sorozabal

Bi urteko etenaren ondoren, aurtengo udan, igandetako meza bueltatu da Urbiako ermitara. Aita Lasak eraiki eta bere lagunek gaur arte zaindu duten baselizan, igande eta jai egunetan, 11:30etan, eukaristia ospatuko da uztailean eta abuztuan, ospakizun konpartitua izateko bokazioz.

Pandemiak azpimarratu egin ditu lehendik zetozen joera asko. Nabarmendu egin ditu, eta arrakala txikiak amildegi bihurtu dira batzuetan. 

Oso gauza ezberdinekin gertatu da, tartean, igandetako mezarekin.

Elizak itxi egin ziren konfinamentu garaian; elizkizunak debekatu eta eukaristiak pantallatara pasa. Eta jende asko ohartu zen, astean behin meza entzutera joan gabe ere bizi zitekeela, nahiz betidanik, eta oraindik ere, teorian, kristau bizitzaren ardatz nagusietakoa izan norberaren fedea besteekin, elkartean, konpartitzea. Hitza eta bizitza konektatzea, fedeak esan nahi dituen hainbeste gauza ulertezin, besteen anparoan onartzen saiatzea. Hain gauza oinarrizkoa zergatik bihurtu den ohitura aspergarri, zergatik gaurko munduan bizi den 50 urtetik beherako inork ez duen hitz bat ulertzen meza batean, hori beste kontu bat da.

Parrokiak hustutzeko joera areagotu egin du pandemiak eta elizkizunak gutxitzekoa ere bai. Gero eta apaiz gutxiago dago, gero eta meza gutxiago asteburutan eta elizkizunetan, gero eta jende helduagoa eta urriagoa. Hori da joera, baina jakina da, gauza interesgarriak eta berriak, korronte nagusietatik kanpo gertatzen direla. Urbian, esate baterako.

Bi urteko etenaren ondoren, aurtengo udan, igandetako meza bueltatu da Urbiako ermitara. Aita Lasak eraiki eta bere lagunek gaur arte zaindu duten baselizan, igande eta jai egunetan, 11:30etan, eukaristia ospatuko da uztailean eta abuztuan, ospakizun konpartitua izateko bokazioz. Arantzazuko fraide apaizak hitza ematen die han bildutako guztiei eta hitz lauz gidatzen du eukaristia, denek eta nornahik ulertzeko moduan. Akaso horregatik, uztailaren 17an, Urbiako ermita jendez bete zen, bero zakarreko igandea izan arren. Rafael Azkarateren omenezko meza izateak ere akaso izan zuen zerikusia, baina Urbiako artzainak, mendizaleak, familiak, haurrak eta gazteak, denok kabitu ginen eta askorentzat, aspaldiko sorpresarik onena izan zen. Haize freskoa, giro itogarrian. Irteeran, hurrengo igandeko ebanjelioa eskura partitu zitzaigun guztioi, norberak irakurri eta igandean, elkartean, zer esana eduki ahal izateko.

Berrikuntza periferian gertatzen da gehienetan. Hiriguneetatik kanpo dauden ermita txikietan, adibidez.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.