(Igandeko ebanjelioa: Mt 3, 1-12)

Gaur egun ez ditugu gordinkeriak maite. Erlijio-giroan, nahiko zorrozkeria sufritu izan dugu garai batean, eta gaur gauzak beste era batera nahi ditugu. Amenazuak, hitz ilunak, ikuspegi ezkorrak eta bide itxiak atzean gelditu ziren, zorionez! Gaur kristaukera baikorra, argiemalea, pozgarria bizi nahi dugu. Eta arrazoi dugu hori horrela nahi izatean, arrazoi dugu. Geure eta besteren kontzientziak behar baino gehiago estutu genituen garai hartan. Eta aski da!

Bide eta ikuspegi honetatik, hizkera gozatu dugu, ertzak kamustu ditugu, ilunak argitu ditugu eta gure begirada bakeosoagoa da askoz! Baina, beste galdera bat ere egin beharko genuke beharbada: ez ote dugu sua itzali? Ez ote dugu hitza indargabetu? Ez ote dugu gatzaren barruko pulamentua erabat gezatu? Eta gure kristautasunak ez ote du bere giharrea galdu? Ezertarako baliorik ez duen kristaukera txepel eta goxoa ez ote zaigu geratu esku artean? Batek baino gehiagok hori horrela dela uste du.

Gaur ere suak erre egiten du, alferrik da! Joan Bataiatzailearen irudia latz eta gordin dator gaurko Ebanjelio-zatian. Irudi latza. Latza hitza. Latza salaketa. Gordina, begiz begi botatzen duen begirada zorrotza. Ez du jolasik ametitzen Joanen presentziak. Eta beharbada inoiz baino gordinago eta nabarmenago entzuten da gaur Joanen deia. Erlijioa eta erlijioarekiko harremana nahi adina bigun dezakegu eta bera dezakegu. Baina, badator etortzekoa eta haren aurrean gauzak bere tokira itzuliko dira. Haren aurrean ez dauka tokirik injustiziak, zapalketak, indarkeriak, gezurrak eta antzeko ezerk.

Gaur ere suak erre egiten du! Joanen hitzak, gure arteko zenbait kasutan justu-justura datoz. Eta ez besteen jarrerak salatzeko soilik. Aurrena niri neuri datorkit justu-justura Joanen garrasia. Eta maila pertsonaletik, gizarteko mailara joaten bagara, hor ere gordin entzuten da Joanen garrasia. Gure gizarte honetan jarrera eta jokaera asko dago, Mesiasen etorrera onez jasango ez lukeena. Gizarte honetan sortu ditugun jolas zapal­tzaileak ezin ditzake Mesias askatzaileak inolaz onartu. Abenduan espero dugun eta Eguberritan etorria aitortzen dugun Mesias horrek, epai zorrotza dakar egoera zuzengabeko horien kontra.

Gaur ere suak erre egiten du! Zer sentidu dauka etorkinen kontra egiten dugun indarkeriak? Zer sentidu dauka hesiak jarri eta ateak ixteak?  Zer sentidu dauka torturak eta zapalketak? Zer sentidu dauka, pobreen belarriak kontsumismoaren buila negargarriz mintzeak? Zer sentidu dauka Eguberritan kaleko argiak pizteak, etxe askotan inolako argirik ez bada? Inolako tripako minik gabe ospa ote dezakegu datorren Eguberri, bien bitartean jende asko beharrezkoenaren eskean daukagula jakinik? Eta ez da gauzak ertzeko mugara eramateko kapritxoa!

Gaur ere suak erre egiten du! Gaur ere Eguberri eta Eguberritan datorrena pobreen ahoko garrasi indartsu bihurtzen da! Joanen salaketa gaur ere puri-purian legoke! Gure kristautasunak ez ote du «min» emateko gaitasuna galdu? Ez ote dugu Eguberri gehiegiz domestikatu? Erlijio-bizierari ertzak kamustean, ez ote zaigu Eguberriren eta Mesiasen mezua bera zozotu eta alferrikako bihurtu? Orain ez dugu hitz latzik; baina, ba al dugu hitzik? Orain ez dugu ikuspegi ilunik; baina, ba al dugu inolako ikuspegirik? Ez dugu ematen minik; baina, ematen ote dugu ezer? Gure suak ez du erretzen; gure suak berotzen ote du?

Norbaitek pentsatu baldin badu, garai batekoetara itzultzea eskatzen ari naizela, badauka deskuido ederra! Gauza bat bakarrik esan nahi nuen: ikuspegiak baikor bihurtzea ondo dagoela, oso ondo. Alderdi askatzaileak azpimarratzea ondo dagoela, oso ondo. Baina, kontuz gero!: gaur ere suak erre egiten du!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.