Fundazioa


Oskarbi Taldeak kantaldi berezia eskainiko du Arantzazun Jorge Oteiza eta Bitoriano Gandiaga gogoratzeko xedez. Eskultorearen ibilbide artistikoa omentzeko ere baliatuko du hitzordua talde gipuzkoarrak. ‘Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara’ izenburupean, doako kontzertua urriaren 12an (18:00etan) izango da Gandiaga Topaguneko areto nagusian. Kantu emanaldiak Orioko eskultoreak duela 50 urte bukatu zuen proiektu eskultorikoaren mende erdiko ospakizun programarekin bat egingo du. ‘Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969’ izenburupean garatzen ari den egitaraua, Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek prestatu dute.
1966. urtean sortua, Oskarbi ‘Ez Dok Amairu’ mugimenduko kide izandako taldea da. Datorren hilean 53 urte beteko ditu, batetik, aintzinako euskal kantu herrikoiak biltzen, egokitzen eta zabaltzen; eta bestetik, kantu berriak sortzen Oskarbiren faktorian. Ehunka emanaldi eskaini ditu urte hauetan guztietan. Arantzazun, hain zuzen, Bitoriano Gandiaga zenaren omenezko mezan parte hartu zuen talde pasaitarrak. Erabateko kontzertu izaera duen ekitaldirik, ordea, ez du inoiz Arantzazun egin. Gandiaga Topagunekoa, beraz, lehen aldia izango da. Baina Arantzazurekin edukitako zeharkako harremana, nolabait, biribiltzeko asmoa ere badu emanaldiak. Izan ere, Santutegiko historian, zein Arantzazuko Frantziskotarren Probintzian, garrantzi handia izan duten Bitoriano Gandiaga frantziskotarraren eta Jorge Oteizaren eragina izan baitu taldeak.
Oskarbik biekin lan egin du. Jorge Oteizak, adibidez, taldearen ikurra eta lehen disko txikiaren azala (1969) egin zizkion taldeari. Zirkuluen eta kulturen inguruko teorian oinarritu zen Oskarbiren logotipoa egiterako garaian. Halaber, Eskutari (1972) laneko azalaren egile ere izan zen Oteiza, Felix Garridorekin batera. Taldearen hirugarren diskoa izan zen horretan, gainera, Bitoriano Gandiagaren poema bat abesti bilakatu zuten, ‘Bai, bai, baina gero ez’ izenburupean. Halaber, olerkari frantziskotarrak 3 olerki prestatu zizkion berariaz Oskarbiri.
Kontzertua euskara hutsean izango da eta sarrera doakoa izango da. Baina leku mugatuak daudenez, etorriko direnen baieztapena eskatzen dizuegu. Izen-ematea 943 71 65 75 telefono zenbakira deituz egin daiteke, edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora mezua idatziz.

Kontzertua: ‘Oteizaren hutsunetik, Gandiagaren hitzetara’
Oskarbi Taldea
Ahotsak:
Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Joselu Treku, Iñaki Maritxalar y Carlos Ruiz.
Musika-tresnak:
Gitarra: Iñaki Maritxalar, Akordeoia: Carlos Ruiz, Teklatua: Joana Ortega, Txirula: Gontzal Iñarra, Biolina: Maite Lopez de Arbina.
Egitaraua:

1) Sarrera
-TREBIÑUN DANTZAN. Musika: Carlos Ruiz / Oskarbi. 2019
-KANTU KANTA KANTORE. Hitzak: Joxelu Treku. Musika: Buhaminak / Oskarbi. 2017
-TRINIDADEAK. Hitzak: Herrikoia. Musika: Herrikoia (Sakana) / Oskarbi. 1972 / 2018
2) Oteiza
-HIRU GAUEAN. Hitzak: Jorge Oteiza. Musika: Luis Romero / Oskarbi. 1970 / 2016
-ESKUTARI. Hitzak: Fernando Artola (Bordari). Musika: Luis Romero/ Oskarbi. 1972 / 2003
-ANDROKANTO. Hitzak: Luis Romero. Musika: Luis Romero / Oskarbi. 1975 / 2003
3) Gandiaga
-HITZ URRI BATZUK. Hitzak: Bitoriano Gandiaga. Musika: Luis Romero / Oskarbi. 1975 / 2004
-KUKUAK UMEAK. Hitzak: Gandiaga / Herrikoia. Musika: Iñaki Maritxalar / Oskarbi. 2012
-EZ DAKIT ZERGATIK. Hitzak: Bitoriano Gandiaga. Musika: Luis Romero / Oskarbi. 2004
-BAI BAI BAINA GERO EZ. Hitzak. B. Gandiaga. Musika: L. Romero / Oskarbi. 1972 / 2016
4) Bukaera
-MARIÑELA. Hitzak. J. Kamusarri. Musika: Iñaki Maritxalar / Oskarbi. 2016
-XIRIMIRI. Hitzak: Joxelu Treku. Musika:Iñaki Maritxalar / Oskarbi. 2012
-ZAZPI URTE. Hitzak: Herrikoia / Joxelu Treku. Musika: Herrikoia / Oskarbi. 2016
-MENDIRA NAIZ. Hitzak: Joxelu Treku. Musika: Iñaki Maritxalar / Oskarbi. 2016
 

