Bilbao-Iralabarri Bilbo hiria, lehen-lehenengo, Bizkaiko hiriburua dugu, eta gero industria, merkataritza eta finantza mailako hiri-aglomerazio zabalago baten burua ere bai, noski. Euskal Herriko hirigunerik handiena da Bilbo (353.078 biztanle 2001ean). Udalerri horren barnean dago Iralabarri auzoa, eta auzo horretan, Paduako San Antonioren frantziskotar komentua.

Komentu hau berez eraikuntza berrikoa izan eta kokapen berri batean badago ere, baziren fraide frantziskotarrak Bilbon jadanik XV. mendeaz geroztik bi komentutan: San Mameskoan (1446) eta Abandoko San Frantziskokoan (1475).

Baina izan dira orobat –eta badaude gaur egun ere– Bilbon beste hainbat erakunde frantziskotar, gizon nahiz emakumeenak, kontenplaziozko bizitza zein bizitza aktiboa daramatenak. XVI-XIX. mendeetan Bilbo izan zen Euskal Herriko hiribururik frantziskotarrena, bertan zegoen anaidi-kopuruaren aldetik begiratuta bederen. 1833-1834ko Esklaustrazioaz geroztik, frantziskotarrak ez ziren itzuli Bilbora 1930era arte, eta Iralabarri auzoan ezarri ziren orduan.

1945ean inauguratu zituzten bertako komentu eta eliza berriak, eta harrezkero jarduera biziki indartsuari eutsi dio etxe honek pastoralgintzan. Hainbat elkarte laiko sortzearekin batera, gizarte-sustrai luzeak lortu ditu komentu honek auzoan, eta modu garrantzitsu batean parte hartu du bertako bizitzan.

Hirugarren Ordena (1933), Antoniotar Gazteria (1934-1975), San Antonioren Jaierazko bazkuna (1938-2000…), San Frantziskoren Kofradia (1948-1967), etab. izan ziren, besteak beste, heldu eta gazteez arduratzeko gizarte-tresnak. Esan beharrik ere ez dago katekesiak ere aipamen berezi bat merezi duela, noski (1931...).

Anaidi hau bereizi izan da gizarte mailako beste hainbat ekimenengatik ere, hala nola San Antonioren Jangela (1954...), Kontsultategia (1968-2000), Itxaropenaren Telefonoa (1968-1993), eta gaur egun Itxaropenaren Ahotsa (1993...).
Arantzazuko Probintziaren eremuan Iralabarriko San Antoniok eman zien aterpea, aldi batean, Pastoralgintzako Prestakuntza Etxeari (1956-1967) eta Teologiakoari ere (1978-1988).

1970eko urteaz geroztik komentuko anaidiaren ardurapean dagoen parrokia da San Antonio eliza, eta, beraz, nola hiriko hala elizbarruti osoko pastoralgintzan txertatua dago gaur egun bere osotasunean. Eta esan dezagun bukatzeko, frantziskotar apostolutza XX. mendeko mundu hiritarrean txertatzeko eredu praktikoaren ezaugarri aski interesgarriak dituela Bilbo-Iralabarriko komentuak.

Hamahiru fraidek osatzen dute gaur egun anaidi hau.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.