Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
SARRERA ETA AGURRA
Arreba eta anaiok: Bakearen, alaitasunaren eta maitasunaren Jauna, gu askatzera datorren Jauna, beti zuekin!
Eguberriko misterioa ezin gertuago izan. Handik eta hemendik ikusten da egun handi horren hurbila. Eta guk, gaur, Eukaristia ospatzera etorrita, gure bihotza prestatu nahi dugu Jaunari harrera ona egiteko.
Gaur Mariari itsatsiak sentitzen gara bereziki, Jainkoaren Amari lotuak. Hark bere semearen jaiotza itxaro izan zuen bezala, guk ere horrelaxe sakonetik espero dugu Jaun askatzailearen etorrera.
Orain, isilune sakonean, eska diezaiogun Jaunari etor dadila gu berritzera eta Eukaristia ospatzeko presta gaitzala.
- Jesus Jauna, gizon-emakumeon anaia, zure herria indartu eta gure bizitzan bide berria urratzera etorri zara. (Erruki, Jauna).
- Jesus Jauna, itxaro dugun Mesias, behartsuei berriona ematera etorri zara, bihotz zaurituak sendatzera, katigatuei askatasuna aldarrikatzera. (Erruki, Jauna).
- Jesus Jauna, Jainkoaren Semea, gizakion itxaropen guztiak gainezka betetzera etorri zara. (Erruki, Jauna).
Gure bekatuek, haizeak bezala eramaten gintuzten, Jauna. Hala ere, Zu zara gure Aita. Gu, buztina; Zu, gure heltzegile. Zatoz, Jauna, erruki zakizkigu, barka itzazu gure bekatuak eta eraman gaitzazu betiko bizitzara.
PREFAZIOA
Esker onezko otoitz nagusia hastera goaz. Goretsi dezagun gure Jauna, salbatzailearen etorrera espero izan zuten eta espero duten guztiekin batera. Harrera ona egin diezaiogun Mariak bezala, badator eta!
GURE AITA
Itxaropenez, eska dezagun etor dadila guregana Jainkoaren Erreinu ederra.
HONA HEMEN
Hauxe da Jainkoaren Mesias, herri guztiak askatzera datorrena. Zorionekoak bere Erreinuko mahaira deituak.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Aspaldiko profezia entzutera goaz: Jainkoak ondorengoa emango dio David erregeari. Noski, profezia hau Jesu Kristorengan beteko da. Gurutze-Pazkoaren bidez, errege egina izan baita Kristo. Entzun!
2. San Paulok pozik du barrena, Jainkoaren salbazio-asmoa ezagutu baitu. Guk ere pozez beterik ezagutu behar dugu Jainkoaren asmo askatzaile hori, guretzat baita izan.
HERRI-OTOITZA
Gainean ditugun jaion aurrean, sentibera izan gaitezen gizon-emakumeen beharretaz, eta otoitz egiogun Jaunari, [kantatuz:
ZATOZ, JESUS JAUNA!]
• Kristau guztien alde:
datozen jaiotan Jainkoaren eta gizakien gertuago senti daitezen. Egigun otoitz!
• Ezertxo ere ez daukatelako eta ezertxo espero ez dutelako, triste eta hutsik sentitzen direnen alde:
pozik bizitzeko arrazoiak aurki ditzaten ingurukoen maitasunean. Egigun otoitz!
• Gure gizartearen alde:
Eguberritan bakea aurki dezan. Egigun otoitz!
• Sufritzen ari diren guztien alde, gaixo, kartzelaku, zauritu, etsi…; Pakistanen aste honetan gogorkeriaz hildako haur eta helduen alde:
beren sufrimenduan ere Jaunaren eskua gertu ikus dezaten, ingurukoen solidaritatean. Egigun otoitz!
• Gu guztion alde:
egunotan bizi dugun elkarrenganako zorion-desioak, Jaunari harrera on egiteko presta gaitzan. Egigun otoitz!
Zatoz, bai, Jesus Jauna! Mundua zain daukazu, zure hurbiltasunaren beroa nahi du. Piztu iezaiozu bere barnean maitasunaren sua. Jainko eta Errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.
HOMILIA
Senide maiteok: Abenduak, bere ibilbide ederrean, aldaketa dezentea jo du gaurko liturgian. Hain gertu, hain bertan sumatzen da, Abenduan amets egin dugun guztiaren betetzea. Hain gertu, hain bertan!... Gaurko igande honek jartzen baitio abenduari koroa. Eguberri atarian uzten gaitu gaurko ospakizunak. Aro berrien garaia heldu zaigu, senideok!
Eta, begira, gertatzera dihoanaren gertaera, eraiki behar den etxe baten gorabeheran eman zaigu. Dabidek, Israel herri osoaren ordezko bezala, Jainkoari, Jainkoaren Kutxa santuari, etxe bat eraiki nahi dio. Berak bizi duen handitasunaren neurriko bizitokia eman nahi lioke Jainkoari ere. Jainkoaren handi izatea, mundu honetako handi izatetik neurtzen baitugu beti. Dabid eta Israel etxea lasai geldituko lirateke Jainkoari etxea emanda. Jainkoak eman dien guztia ordaindua geratuko litzateke. Dabidek ez luke kontzientzia txarrik izango bere handitasunen erdian.