Arteak eta sormenak bat egingo dute, beste behin ere, Maushaus arkitektura-estudioren eskutik Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegiaren lehen saioa egingo baitute larunbatean (10:30-13:30). ‘Harrizko gorputza, buztinezko arima’ izenburupean, tailerrak bere partaide kopurua beteta du jada, eta honebestez, ekimenak aurreko urteetan antolatutako antzeko lantegien arrakasta errepikatuko du.

Lantegiaren bigarren saioa urriaren 19an egingo dute, eta parte hartu nahi duenak oraindik tokia badu. Izen-ematea telefonoz egin daiteke (943716575 -662181353) eta baita posta elektronikoz ere (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.). Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek elkarlanean prestaturiko ‘Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969’ programaren baitan kokatzen den tailerrak, Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan duela 50 urte gauzatu zuen proiektu eskultorikoa izango du ardatz.

Maushaus estudioko arduradunen harrerak emango dio hasiera saioari, eta Gandiaga Topagunean zabalik dagoen erakusketa ikusita, haurrek basilika bisitatuko dute. Bertan, Pietatea eta apostoluen inguruko azalpen didaktikoak entzungo dituzte. Jarraian, Gandiaga Topagunera itzuliko dira eta teknikaren araberako lan artistikoak sortuko dituzte. Lehendabiziko ariketan, paperarekin gorputz hiberbolikoen collage-a egingo dute; ondoren, buztina erabilita, apostoluen espresio ezberdinak landuko dituzte; eta azkenik, basilikako murrurako egin gabe geratu zen erliebearen planteamenduaren inguruan lan egingo dute. Bukaeran, sortutako artelanak ikusteko gonbita egingo zaie familiartekoei.

Gandiaga Topaguneak, 2019ko irailaren 21ean, oroitzapen-jardunaldia hartuko du Arantzazuko basilikako fatxadan Oteizaren obra jarri zuteneko 50. urteurrenaren harira. Ospakizun berezi horretan zehar, Oteiza eta Arantzazu gai dituzten adituek osatu mahai ingurua izango da, Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruz egingo duen azalpen irakurketarekin batera; eta, guztia osatzeko, Kukai Dantza-ren emanaldia.
Ekitaldia 11:00etan hasiko da Gandiaga Topaguneko ekitaldi aretoan, mahai inguruko partaideak Miguel A. Alonso del Val arkitektoa, Javier Gonzalez de Durana historialaria, Juan Ignacio Larrea frantziskotarra eta “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria” proiektuaren komisario eta Oteiza Museoko kontserbatzaile Elena Martin direla; Jorge Oteizak Arantzazun egin lanaren garrantzia aztertuko dute, une hartako testuinguru kultural, sozial eta politikoarekin batera.
Ondoren (13:00 h), Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruzko azalpen irakurketa bat egingo du, horretan aztertuz bai haren bilakaeraren giltzak bai enkargu horrek Oteizaren ibilbide pertsonal eta artistikoan izan zuen garrantzi eta esangura. Saio hori basilikan bertan izango da, eta Kukai Dantza-ren partaidetza ere izango du, eskultorearekin eta horrek Arantzazurekin izan zuen harremanarekin lotutako pieza batzuk interpretatuko ditu eta.
Saioetarako sarrera librea da, baina toki kopurua mugatuta dago. Beraz, ezinbestekoa da bertaratzea berrestea, irailaren 20a baino lehen betiere, 943-716575 telefono zenbakian edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean.
Ekitaldi hau Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek sustatu duten “Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950- 1969” programaren parte da. Programa hori urtean zehar ari da garatzen, Arantzazuko proiektu artistikoaren garrantzia eta kultur esangura analizatu eta hedatzearren.

