basilika

Arantzazuko Basilika berria eraiki ondoren (1955) dekoratzea besterik ez zen falta: Jorge Oteiza arduratuko zen eskulturaz, Nestor Basterretxea kriptako pinturez, Carlos Pascual de Lara absideaz, Javier Álvarez de Eulate beirateez eta Eduardo Chillida ateez.

Laster etorri zitzaizkien kritikak dekorazioko zenbait artelani elizaren arte klasikoaren arauekin bat egiten ez zutelako. Zentsurak lasai utzi zituen Chillida eta Álvarez de Eulate, eta horrenbestez arazorik gabe amaitu ahal izan zituzten haien lanak. Beste muturrean, Oteizak, Larak eta Basterretxeak justifikazio-memoria eta beren obren zirriborroak aurkeztu behar izan zizkioten Donostiako Gotzainari, Jaime Font Andreuri.

Gotzaitegiak emandako onespenaren zain, artistek Arantzazun lanean jarraitu zuten 1954ko azaroan debekua iritsi zitzaien arte. Font Andreuk Basilikako dekorazioa bertan behera uztea agindu zuen, eta zirriborroak eta memoria Erromara bidali azken erabakia han hartu zezaten. Erantzunaren esperoan artistek Arantzazu utzi zuten. 1955eko udan Erromatik iritsi zitzaizkien berriak honakoak izan ziren: “Arte Sakratuaren begirunea zaintzeaz arduratzen den Pontifize-Komisio honek sakon sentitzen du aurkeztutako proiektuak ezin onartzea”. Donostiako Gotzainak informe hura onartu zuen, egiazki ez zuen debeku-ahalmena egotzi zion, eta berretsi egin zuen urte bete lehenago hartutako erabakia.

Urte asko igaro behar izan ziren dekorazioaren arazoari irtenbidea emateko, eta ez zen batere erraza izan. Oteizaren apostoluak, esaterako, errepidean botata egon ziren hamalau urtez, eta Basterretxeak ez zituen kriptako margoak 1985a arte amaitu. Horiek gutxi balira bezala, debekua eman eta hiru urte geroago Pascual de Lara bat-batean hil zen, eta beste artista bat aukeratzeko beharra izan zuten. Lucio Muñozen absidea 1962an inauguratu zen.

FaLang translation system by Faboba