A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jaungoiko gure Aitaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren bakea, maitasuna eta itxaropena, izan bitez zuekin!
Asteroko martxari jarraituz, elkarrengana biltzen gara gaur ere. Igandeko ospakizun festatsua burutu nahi dugu. Jesu Kristoren indarra eta laguntza nahi baititugu aurrera egiteko. Eta hemen, Jesu Kristo berarekin egingo dugu topo. Horrek edertzen digu astea, horrek askatzen bizitza. Jainkoaren hitzak jarriko gaitu egiazko biziera askatuaren bidean.
Ospakizunari ekiteko, has gaitezen Jaunarengana hurbiltzeko geure postura zainduz eta txukunduz, apal-apal.
- Jesus Jauna, gure fede-ahulezia eta guzti, konfiantza osoz gatozkizu: erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, maitasunean nahikoa gorri gabiltzalako: Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, itxaropena kamuts daukagulako: erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Gizon-emakume guztiei dagokie Jauna gorestea: halaxe ikusten genuen lehen irakurgaian. Izan gaitezen gu geurok, munduko gizon-emakume guztien ordezko, esker onezko otoitz honetan. (Prefazioa, igandeetako V.a, 352. or. )
GURE AITA
Apalki, bekatari garelako, baina atrebentziaz eta konfiantza ziurrez, seme garelako, esan diezaiogun Aita Jainkoari.
JAUNARTZERAKOAN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa. Hona seme-alaben mahaira gonbidatzen gaituena. Zorionekoak gu, merezi gabeko mahaira deituak.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Nortzuk izan dira salbamenera deituak? Aukeratu bakar batzuk? Geurekoikeriak hemen ez du ezer askotarako balio. Beste baldintza batzuk nahi lirateke Jainkoaren deia jasotzeko!
2) Erromatarrei egindako Epistolatik irakurtzen jarraitzen dugu gaur ere. Israel herriaren salbazioaz kezkatuta daukagu gaur ere san Paulo. Jesusen federa noiz bilduko ote da Israel herria?!
HERRI-OTOITZA
Senideok: Ebanjelioko emakumeak bezala otoitz egin dezagun, gizon-emakume guztientzat errukia eskatuz. Emakume kanaandarraren fedez egin dezagun otoitz.
• Eliz elkartearen alde:
gizarte honen barnean, guztiekiko errespetua eta maitasuna erakuts ditzan.
• Munduko herri guztien alde; sufritzen ari diren herrien alde:
herrien arteko mugak desegin, eta pertsonarekiko errespetua gero eta sakonagoa izan dadin.
• Sufritzen dutenen alde; Afrikan ebola gaitzez hiltzen ari direnen alde; gure gaixoen alde:
beren sufrimenduan Jesusen salbamena jaso dezaten, eta fededunen hurbiltasuna gozatu.
• Oporretan aurkitzen diren guztien alde:
udaldi hau besteengana hurbiltzeko aukera gerta dakien, pertsona guztiak bihotz handiz onartuz.
• Hemen bilduta gaudenon alde:
elkarrekin bihotz handikoak izaten ikas dezagun, batak bestea den bezala onartuz.
Gizon-emakume guztion Aita, hauxe duzu gure otoitza. Emaguzu eskatu dizuguna, fedean hazi eta sendotu gaitezen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Gaurko liturgiari bihotz handia ikusten zaio. Mugak puskatzera daraman bihotz handia. Jainkoa bihotz handikoa azaldu baitzaigu, eta Jesus ere bai. Eta fededunak ere bihotz handiz jokatu behar luke. Mugak kendu egin behar dira, ez sortu. Gaurko Ebanjelioan Jesusek erakusten duen jarrera, argigarria dugu guretzat gaur bertarako. Israel herriak pixkanaka ikasi zuen atzerritarrei ere ateak irekitzen. Guk ere, gero eta gehiago ikasi behar dugu bihotzeko ateak zabalik eramaten. Mugak ez estutu, zabaldu zabal!
Gaurko gizarteari begira jarrita, ondo baino hobeto datorkio gaurko irakurgaien arnasa. Izan ere, aspaldian ez bezala, gaur esparruak estutzen ari baikara, mugak jartzen. Familia bere baitan itxitako errealitatea ari gara egiten, gero eta sarraila seguruagoz ateak itxirik. Asoziazioak sortzen ditugu, baina asoziazio bakoitzaren nortasun berezia nabarmentzen dugu, ia-ia kasta eta sekta bihurtuz. Arrazakeria gero eta indar handiagoa hartzen ari zaigu gure herri industrializatuetan. Kristauok ere talde gero eta sendo eta finkatuagoak sortu nahi ditugu, etsai sentitzen dugun ingurugiroari aurre egiteko. Hau guztia normala izango da beharbada, nik ez dut ezetzik esango, baina gure fedearen barne-indarra moteltzeko aproposa ere bada!
