basilika

“Pobreziaren sinbolo bat frantziskotarren anaidiaren Basilika batentzat egindako lanarekin
lotu nahi izan nuen San Frantziskoren, gizaki ezin miresgarriagoaren, espirituarekin bat egiteko.
Haren Eguzkiaren Kantikaren omenez eguzki-sinbologiako zirkulua erabili nuen”.
EDUARDO CHILLIDA

1954.urtean Arantzazuko Basilikako buruek Eduardo Chillida eskultoreari eman zioten sarrerako ateak egiteko enkargua. Artista nazioarteko sona lortzen hasia zen garai hartan. Horren erakusle da urte horretan bertan Milango Hiru Urtekoan jaso zuen Ohorezko Diploma.

Paristik itzuli berritan eta Europako abangoardiekin harremanetan izan ondoren, Hernanin jarri zuen bizilekua. “Hemen jakin nuen nor nintzen ni. Egun batean, kasualitate hutsez, etxe parean burdinola bat aurkitu nuen, eta mundu ilun, urrutiko eta primitibo hori ezagutu nuen. Mailuaren kolpeez landutako burdina ezagutu nuen”. Orduz geroztik ez zuen burdina sekula alde batera utzi.

Burdin horixe, landu gabekoa eta burdinolaren infernukoa, erabili zuen Arantzazuko Basilikara sartzeko lau ateak egiteko. Beheranzko harmailadia jaitsita, lurraren barruan daude ia. Lur azpiko mundua dakarte ezinbestean gogora. Ateek collage metalikoa osatzen dute akabatu desberdineko txapak elkarren gainean jarrita egin baitzituen. Burdinezko xaflen erritmo horizontalek nahiz bertikalek, batzuk besteen gainean, geometria puruko gunea eratzen dute. Ateak obra soila, arrazionala eta abstraktua dira, eta horietan dauden erreferente bakarrak eguzkiak eta ilargiak dirudite. Elorri-enbor eta gurutze batzuk ere ageri dira.

Ateak egiteko txatarrak eta industria-hondakinak jaso zituen Zumaiako portutik, eta Legazpiko Patricio Echeverriaren metalurgia-enpresatik zenbait xafla. Azken horiek Echeverriaren beraren laguntzaz landu zituen Chillidak, berak aholkatu baitzion non eman mailuaz golpea. Erabilitako materialek frantziskotarren anaidiaren pobrezia eta soiltasuna adierazten dute.

Artistak ez zituen ondoren eskulturak gehituko zitzaizkien ateak egin nahi izan. Ateak beraiek eskulturak izatea nahi zuen. Denak ez ziren dualtasun horrekin jabetu, eta baliteke horregatik izatea bere ateak, beirateekin batera, autoritateen debekua gaindituz arazorik gabe 1955ean amaitu ahal izan ziren dekorazio-lan bakarrak.

FaLang translation system by Faboba