Pepe laguna Matute

Asisko Espirituaren egunean (urriak 28) José Laguna Matute teologoa eta musikoa gonbidatu zuten Arantzazura zaintzari buruz hitz egitera. Hitzaldiaren izenburua: "El cuidado samaritano. Los lugares del cuidado". Hitzaldia Gandiaga Topagunean izan zen. 100dik gora lagun bildu ginen bertan (bazkaltzeko 110 pertsonek eman zuten izena). Eta gehienbat Iruñetik, Zarauztik eta Gernikatik etorri zen jendea. Urtero bezala, leial, eta badira jada 35 urte!

Jardunaldiaren egitura urterokoa izan zen. Lehenik hitzaldia, gero patxadaz basilika jaitsi eta 12:30tan bakearen eta elkartasunaren inguruko ospakizun xumea izan zen, Asisko Frantziskoren idatziak eredutzat hartuz. 13:30tan bazkaria Arantzazu Hotelean.
José Lagunak, Pepek, esan bezala, zaintzari buruz hitz egin zuen. Bere ustetan zaintza eta zaurgarritasunaren inguruan paradigma-aldaketa bat bizi dugu egun.

Guztiok gara zaintzaren seme-alabak norbaitek zaindu gaituelako baikaude hemen, bizirik. Laudato Si' entziklikan 44 aldiz agertzen da zaintza hitza, zaindu dezagun guztiona den etxea... 2021ean "Zaintzaren kultura bakearen bide modura" lelopean hasi zuen Aita Santuak Bakeari buruzko jardunaldia. Frateli tutti Entziklikan zaintzari espazio politiko bat ematen zaio... Horiek guztiak zaintzaren zentralitatea aldarrikatzeko. Edo elkar zaintzen dugu eta ingurunea, edo eta akabo.

Hitz handi guztiekin gertatzen den bezala, zaintzarekin ere guztiok uste dugu gauza berataz ari garela. Eta agian ez da horrela. Zaintzaren esanahia, bere hitzetan, multidimentsionala da. Horregatik, hitzaldian Pepek hiru geldialdi dituen ibilaldia proposatu zuen, zaintzak benetan zer esan nahi duen zedarritzeko.

Lehengo geldialdia: norberak egin beharreko bidea: ez gara autosufizienteak... zaurgarriak gara, eta horrenbestez, elkarren mendekoak. Da Vinciren Vitruvio-eredua. Olinpiadak... Gizaki perfektua, gero eta azkarrago, gero eta indartsuago, gero eta... Bikaintasunak definitzen gaitu? Hiru zauri ditugu, maitasunaren zauria, heriotzarena eta bizitzarena. Gorputza daukagu, gorputza dugu. Gorputz gara, eta horrexegatik, zaurgarriak. Zaurgarritasunak definitzen gaitu, berdintzen.

Bigarren geldialdia: nola harremantzen gara? Buruaskeak garela uste badugu, bestearen beharrik ez dugula uste badugu, ez dugu ardurarik. Hitzarmena nagusitzen da, eredu horretan nire askatasuna zurea hasten den horretan bukatzen baita. Paktuak gure independentzia bermatzen du, elkarren mendekoak garela ahaztuz. Hartu-emanaren logika merkantilista. Indibidualismotik elkarren arteko mendekotasunera pasa behar dugu. Horrela zaintza ez hartu emantzat dagoen zerbait bezala, edo eta zor diguten zerbait bezala. Zaintza beharrezkoa da, elkar-mendekoak garelako. Zaintza sareak sostengatzen gaitu, elkar sostengatzen gara.

Hirugarren geldialdia: zaintzak gure espazio publikoen konfigurazioan hartu behar du parte. Zaintzak halako garrantzia badu, eremu pribatutik eremu publikora pasa beharko luke. Etxeetatik kalera, plazara. Domusetik, polisera. Lan produktiboak ez du aintzat hartzen hura posible egiten duen zaintza. Lanak zaintza baino garrantzia handiagoa duela uste dugu. Eta hori arazo bat da. "La abuela que cuida al hijo de la madre que migró para cuidar a la hija de la madre que salió a trabajar, ESTÁ CANSADA!". Zaintza botere harreman asimetriko batean oinarritzen da (ahal duenak behar duena laguntzea). Desoreka hori demokratizatu egin behar simetria bilatu: zaindu eta zaindua izan. Guztiok horren eskubidea. Zaintzak eztabaida politikoan sartu beharko luke. Zaintzarako espazio horiek bermatu beharko lituzke politikak.

Bukatzeko, Vitruvioren gizaki perfektuaren eredua alde batera uztea proposatu zuen Pepek, eta haren ordez Benjaminaren eredua hartu. Atapuerkako aztarnategian etengabe zaintza behar izan zuen 10 urteko neskatila baten burezurra topatu zuten. Zaintzarik gabe ez zituen 10 urte beteko. Benjaminaren historia da hori. Zibilizazioa hor hasten da: zaintzen duen gizartean.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.