Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Salbatzailearen jaiotza ospatzera elkartu zareten anai-arreba bihotzekoak: Jaunak dakarkigun bakea, maitasuna eta argia, bete-betean zuekin!
Gaurko egunari gauza bakarra datorkio egoki: Jaunaren aintza pozik kantatzea. Gau zorioneko hartan aingeruek Biziaren jaiotza kantatu zuten, eta nola gainera?! Gaur, guk, Jainko gizon eginaren aintza ikustera bildu garenok, guk kantika bera dugu kantagai eta aintza ber-bera ospagai. Bihotz betean kanta dezagun gertatu zaiguna!
(Aintza kantatua)
PREFAZIOA
Une nagusia une hauxe. Jaunaren neurrigabeko maitasuna gogora eta bihotzera ekartzera goaz. Bihotza betean eta aho betean, esker ona eskatzen zaigu. Erne esker onerako!
GURE AITA
Guztiok senidetu gaituen Egun Santu honetan, kanta dezagun anai-arrebon otoitz nagusia.
HONA HEMEN
Hauxe da Jesu Kristo, Jainko gizon egina, Jainko behartsu egina, gu bezalakoa egin den Jainkoa. Zoriontsuak bere erreinuko mahaira gonbidatuok!
IRAKURGAIETARAKO MONIZIOA
Utz dezagun orain Jainkoaren mezua gure bihotzetan sartzen. Fedez, pozez, esker onez entzun dezagun Eguberriko mezua. Jainkoaren maitasuna agertu zaigu gaur. Jaunak berak bisitatu du bere herria. Argia eta bizia dena, gure haragiko egin zaigu!
HERRI-OTOITZA
Jesus gizon-emakume guztiak salbatzeko jaio da. Eguberriko senidetasuna eta bakezko desioa, otoitz bero bihurtu behar ditugu eta bizitza guztirako konpromiso. Dagigun otoitz!
• Guk Eguberriko poza ospatzen dugun bitartean, gizon-emakume asko dabil gerran, indartsuen azpian, gosez, heriotza gertuan ikusiz... Eska diezaiogun Jaunari berak ekarri duen dohainaren bakea.
• Gu elkarrekin biltzen garen bitartean, elkarri senide esanez, elkarte bakarra osatuz, gure herrian, gure auzoetan, gure munduan jende asko dago zokoratua, alkoholaren eta drogaren menpe, gaixo, behar gorrian, beldurrez, zauriturik... Eska diezaiogun Jaunari horientzat guztientzat maitasun betea.
• Gu otoitzera eta fedea ospatzera biltzen garen bitartean, askok eta askok ez dute Jesus ezagutzen baina, hala ere, bakearen eta justiziaren alde borrokan dihardute, giza kontrako situazioak eta armamentuak ezabatu nahiz... Eska diezaiogun Jaunari horientzat mundu berri baten poza.
• Guk gaur pozik kantatzen dugu, elkarte ederra osatuz eta Salbazioaren dohaina jasoz. Eska diezaiogun Jaunari indartu eta argitu dezala gure fedea eta eman diezagula Egun Berria argitzen saiatzeko adorea.
• Eska diezaiogun Jaunari, azkenik, bakoitzak geure bihotzean edo geure familian edo geure herrian ikusten ditugun beharren alde.
Zatoz, bai, Jauna, gaur eta beti gure mundu honetara. Emazkiguzu oparo bakea, maitasuna eta itxaropena. Gu salbatzeko gizon egin den Jesu Kristo gure Jaun beraren bitartez.
HOMILIA
Eguberri etortzen zaigunean, gerta liteke ondoezik eta deseroso sentitzea geure barrua. Ematen du ez daukagula geure inguruan behar bezalako baldintzarik, ospatzen dugun festa ospatzeko.
Eta beharbada ondo etorriko zaigu ondoez hori sentitzea. Askoz txarragoa eta zitalagoa izango litzateke festaren gainetik ganora gabe eta arinki pasatzea. Behin baino gehiagotan pentsatzen dut, gure Eguberrik, gutxienera jota, tripako mina utzi beharko ligukeela ondorio.
