profesionalak eta Ultzamako Mikologia-Parkeko arduradunak eskainiko duen hitzaldi/mahai-inguruarekin. Haren parte-hartzea amaitzean, Arantzazuko jatetxeetako sukaldariek ekitaldi honetarako sortutako mikopintxoak aurkeztuko dituzte, eta xehetasunez jakinaraziko dute nolakoa izan den haien prestaketa-lana.

Aurkezpenak eginda, 19.30eko bueltan eta Gandiaga Topagunean bertan, mikopintxoen dastaketari ekingo zaio Zelai-Zabal jatetxeak sukaldatutako mokaduarekin. Horren ondoren, bertaratuak Arantzazuko gastronomia-zirkuitutik barrena eramango dituen ibilbidea hasiko da, Goiko-Bentatik Arantzazuko Santutegia Hotela arte, Sindika eta Milikua tartean direla. Mikopote bakoitzak 1,5 euroko salneurria izango du, jatetxe bakoitzean.

2015 Ekainaren 6a, larunbata. Doako jardunaldia

Arantzazutik, TAU Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Afrika ikusarazi eta gerturarazi nahi diote gizarteriari, ahalik eta modu zabalenean. Programa honetan prestatutako ekintzen abiapuntu metodologikoak entzutea, ikustea, ezagutzea eta partekatzea da. Modu honetan, hain gertu eta, aldi berean, hain urruti dagoen kontinente hau ezagutu ahalko dugu, eta Europa eta Afrika artean dagoen desberdintasun-egoera aldatzeko borondatea duen kontzientzia soziala areagotu. Zinearen, komunikazioaren eta argazkien bidez, egun batez, Afrikarekiko topaleku bihurtuko da Arantzazu.

Arantzazu, Afrikarekiko topaleku 2015
Gandiaga Topagunea – Arantzazu.
2015 Ekainaren 6a, larunbata. Doako jardunaldia

Igande honetan emango zaio hasiera Arantzazu Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak urtero antolatzen duten Aizkorri-Aratz Parke Naturalean barrena egindako mendi-irteeren programari. Aurtengoa seigarren ekitaldia duen programaren helburua Parke Naturala bera ezagutzera ematea eta mendiko aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzea da.

Aurreko ekitaldietan bezalaxe, apirila eta urria bitartean egingo diren sei irteera tematiko prestatu dira. Ibilaldiak mendian ibiltzeko grina duten mendizale guztiei zuzenduak daude, eta, oro har, igande-goizean egiteko prestatu dira. Azalpenek lagundutako lauzpabost orduko ibilaldi gidatuak dira. Mendi-irteera bakoitzeko helduek 3€ ordaindu beharko dituzte eta 2€ gaztetxoek (6 eta 12 urte artekoak).

Aurtengo lehen mendi-irteeran parte hartu nahi duten lagunek hitzordua dute goizeko 9etan Arrikrutzeko aparkalekuan. Izena emateko 943-782894 telefono-zenbakira deitu edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora idatzi behar da. Bigarren ibilaldia datorren maiatzaren 17an izango da, eta programatutako ibilbidea Belar-Biozkornia da, eta "Ama Birjinaren aulkia" bisitatuko da.

FaLang translation system by Faboba