Fundazioa

Arteak eta sormenak bat egingo dute, beste behin ere, Maushaus arkitektura-estudioren eskutik Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Izan ere, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegiaren lehen saioa egingo baitute larunbatean (10:30-13:30). ‘Harrizko gorputza, buztinezko arima’ izenburupean, tailerrak bere partaide kopurua beteta du jada, eta honebestez, ekimenak aurreko urteetan antolatutako antzeko lantegien arrakasta errepikatuko du.

Lantegiaren bigarren saioa urriaren 19an egingo dute, eta parte hartu nahi duenak oraindik tokia badu. Izen-ematea telefonoz egin daiteke (943716575 -662181353) eta baita posta elektronikoz ere (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.). Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek elkarlanean prestaturiko ‘Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969’ programaren baitan kokatzen den tailerrak, Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan duela 50 urte gauzatu zuen proiektu eskultorikoa izango du ardatz.

Maushaus estudioko arduradunen harrerak emango dio hasiera saioari, eta Gandiaga Topagunean zabalik dagoen erakusketa ikusita, haurrek basilika bisitatuko dute. Bertan, Pietatea eta apostoluen inguruko azalpen didaktikoak entzungo dituzte. Jarraian, Gandiaga Topagunera itzuliko dira eta teknikaren araberako lan artistikoak sortuko dituzte. Lehendabiziko ariketan, paperarekin gorputz hiberbolikoen collage-a egingo dute; ondoren, buztina erabilita, apostoluen espresio ezberdinak landuko dituzte; eta azkenik, basilikako murrurako egin gabe geratu zen erliebearen planteamenduaren inguruan lan egingo dute. Bukaeran, sortutako artelanak ikusteko gonbita egingo zaie familiartekoei.

FaLang translation system by Faboba