«Zuk eraiki behar al didazu etxea, nire bizileku izan dadin?». Eta Jainkoak banan-banan, eman dizkion ondasunak kontatzen dizkio Dabidi. Esanez bezala: Errege izendatu zintudanean, ni zurekin egon naizenean etsaiak garbi zenitzan, eta aurrerantzean emango dizkizudan guztiak emango dizkizudanean, nik egin dizut eta nik egingo dizut zuri etxea! Nik egiten dizut zuri etxea! Arazoa ez baita, zuek ni toki egokian jartzea; nik zuek non jarri zaituztedan ulertzea baizik! Jainkoaren ekimena ulertuko bagenu!
Eta, hala, Jainkoak etxea egiten dio Israel herriari, mundu osoari. Maria da etxea! Mariarengan beteko da Jainkoak Dabidi esandakoa. Eta, bide batez, Mariarengan beteko da Dabiden ametsa ere. Jainkoak badu etxea! Gizon-emakumeok badugu etxea! Mariarengan, Elizarengan, Jainkoa gurekin biziko da! Eta Mariarengandik ematen zaigu betirako Errege izango dena. Hark zainduko eta maitatuko du herria. Hark askatuko gaitu. Eta etxea guri Jainkoak berak egiten digula uler dezagun, gizakiaren eraginik gabe sortuko da Jesus! Guri esker onean misterioa ulertzea dagokigu! Jainkoak berak egin du egitekoa! Munduak bakean iraun dezake, Jainkoa beregan baitu.
San Paulok esker on ederra jarri digu ezpainetan bigarren irakurgaian: gauzak horrela eratu eta egin dituen Jainkoari, «jakintsu bakarrari, aintza Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan!». Zer gehiago esan genezake, Eguberriko gertaera betearen aurrean? Berriro ere, geure ordaindu behar kaskarretan hasi? Ez, ez! Harritu eta eskertu!
Horra, adiskideok, horra gertatzera dihoakiguna. Horra gertatu zaiguna. Guk, geure eginbeharrean, Jainkoa gustura eduki nahi genuen. Eta horra, Jainkoak aurrea hartu digu! Izan ere, Eguberri zer da, maitasunean aurrea hartu digun Jainkoaren Egun Berria baizik? Mariak, bere sabel edertuan, Jainkoaren egintza harrigarriak eskaintzen dizkigu. Gaur, gaur ere, Jainkoak aurrea hartzen digu! Eta betidanik ezkutuan egon den misterioa, oraintxe argitzen zaigu, gure fedearen begibistan. Jainkoak bere maitasun neurrigabea hezur-mamiturik aurrean jartzen digula!
Gaur guretzat zer?! Dena geuk egin uste dugunok, geure segurantza, geure zoriona, geure nortasunaren garapena, geure kabuz garatu nahi ditugunok, ez ote dugu ulertuko Jainkoak aurrea hartu digula? Gure nahi txikien bihotzean, Jainkoak bere egintza borobila burutzen du. Eta harez gero, gure segurantzia, gure zoriona, Jainkoak beregandik ematen dizkigu. Eta Jainkoak ez digu tenplu edo bizitoki eder bat eskatzen, Jainkoak ez ditu handikeriak maite, Jainkoak bere bizitoki izateko Mariaren bihotza besterik ez du eskatzen, Joseren fede xumea, gure bihotz ezindua... Eta gure bihotza irekitzeko kapaz bagina, Jainkoak bere askatasunaren betea utziko liguke barnean, mugarik gabe hazi behar duen askatasunaren hazi txikia, geure haragiz egindako hazi gordea! Haziz-haziz, Jainkoaren betetasuna geureganatuko digun dohaina!
Onartzea, Jainkoak egiten diguna onartzea, horixe da Abenduari ipini nahi zaion koroa! Barruko obedientzia hori, esker onez irekitzen den bihotz pobrea! Besterik ez! Gaur ere, geuri ere, ez zaigu besterik eskatzen. Baina ez ote zaigu gertatuko hainbesteri hainbestetan bezala: beste kezka eta ardura batzuk bizi ditugula. Kanpora isuriak bizi garela: hainbeste prestatu behar, hainbeste erosi behar, hainbeste gastatu behar, hainbeste krisi... Horretan dabiltzanak dabiltzala! Zuk, horretan ibiltzeko aukerarik edo gogorik ez baduzu, zaude lasai: poza ez daukazu erosiko diren gauzetan. Zure ahalmena ez duzu erakutsiko zure erosketen neurrian. Jainkoak erosi dizkizu pozetarako behar dituzunak! Jauna zeurekin daukazu, eta aski duzu, zinez nahikoa duzu! Gehiegi ere! Zabal iezaiozu zeure bihotza, den bezalakoa! Aski da!
Oraintxe ere Jauna badatorkigu! Mariarengan gertatu zena oroitzera goaz Eukaristian! Jauna gurekin daukagu. Eukaristia, Jainkoak doan ematen digun etxea gertatuko zaigu! Zer gehiago behar dugu?a