basilika

Arantzazuko Basilikako arkitektoek, Francisco Sáenz de Oizak eta Luis Laorgak, hasiera-hasieratik zuten oso argi. Jorge Oteiza nahi zuten eraikinako aurrealdea dekoratzeko eskultore gisa. Erraz konbentzitu zituzten frantziskotarrak eta, lehiaketarik gabe, egin zitzaion enkargua. Oteizaren lanak ez zuen elizetan erabilitako eskultura klasikoarekin zerikusirik, eta berehala sortu ziren kritikak. Donostiako gotzainak, Jaime Font Andreuk, 1953ko amaiera aldean, bere eskultura-estiloa justifikatzeko memoria eskatu zion Oteizari eta frisoko proiektua eta apostoluen zenbait argazki Arantzazuko goardianoari.

Gotzaitegiaren onespenaren zain Arantzazuko tailerrean lanean jarraitu zuen Oteizak 1954ko azaroan debekua iritsi zen arte. Basilikako dekorazioa bertan behera gelditzeko agindua eman zuen Font Andreuk, eta Erromara bidali zituen zirriborroak eta artistak idatzitako memoria azken erabakia bertan hartu zezaten. Eskultoreak maletak egin zituen, eta Arantzazu utzi zuen berri onak azkar etorriko zitzaizkiolakoan. Ordu arte egindako lana, hustutako apostolu batzuk, errepidean botata utzi zituzten. Eta hantxe egon ziren beste hamalau urtez ere. Izan ere, 1955eko udan Erromak Donostiako gotzainak urte bete lehenago hartutako erabakia babestu zuen.

Oteizak debekua onartu zuen, eta ez zen horren kontra saiatu. Baina lur jota zegoen. Javier Álvarez de Eulateri bidali zion gutun batean “benetan goibel” zegoela zioen, eta guztiek “traizio” egin ziotela. Are larriago, “hilik egon nahiko nuke” idatzi zuen.

Urteek aurrera, zenbaitentzat biziki mingarria bihurtu zen Basilikako fatxada hutsik ikustea eta apostoluak errepidean botata jarraitzea. Pixkana hedabideek leku egin zioten beren informazioetan Oteizaren dramari, eta haien bultzadaz abian jarri zen berriz ere Arantzazuko dekorazioaren gaineko debatea. 1964an, Donostiako gotzain berria, Lorenzo Bereziartua, arkitektoekin eta zenbait artistarekin bildu zen, besteak beste, Eduardo Chillidarekin, erabakiren bat hartzeko. Oteizak proposatutakoa zela aukera onena eta bakarra erabaki zuten.

Bi urte igaro ziren Donostiako Elizbarrutiko Komisioak onespena eman zuen arte. Oteiza Arantzazura itzuliko zen bere apostoluak amaitzeko. Baina orduan artistak berak eman zien ezezkoa. Miguel Pelay Orozco lagun minak haren Oteiza: su vida, su obra, su pensamiento, su palabra liburuan kontatu zuen: “Horrenbeste urtez itxaroteak sakon samindu zuen eta ilusoa kendu zion, eta ez zuen Arantzazura itzultzeaz ezer jakin nahi. [...] Jorgek zioen hutsunea, estatuarik ez jartzea, ederragoa eta esanguratsuagoa zela orduan [...] Eta hori gutxi balitz bezala, betirako amaitutzat jo zuen bere eskultura- eta arte-zikloa”.

Ez zuen inork uste Oteizak Arantzazuko lanari berriro ere ekingo zionik. Halere, 1968ko azaroaren 1ean itzuli zen, eta zortzi hilabetetan amaitu zuen obra. 1969ko ekainaren 12tik 17ra Apostoluak frisoan jarri zituzten, eta hil horren 16an Pietatea egiteko harrizko blokeak iritsi zitzaizkion. Urriaren 21ean kokatu zuten fatxadaren goialdean. Horrela bukatu zen “Euskal Herriko Basilika handiaren aurreko paretean nire erlijio- eta bizi-mezua adierazteko aukera; nire bizitza xumeko ohorerik eta zorionik handiena”.

FaLang translation system by Faboba