Arantzazuko Basilikako beirateen egile den Xavier Álvarez de Eulateren ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da irailaren 14an, larunbata, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatzen duten pintura-lehiaketako xede nagusia. Hitzorduaren 7. ekitaldia berezia izango da. Izan ere, artista frantziskotarraren jaiotzaren mendeurrena baita aurten. Halaber, Jorge Oteizak Arantzazun gauzatutako proiektuaren 50. urteurrenaren harira, eskultore oriotarra eta haren lanak gogoan izango dituzte. Hori dela eta, antolakuntzak 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria' sari berezia sortu du.
'Xavier Álvarez de Eulate' pintura-lehiaketako VII. ekitaldian nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute parte, hiru kategoria baitaude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (16 urte artekoak) eta haurrena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.
Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10.00etatik 12.00etara, eta obrak 16.00etatik 17.00etara entregatu beharko dira leku berean eta sinadurarik gabe. Arte-munduko profesional desberdinez osatutako epaimahaiak erabakiko du nortzuk izango diren irabazleak. Helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma eta hirugarrenak 400€ eta diploma. ''Oteiza eta Arantzazuko estatuaria' sari bereziko garaileak, aldiz, 1.500€ eskuratuko ditu. Bestalde, gazteen eta haurren kategorietako lehen eta bigarren irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.
Saritutako lanak eta epaimahaiak aukeratukoak ikusgai izango dira urriaren 26tik azaroaren 10era bitartean Gandiaga Topagunean. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan egongo da zabalik 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa izango da.
Izena aurretik eman nahi dutenek Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora idatz dezakete edota 943-716575 telefono-zenbakira deitu.

HAURRENTZAKO ARTE-LANTEGIA

NORI ZUZENDUA:
6-12 urte bitarteko haurrei
DATAK:
maiatzak 25 edo ekainak 15, larunbatak
ORDUTEGIA:
10:30-13:30
TOKIA:
"Gandiaga Topagunea" Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa)
PREZIOA:
3€
IZEN-EMATEA:
943716575 - 662181353
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Arantzazu Gaur Fundazioak, Jorge Oteiza Fundazio-Museoarekin elkarlanean, datozen apirilaren 14an eta 28an, larunbatak biak, goizeko 10.30etik 13.30era, haurrei eskainitako arkitektura-lantegi bateko bi saio antolatu ditu berriro ere Arantzazun. Tailerraren helburua da Francisco J. Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek, eta, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Lucio Muñoz, Xavier Álvarez de Eulate eta Xabier Egaña artistek, Arantzazuko Basilika, XX. mendeko monumentu artistiko garrantzitsuenetako bat, gauzatzeko elkarrekin egin zuten lana ezagutzera ematea.

Donostiako Maushaus estudioak emango du lantegia, Arantzazun bertan, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Aurrez, 2011. urtean, gisa honetako beste tailer bat eskaini zuen Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio-Museoan, eta 2013an beste bat, Arantzazuko Santutegian bertan. Izen-ematea egiteko, Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi behar da edo 943 716 575 nahiz 662 181 353 telefono-zenbakietara deitu. Parte-hartzaile bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu.

2015az geroztik diziplina kaligrafikoaren erreferentzia-gune den Arantzazuk hirugarrenez hartuko ditu, Gandiaga Topagunea kultur zentroan, Kaligrafia-Jardunaldiak. Aurreko bi ekitaldiek izan zuten arrakasta dela-eta, “Arantzazu Letraz gunea” antolatzaileak (Arantzazu Gaur Fundazioak Euskal Herriko Unibertsitateko Diseinu Grafikoaren eta Tipografiaren Talde Ikertzaile “Letraz”-ekin sinaturiko kolaborazioko hitzarmenaren ondorioz eratutako proiektua bera) programa osatu du, eta ekintza desberdinak prestatu, eskuzko idazkeraren gainean geroz eta interes handiagoa erakusten duen publikoaren jakin-mina asetzeko asmoz.

Arantzazuko Kaligrafia-Jardunaldien hirugarren ekitaldiak dakarren berrikuntza handiena kaligrafia eta euskal poesia uztartu dituen ekimen berezia eta aurretik inoiz egin gabekoa da, Kaligrafia Arantzazun: idazkera ederraren artea izeneko erakusketan gorpuztu dena. Uztailaren 14an, ostirala, 20.00etan, ateak zabalduko dituen erakusketako bilduma osatzeko, nazioarteko kaligrafiaren hamahiru ordezkari ospetsuenetakoenek eskuz izkiriatu dituzte Salbatore Mitxelenaren Arantzazu: euskal-sinismenaren poema (1949) liburuan jasotako zenbait poema. Testu horiexek izango dira ikusgai, irailaren 17a arte, Gandiaga Topagunea kultur zentroan. Proposamen bikaina eta bakarra da, zinez, izan ere, profesionalek kaligrafiatutako euskarazko poemak aurrenekoz erakutsiko zaizkio publikoari. Bisita-ordutegia honakoa da: larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara, eta igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara. Ikusgai jarritako obra guztiak erakusketa-zentroan salgai izango den argitalpen ederrean jaso dira.