Izan ere, gure Eguberri oso zuzenkontrakoa da. Sekulako festa egiten dugu, sekulako zaratak ateratzen ditugu, sekulako kontsumoa bideratzen dugu... eta horrekin guztiarekin zer? Zerbait ospatzen ari gara? Ala, barrutik sortzen ez zaigun poza beste bideren batetik sortu eta lortu nahian gabiltza?
Eguberriri barrua jan diogu eta orain azal hutsa geratu zaigu ospatzeko, ez al da hala? Eta azal hutsaren festak pauso motza du.
«Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten onartu». Eta Eguberriko Jaunari ateak itxi zaizkionean, Eguberri horrek pozaren iturria galtzen du. Eta hortik aurrera, direnak eta bi asma ditzakegu festa sortzeko. Ez alferrik! Iturria ixten denean, ez dago urik.
Nondik letorkioke Eguberriri poza eta festa? Bidea bakarra dela uste dut. Eguberri eskaintzea pobreei. Gure Eguberrik ireki ditzala bere ateak, beharrean dauden guztiek izan dezaten Eguberriko festa. Eguberri guztiengana iristarazten ez dugun bitartean, geuk ere ez dugu Eguberri izango.
Geure ingurura begiratu besterik ez daukagu. Zenbat jende arrazoi desberdinengatik sufritzen eta aurrera egin ezinik! Zenbat jende Eguberriko berotik kanpo, kale gorrian hotzak! Kanpoko hotzetik barruko berora leize handiegia dago, hori festabide izateko.
Jesus ez zen munduan jaio etxeko beroan, mendiko hotzetan baino. Gaur ere Jesus ez da jaioko gure festa beroetan, kale gorriko beharraren altzoan baino. Eta gure etxeetako berotasunak utzi eta kaleko hotzetara bildu beharko dugu, baldin eta Eguberri jatorrizkoa gozatu nahi baldin badugu.
Eguberrik ez du ametitzen duintasunik eza dakarren ezberdintasunik. Eguberrik Jainkoaren seme-alaba izatearen mezua ekarri digu; baina mezu hori guztientzakoa da. Eta guztientzakoa ez den bitartean, Eguberriri bihotza kentzen ari gara.
Zer egin? Gure etxeak pixka bat hoztuko badira ere, ateak ireki. Gure senide-batzarrari zabalera handiagoa eman, gizon-emakume guztiak senidetzat harturik. Gutxiago jan eta edan, prestatuta daukaguna jende gehiagorekin banatzen dugulako. Eguberri, hitz batean, kalean eta kalekoekin ospatu.
Eta horixe beste biderik ez dago, Eguberri guztientzako festa bihurtzea alegia, gure bizitzak benetako poza eta edertasuna senti ditzan. Askoz gehiago ematen du pobre batek diru guztiek baino. Gure etxera askoz alaitasun gehiago ekarriko du kaleko eskale batek, gure soinu eta gabon-kanta guztiek baino. Eguberri zenbat eta zabalagoa, orduan eta alaiagoa izango dela bistako esperientzia da.
Norbaitek hala ez dela uste izango balu, alferrik da eztabaidan hastea. Nahikoa da proba egitea. Esperientziak ez baitira argumentuz demostratzen, esperientzia bera biziaraziz baizik. Eta beharbada, batek aitortu berharko luke, oraindik ere benetako Eguberriren esperientzia bizitzeko daukala.
Aurtengoa izan daiteke lehenengoa. Aurtengo Eguberrik zabal diezaguke gure barrua bete-betean, eta sentiaraz diezaguke Jesusen misterioaren edertasun guzti-guztia. Baina horretarako, gure Eguberrik mugak gainditu beharra dauka, ateak ireki beharra, pozari zabalera berria eman beharra.
Gure Eguberrik denentzakoa beharko luke izan, benetako Eguberri izatekotan. Geure buruari begira, geure ongizateaz kezkaturik, kontsumismoaren atzaparretan inolaz ase ezinik, ez dugu onik izango Eguberritan.
«Harengan zen bizia. Eta bizia gizakien argia zen». Hark egin zigun Eguberri, guri bizia bete-betean emanez. Guk ere halaxe egingo dugu, besteei Eguberri eginez.
Eguberri guztientzat!