IMGP6293

Ekainaren 10ean, Arantzazu Afrikarekiko topaleku 2023 jardunaldia ere bazela aprobetxatuz, Arantzazuko Adiskideak elkartearen urteroko Batzar Nagusia izan zen Gandiaga Topagunean, eguerdiko 12:30tan. 22 bazkide bildu ginen bertan.

2022ko Batzar Nagusiko akta aho batez onartu eta gero, iaz izandako jarduerak aurkeztu ziren, labur. Pandemiaren urteak pasa eta gero normaltasunerako urtea izan da 2022a. Elkarrekin Bila proiektuak 8 elkarteetatik etorritako 169 pertsona bildu zituen Arantzazun. Proiektu honek 30.000 euro inguruko aurrekontua du eta Arantzazuko adiskideek 2.000 euroko ekarpena egiten dute.

Barnekotasuna lantzeko bi asteburu antolatu ziren Arantzazun, irailean eta urrian. Ikastaro hauek isiltasuna zuten ardatz. 22 pertsonek hartu zuten parte guztira. Arantzazuko Adiskideek babestu du ekintza, bertan lantzen dena Adiskideen helburuarekin bat datorrelako.
Bestalde, azken urte hauetan bezala, iaz Bidegin elkarteak, Izaskun Andonegiren eskutik, doluaren inguruko tailer bat antolatu zuen udaberrian. 20 pertsona bildu ziren bertara. Gabonetan doluak ekartzen duen sufrimendua arindu eta elkarri indarra emate helburu zuen jardunaldia ere antolatu zuten. Horretara 100 bat pertsona joan ziren. Adiskideek jardunaldi hauek diruz lagundu dituzte.

Arantzazu Afrikarekiko topaleku 2022 jardunaldiari ere pandemiaren ondoren presentzialki berrekin zitzaion. 27 pertsona hurbildu ziren Arantzazura, gehienak Donostia eta Iruñetik. Urteroko egitura jarraitu zuten jardunaldiok: goizean laburmetraia eta hitzaldia, bazkal aurretik argazki-erakusketa gidatua, eta arratsaldean, zine-forum saioa.

2022a ere izan zen Iñaki Beristainen heriotzaren bosgarren urteurrena. Hori dela eta, Iñakiren elizako musika-lanen argitalpen bat egiteko asmoa zegoen. 113 abestiek osatzen dute bilduma eta argitalpenean abestien letra, partitura eta grabazioak sartu nahi dira. Horietako doinu asko Arantzazun bertan sortutakoak dira baina gehienak beste autore batzuenak dira eta horiek identifikatzea eta eskubideak lortzea prozesu luzea izaten ari da. Lortzen diren eskubide guztiak kontuan izanez egingo da publikazioa. Diseinua ere aurreratu xamarra dago eta 2023an amaitzea nahi genuke.

Iñakik ere askotan esaten zuen, "Maitatu Arantzazu", eta horretarako, Arantzazu zaindu egin behar da. Bada boluntario talde bat, hilabetean behin 8-10 bat pertsona biltzen dituena, Arantzazuko inguruak garbitzeko eta txukun mantentzeko, hasi Sindikatik eta lehenengo kapera arteko bidea, Misteriorik oroigarrien dendara arteko bidea, Misterio barrua, Basilika barrua, Kripta de Kamarina ere. Talde horrek egiten duen lana ezin da dirutan zehaztu, ilusioz gainezka egiten duten zaintza lan hori ezin ordaindu!

Zaintza eta mantentze-lan horien ildotik, dendaren aurreko eserlekuaren konponketa, aurreko urtetik programatua baina egin gabea oraindik, 2023an gauzatu ahal izango da. Gauza bera eserleku horren ondoan dagoen seinaletika kartelarekin. Berritze lan hauek egiteko Adiskideek guztira 5.100 €-kin lagunduko dute.

2023. urterako, Elkarrekin Bila proiektua, Barnakotasunaren eta doluaren tailerrak eta Arantzazu Afrikarekiko topaleku jardunaldia diruz lagunduko dira. Gainera, Parketxeak sustatutako jardunaldi mikologikoa eta mendi irteerak eta haurren pintura-tailerra berreskuratzeko aukera aztertzea erabaki zen. Hurrengo tailerra X. Egañaren pinturen inguruan izango litzateke.

Adiskideen Batzordearen antolaketa dela eta, Joxe Mari Ulazia Ibarzabalen lekua Malen Imazek hartuko du. Dinamizazio lanetan Pello Sarasua ari da Maider Agirreren ordez maiatzetik aurrera.

Gauzak horrela, 2022ko balantzea honakoa izan zen: aurrekontua 48.000 €-koa izan zen, eta 38.132 € gastatu ziren. Kontuan izen, Iñakiren elizako musika-lanen argitalpena eta santutegiaren inguruko hainbat konponketaeta berritze-lan 2023an egingo direla, nahiz eta 2022rako aurreikusi ziren.

Bestalde, dakizuen bezala, Arantzazuko Adiskideak elkartearen bazkide izatearen kuota barruan Arantzazu aldizkariaren harpidetza sartzen da (2009. urteaz geroztik). Garai hartan aldizkariak 18 € balio zituen, eta egun, 25. Azken urte hauetan, gainera, IPCa %30a igo da. Elkartearen gastu finkoak, horrenbestez igo egin dira, eta bazkideen ekarpena jaitsi (bajak altak baino gehiago baitira). Horrek bazkide bakoitzak egiten duen ekarpenaren igoera planteatu arazi du. Proposamena aho batez onartu da. Gutun bat bidaliko zaie bazkideei honen guztiaren berri emanez.

Ikusten den bezala erabaki garrantzitsuak hartu ziren, aho batez eta giro ederrean.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.