Fundazioa

Arantzazuko Basilikako beirateen egile den Xavier Álvarez de Eulateren ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da irailaren 14an, larunbata, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatzen duten pintura-lehiaketako xede nagusia. Hitzorduaren 7. ekitaldia berezia izango da. Izan ere, artista frantziskotarraren jaiotzaren mendeurrena baita aurten. Halaber, Jorge Oteizak Arantzazun gauzatutako proiektuaren 50. urteurrenaren harira, eskultore oriotarra eta haren lanak gogoan izango dituzte. Hori dela eta, antolakuntzak 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria' sari berezia sortu du.
'Xavier Álvarez de Eulate' pintura-lehiaketako VII. ekitaldian nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute parte, hiru kategoria baitaude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (16 urte artekoak) eta haurrena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.
Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10.00etatik 12.00etara, eta obrak 16.00etatik 17.00etara entregatu beharko dira leku berean eta sinadurarik gabe. Arte-munduko profesional desberdinez osatutako epaimahaiak erabakiko du nortzuk izango diren irabazleak. Helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma eta hirugarrenak 400€ eta diploma. ''Oteiza eta Arantzazuko estatuaria' sari bereziko garaileak, aldiz, 1.500€ eskuratuko ditu. Bestalde, gazteen eta haurren kategorietako lehen eta bigarren irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.
Saritutako lanak eta epaimahaiak aukeratukoak ikusgai izango dira urriaren 26tik azaroaren 10era bitartean Gandiaga Topagunean. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan egongo da zabalik 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa izango da.
Izena aurretik eman nahi dutenek Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora idatz dezakete edota 943-716575 telefono-zenbakira deitu.

FaLang translation system by Faboba