Fundazioa

Irailaren 13an Arantzazuk “Xavier Álvarez de Eulate” Pintura-Lehiaketako bigarren ekitaldia hartu zuen arrakasta handiz. Arantzazuko Adiskideak elkarteak Arantzazu Gaur Fundazioaren laguntzaz antolatutako lehiaketak, hamaika lekutatik iritsitako 26 parte-hartzaile izan zituen helduen kategorian, 31 haurrenean eta bi gazteenean.

Epaimahaiak, Edorta Kortadi arte-kritikoak eta Xabier Egaña, Elena Goñi eta Luis Lascurain pintoreek osatua, lehen saria Erandioko José Miguel Arranz-i eman zion (1.500€), bigarrena Ermuko Jon Idigorasi (750€) eta hirugarrena Arrasateko Eluska Zabalori (400€). Gazteen mailan Bergarako Sara Balentziaga eta Oñatiko Ines Uriarte izan ziren saridunak, eta haurren artean Iruñeko María Manrique eta Nicolás de la Sota. Horiek denek pintura-material sorta bana eskuratu zuten.

Saritutako koadroak, nahiz beste denak, ikusgai izango dira azaroaren 2a arte Gandiaga Topagunea kultur zentroan. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan dago zabalik, 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa da.

Arantzazu Gaur Fundazioak, Arantzazuko Adiskideak elkartearekin elkarlanean, zortzi euskal eskultoreren artelanak biltzen dituen "AMETS-KABI" eskultura-erakusketa antolatu du. Artistok honakoak dira: Ricardo Ugarte, José Ramón Anda, José Zugasti, Iñaki Ruiz de Eguino, Iñigo Arregi, Iñaki Olazabal, Koldobika Jauregi eta Guillermo Olmo. Erakusketako komisario-lanak Xabier Sáenz de Gorbeak egin ditu.

Arantzazuko Basilikako beirateen egile den Xavier Álvarez de Eulateren ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da datorren irailaren 13an, larunbata, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak aurten bigarrenez antolatu duten pintura-lehiaketako xede nagusia.

FaLang translation system by Faboba