(Igandeko ebanjelioa: Mt 24, 37-44)

«... Gutxien uste zutenean, uholdea iritsi zen eta denak eraman zituen». Norbaitek mehatxu bezala, kontzientzia bihurritzeko tresnatzat har ditzake hitz hauek. Esan nahi bagenu bezala, ondo portatu behar dela, «nik esan bezala egin behar direla gauzak», hondamendian galdu nahi ez badugu. «Elizaren betiko mehatxu moralak!», esango dizu batek baino gehiagok. Baina, hemen ez dago mehatxurik. Zorionez aspaldi galdu zuen Elizak kontzientziak behar­tzeko boterea. Zorionez!

Baina, Jesusen hitz hauek, erne bizitzeko deiak, badute beren larritasuna. Izan ere, zeinu eta ezaugarri asko dauzkagu gainean, geure biziaz eta gizartearenaz eta izadiarenaz ardura gaitezela eskatuz. Axolagabekeria ez dela ezertarako ona. Axolagabekeriak hondamendia ekarri digula eta ekarriko digula. Beraz, erne bizitzeko garaia iritsi ote den!

Zer ezaugarri, esaten duzu? Bakoitzak geure barruan begiratu behar ditugu lehenengoak. Nola bizi naiz? Zer gizatasun-neurri ematen ari naiz? Zer sentidu daukate gauzek eta gertaerek niretzat? Hainbeste jenderi gainera etorri zaion ezinak eta saminak ez al dit erasaten? Gizartearen gaurko egoerak ez al nau kezkatzen? Nolako zirrara edo zartada ematen didate nire ondoan edo gertuan gertatu zaizkidan heriotza edo gaixoaldiek? Barruan zer nolako bakea edo baretasuna bizi dut? Dena berdin al zait?

Barrutik abiatuta, atera zaitez zeure ingurura. Ez al dizu ezer esaten lanik gabe eta, ondorioz, etxerik gabe geratu direnen zori tristeak? Ez al zaitu barrutik ukitzen eta hunkitzen hainbeste jenderen bizi-ezinak? Axolagabe uzten al zaitu munduan zehar ikusten dugun injustizia eta zapalketa ankerrak? Dena berdin al zait?

Begira izadiari ere. Gertatzen ari diren uholde eta hondamendi handiek ez al digute ezer adierazten? Zer egin dugu eta zer ari gara egiten izadia lumatuz eta txikituz? Nik neure erosotasunari eutsi ezkero, dena berdin zait? Ez ote zaigu iritsi erne prantatzeko ordua!

Fedearen argi eta deiagatik ez bada, gizatasun hutsarengatik, galdera batzuk egiten hasi beharko genuke. Ordua etorri da, garaia etorri da.

Fededunontzat garai egokia da Abendu santua erne jarri eta geure bizitzari astinaldi sakona emateko. Penitentzia sakramentua ospatu, Jainkoaren Hitza aditu eta barne-lan ederrean, geure bizitzari berrialdia opa diogu. Geure barrua, gizartea eta izadia bera ematen ari zaizkigun zeinuei adi jarri behar dugu. Barruko belarriak eta begiak ireki behar ditugu, deiak eta mezuak aditzeko. Geure inguruan guztia mezu bihurtu zaigu, nahiz eta guk ez aditu.

Baina, Abenduak behar adina isiltasun eragingo al digu bizitzan, isiltasunearen giro bilduan, mezuen hitz gordea jasotzeko. Eta, batez ere, Jaunak gure fede apalari ematen dizkion mezu askatzaileak jasotzeko. Mehatxu beharrik ez dago, baina orduari erne jartzeko deia larria da. Beraz, adiskide, orduari erne!

FaLang translation system by Faboba