Jesus ere «Israelgo ardi galduetara» etorria zen, israeldarrengana propio. Baina, emakumearen fedea ikusi duenean, ez dauka inolako eragozpenik emakume paganoari bere salbamena eskaintzeko. Judaismoaren muga estuak apurtzera jotzen du Jesusek: errukia oparien gainetik, pertsona legearen gainetik, fedea arraza eta ideologien gainetik. Gaur hurbiltzen zaion emakumea ez da parametro normaletan sartuko, baina sinetsi egiten du. Eta Jesusek alaba sendatzen dio! Jesusen askatasuna jasotzeko, baldintza bakarra baitago: sinesmena! Emakume hark ez zeukan esperantzarako motiborik eta eskubiderik, ez baitzen judua. Baina fedea, eskubideak baino harutzago doa beti. Fedeak muga guztiak gainditzen ditu. Fedea ez da errenditzen. Egiazko beharretik sortzen den sinesmenak, pobrearen sinesmenak, indar handia du beti. «Erruki zakizkit» horrek barne-su handia darama, itxaropen eta nahi handia!
Eta Jesusek ez daki fedeari kontra egiten. Kuriosoa da: joan zen igandean, Pedroren fedea, Pedro sutsuaren fedea, zalantzan eta balantzan ikusten genuen, olatu batzuengatik. Emakume behartsu honen fedeak ez du, ordea, koloka egiten irainaren aurrean ere: «Ez zaie zakurrei bota behar seme-alaben ogia». Ama horren fede sendoak Jesusen bihotza beratzen du. Jesus errenditu egiten da. «Gerta bekizu». Jesusek ez du beste baldintzarik begiratuko. «Emakume, handia da zure sinestea!». Eta muga guztiak gaindituak, zabalduak, gelditu dira fedearen argitan.
Itun Zaharreko profeta batzuengan ikusten zen aurretik, gero Ebanjelioak ekarriko zuen zabaltasun horren aztarrena. Jainkoak atzerritarrak ere ametitzen ditu bere mendi santuan. Ez zaie barne zintzoa beste baldintzarik jartzen. San Paulok ere hari beretik garamatza bigarren irakurgaian. Juduen sinetsi-ezina guretzat sinesmen-bide gertatu da. Jainkoa zintzoa da, leiala. Ez du begiratzen nor den judu, nor atzerritar. Sinesten duenak, judu izan ala ez, Erreinuko ateak zabalik aurkituko ditu.
Gaur, gure fedea indartzeaz gain, mugak puskatzeko bideak urratu behar ditugu. Egunean egunean muga berriak ezarri nahi dituen gizarte honen barnean, fededunok begirada eta bihotz zabala erakutsi behar ditugu. Tolerantziaren eta besarkadaren eredu izan behar dugu. Hala ere, ez da erraza mugak haustea! Pertsonarekiko errespetuak eskatzen duen begirunez, bata bestearekiko harremana samurtzen eta bideratzen jakin behar dugu. Beldurrak erantzi eta hormak bota egin behar ditugu. Horretarako, kolore eta jite guztien barruan, pertsona bera ikusten eta maitatzen ikasi behar dugu. Hurbildu, elkarrizketa sortu, daukaguna banatu... Ez dugu itxuraren azalean geratu behar, bihotza da garrantzizkoa!
Mugak kentzea ez da errespetua galtzea, pertsonari maitasunaren begirada gozoa eskaintzea baino. Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste auzoan bizi den horrengana hurbiltzea edo berari bisitatxo bat egitea? Pasadizoko agurraz gain, geure beldurrak erantzi eta hurbiltzeak fantasma asko desegiten du! Edo zure lantegian inmigrante batekin lanean ari baldin bazara, zergatik ez begiratu beste postura batean? Inguruko askok ihes egiten diola, bera isila dela... Inportantea izango litzateke berarengana hurbiltzea! Kristauon artean ere, zergatik hitz egin gaizki beste kristau-talde harengatik, gure harikoak ez omen direla-eta? Bihotz estuko jendea gara!
Gaurko Eukaristiak, gu geu ere dohainaren seme-alaba garela erakusten du. Eta horretaz jabetzea oso ona da, besteak estimatzen hasteko! Gure fedeari egin zaion erregalua ikusgarria izan da. Horregatik,
- aurrena, fedea eskertu. Ez da gurea. Emana dugu, dohaina. Merezi gabe emana gainera. Eta horri zor zaion ordain bakarra esker onarena da;
- bigarrenik, fede behartsua izan. Emakume atzerritarrak beharretik erakutsi du bere fede handia. Eta Jesusek ez dio muzin egin!;
- eta, hirugarrenik, fedearen begirada zabaldu. Gure fedeak bihotz on eta handiko izan behar du. Guri ere merezi gabe eta baldintzarik gabe eman baldin bazaigu, zergatik jarri baldintzak besteei?
Orain Eukaristia ospatzera goaz. Guri ez zaizkigu mahaitik erortzen diren ogi-apurrak ematen. Gu mahaikide gara. Fedeari esker Erreinuko mahaian esertzen gara, seme-alabei dagokien duintasun ederrean. Besteak gure mahaira ekartzen ikasteko ez da bide txarra! Ospa dezagun fedearen oinarri den opari mugagabea, opari maitasunezkoa, pertsonaren duintasuna aitortu eta sakontzen duen opari bikaina.