Letra erromatarraren inguruan antolatutako hirugarren Kaligrafia-Jardunaldiei uztailaren 14an emango zaie hasiera, 15.00etan, EHU-ko Diseinu Grafikoko irakasle Leire Fernández-ek eta Eduardo Herrera-k La letra romana, modelo de corrección óptica izenburupean eskainiko duten hitzaldiarekin. Ondoren, 2015ean bezala, Oriol Miró kaligrafo ospetsuaren eskutik kaligrafia-lantegia (Mayúsculas romanas) izango da, bi jardunaldiz. Azken bi ekintza horiek lantegian izena emanda dauden hogei lagunentzat dira bakarrik (orain ez da izena emateko aukerarik).

Patxi Zubizarreta idazlearen “Laranja bat zaborretan” eleberrian oinarritutako errezitaldi piktoriko-musikala hartuko du Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroak azaroaren 19an, larunbata, arratsaldeko 18.00etan. Egilearekin batera izango dira Felipe Barandiaran, esatari lanetan, eta Mintxo Cemillán marrazkilaria eta Pello Ramirez txelo-jotzailea hitzez adierazitakoa beren espresio-bideak baliatuz interpretatzeko.

Egungo errefuxiatuen eta etorkinen auziarekin estu lotua dago Kairon kokatua dagoen “Laranja bat zaborretan” liburuaren argumentua: hiru erlijio desberdinek beren hariak gurutzatzen dituzte, hautsi gabe, protagonisten joan-etorrietan. Liburua abegitasunaren aldeko aldarria da, eta Arantzazuko emanaldiak ikus-entzuleengan espiritu horixe bera piztea bilatuko du, zentzumenen dardarrez.

Euskara hutsean egingo den emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta 120 lagunentzako lekua prestatuko da. Bertaratzeko asmoa dutenek etorriko direla baieztatzea gomendatzen da 943-716575 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora mezua idatziz.

Joxean Artzek (Usurbil, 1939) 70. hamarkadatik gaur egun arte egindako poesia-lanean murgiltzeko bidaia da “Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa”. Mikel Laboaren abesti mitikoen egile delako da, besteak beste, ezaguna Artze. Baina XX. mendeko euskal artista berezienetakoa ere bada, eta baita hainbat alor artistikoetan (literatura, audio-grabazioak edota eszena-ikuskizunak) gauzatutako obra ezezagunagoaren jabea ere.

“Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa” ikus-entzunezko instalazioa da, ordu erdi inguruko iraupena duena, eta bere xedea autorearen azken berrogei urteetako obra ezagutaraztea da haren mundua osatzen duten irudietan, musikan eta hotsetan ikusleak barneratuz. Bideo-instalazioak “Ikimilikiliklik bidekidekaria” ikuskizunari zor dio izena, Joxean eta Jexux Artze-anaiek Mikel Laboarekin batera, 70. hamarkadan, gauzatu zuten esperientzia artistiko aurrerazaleari. Multimedia ikuskizun hark (musika, poesia eta irudia) garaiko kultura-moldea astindu zuen, eta, besteak beste, Veneziako 1976ko Bienalean izan zen ikusgai.

“Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa” zentzuen esperientzia ikusgai izango da Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan, doan, hilaren 12tik 27, honako ordutegian: asteartetik ostiralera, 11.00etatik 14.00etara, eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara.

Egun gutxi gelditzen dira, irailaren 2tik, Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan ikusgai izan den “Arantzazuko arte-lantegia” erakusketa kolektiboa bisitatzeko. Pintura- eta eskultura-bildumak Arantzazun erro sendoak dituzten lau artistaren lanak hartu ditu: Xavier Álvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egaña. Itxiera-jardunaldia igandean izango da, urriaren 16an, eta bertan izango dira Arriola eta Egaña bisitariekin hartu-emana izateko gogoz.

Gogoan izan dezazuen, bisita-ordutegia honakoa da: larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara eta igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara. Interesdunek erakusketako katalogoa Gandiaga Topagunea kultur zentroan bertan eros dezakete.

FaLang translation system by Faboba