Iruñea-Iturrama Iruñean, hau da, Nafarroako Erresuma historikoaren hiriburuan, nahiko goiz ezarri ziren frantziskotarrak. Azken hamarkadetan, Nafarroako Foru Erkidegoaren betiko hiriburu izateaz gainera, industrializazio-mugimenduaren ardatz nagusi bihurtu da Iruñea, erresuma ohiko hiri jendetsuenarekin: 190.372 biztanle 2003an.

Frantziskotarren lehenbiziko aztarna dokumentatua klaratarrena da, izan ere 1288a baino lehen ezarri baitziren hemen, klaratarren Italiatik kanpoko lehen monasterioa bezala ezagutzen denean. Fraideak, berriz, San Pedro de Ribasko auzoan ezarri ziren lehenengo, datatzen erraza ez den garai batean, baina ez genuke hanka-sartze handiegirik egingo 1220 inguruan ezarri zirela esango bagenu. 1246an Takonerara (egungo Tres Reyes hotelera) aldatu zirela ageri da dokumentuetan. Eta XVI. mendean ere lekuz aldatu beharrean gertatu ziren berriro; harresi barrura oraingoan, egungo San Frantzisko Plaza eta Eskoletara. Eta harrezkero hortxe eman zituzten beren zerbitzuak, harik eta 1837ko Esklaustrazioak harrapatu zituen arte.

Frantziskotarrak Iruñera —beren komentu propioarekin— hurrena itzuli zirenerako, 1976ko urtea ondo sartua zen, eta Iturrama auzora egin zuten orduan. Anaidi berri honen egiteko nagusia, hasieratik bertatik, auzoko parrokiaren ardura izan da, eta eginkizun horretan eman da ezagutzera bertan. Parrokia bera 1980ko otsailean eraiki zuten, eta berorren jarduera auzoarenari hertsiki lotua egon da. Fraideak auzo horretara etorri zirenean, auzo gaztea zen demografia aldetik, eta kontzilio ondoko kezka eta pastoral-berrikuntzetan oso konprometituak ibili ziren haiek, eliztarren aldetik ere parte-hartze handiarekin parrokiako bizitzan.

Komunitate honek jardun izan du hezkuntza-lanetan ere, frantziskotar izan nahi zuten ikasle gazteak hartuz denboraldi batean (1976-1994).

Gaur egun bost fraidek osatzen dute anaidia, eta komentuko eta parrokiako berariazko zerbitzuez arduratzen da bera.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.