Atotxa Gipuzkoa probintziako hiriburu den eta batik bat turismora, merkataritzara eta kulturara emana dagoen hiri honek 181.900 biztanle zituen 2001eko erroldan. Donostiako frantziskotarren komentua Egia auzoko Duke de Mandas pasealekuan —Atotxa izenez ezagunagoa den tokian— dago.

Gaur egun ikusten den komentua 1923an eraiki zuten, auzo horretan jadanik 1606az geroztik izan zenaren beste baten jarraipen modura. Aurreko hura, frantziskotarrek jadanik XVI. mendean ezartzeko egin zituzten hainbat saioren fruitua izan zen. Frantziskotarren probintziako erretiro-etxea edo errekoletoa —hau da, ordenako erregela modu hertsiagoan betetzen zutenena— izan zen, eta I. Karlistaldian (1836an) tropek erre ondoren fraideek utzi egin behar izan zuten arte iraun zuen. Eta Esklaustrazioa ere jasan zuen.
1923ko fundazioa, frantziskotarrek berriro euskal hiriburuetan ezartzeko egin zuten lehen urratsa izan zen, eta handik berehala (1925ean) Arantzazuko Probintziako ministroaren egoitza izateko izendatu zuten. Nola komentua hala eliza oso bizkor eraiki zituzten, eta 1926an inauguratu bi-biak. Hauek dira bere historiako zedarri nagusiak: eraiki eta lehen garapenekoa (1923-1939); protagonismorik handiena izan zuenekoa pastoralgintzan eta gizarte-bizitzan, Vatikanoko II. kontzilioa arte (1940-1965); eta kontzilio ondorengo garaia, funtsean parrokia-bizitzara mugatu denekoa, komentuaren eliza parrokia izendatu ostean (1965).

Donostiako Atotxako komentuak berez fraide-kopuru apala izan badu ere (15 eta 20 artekoa eskuarki), elkarte-bizitza benetan indartsua izateagatik nabarmendu izan da beti, nola pertsona helduen artean (Hirugarren Ordena, Arantzazuko Kofradia, etab.) hala gazteen artean (Gazteria Antonianoa) eta katekesi mailan (katekista eta neskato-mutiko ugarirekin). Jarduera horiez aparte, Atotxako anaidia betidanik arduratu izan da osasun-pastoralgintzaz ere, Egia auzoan ezarritako hiriko klinika garrantzitsuetan, eta berdin auzo horretako hainbat moja-komunitatez eta horiek eramaten zituzten ikastetxeez ere.

Ohiko pastoralgintzaz (liturgia, sakramentuak eta predikua) eta Probintziako Kuriaren berariazko lanez gain, azken hamarkadetan zenbait fraidek jardun izan du kazetaritzan (San Antonio) eta irakaskuntzan ere, Musika Kontserbatorioko Irakasle eta Euskal Herriko Unibertsitateko Katedradun gisa.

Komentuak oso presente jarraitzen du hiriko bizitzan aipatu parrokia-lan horren bidez, bere zerbitzuak familiei eta erakundeei eskainiz eta era guztietako harremanak mantenduz betidanik ondo hartu duten auzotarrekin.

Atotxako frantziskotarren anaidiak hamalau fraide ditu gaur egun (2004).

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.