liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: ongi etorriak. Bi mila eta hamabosgarren urte berriaren hasieran eska dezagun guztiontzat Jainkoaren bedeinkapena:

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan bitez zuekin.

 

Urte berria hasteak bizitzarako behar ditugun dohain guztien iturrira garamatza, Jesus Haurrarengana. Maria aitortzen dugu Jainkoaren Ama bezala, Mariaren fedetik on guztiak ematen zaizkigula aitortuz.

Gaur, gainera, bakearen eguna ospatzen da munduan zehar eta bakearen alde otoitz egin behar dugu. Bakea egin daiteke eta egingo dugu, Jainkoaren laguntzaz. 

Urte berriaren lehen egunean pozik gorets dezagun Jainkoaren ospea, gizon-emakumeoi bakea eman digun Jainkoaren aintza.

(AINTZA kantatua).

 

PREFAZIOA 

Jakin dezagun esker onekoak izaten. Ireki diezaiogun gure barrua Jainkoaren dohainari. Mariaren Seme Jesusengan agertu zaigun Jainkoaren maitasuna hots egin dezagun.

 

GURE AITA 

«Seme-alaba zaretelako, bere Semearen Espiritua bidali du Jainkoak zuen bihotzetara "Abba! Aitta!" deika ari dena». Jaunartzera hurbildu aurretik, dagiogun seme-alaba bezala otoitz gure Aitari.

 

BAKEA

Jesu Kristo gure Jauna, zuk esana da apostoluei: «Bakea uzten dizuet, nire bakea ematen», isur ezazu zure bakea mundu osoaren gainera eta egin gaitzazu gu bake horren zerbitzari. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona Mariaren sabeletik Salbatzaile eta Bake-iturri datorkigun Jauna. Zoriontsua bakezko mahai honetara deituok!

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Orain entzungo ditugun Itun Zaharreko hitzok, Israelgo apaizek herriari ematen zioten bedeinkazioaren hitzak dira. Urte berriari ilusioz heltzerakoan, otoitz eder askoa izan daiteke.

 

2) Bere Semearen gizakundeaz, Jainkoak bere seme-alaba egin gaitu. Maria laguntzaile ona izan da Jainko Semearen etorreran. Entzun dezagun!

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: bi mila eta hamabosgarren urtearen lehenengo egun honetan otoitz egin dezagun herri eta gizon-emakume guztien alde. Guztientzat eska dezagun Jainkoaren bedeinkazioa, Jainkoaren bakea.

 

Gaur hasten dugun urte honetan, gizadiak bake bidean aurrera egin dezan. Gerrak amaitu eta bakerako ahaleginak sendo daitezen.  

 

Eliza katolikoak eta beste kristau eliza guztiek beren ahalmen guztiak erabil ditzaten gizarteko harremanak gozatzen eta senidetzen.  

 

Gure Euskal Herri honek ere bakearen gozoa gero eta gehiago ezagutu dezan, indarkeria guztiak amai daitezen eta langabetuek eta behartsuek irabazbide egoki bat aurki dezaten. 

 

Otoitz egin dezagun, urtearen hasierak une edo kinka gaizto eta zailean harrapatzen dituenen alde. Gaixoen alde, bakardadean aurkitzen direnen alde, premiaren batek zauritzen dituen guztien alde. Jauna gertuan senti dezaten.

 

Otoitz egin dezagun, azkenik, geure alde, geure senide eta adiskideen alde, gure elkartea osatzen duten guztien alde. Urte berri hau Jainkoaren bedeinkazio gerta dakigun.  

 

Horra, Jauna, gure eskariak. Zure maitasunak zaindu gaitzala bakean eta zorionean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Bi mila eta bederatzigarren urteari hasiera ematean, ez dakit zer sentimenduk eragiten digun barrutik. Ziurtasunik eza, zorte onaren nahia, etsipena, esperantza, adorea, motelaldia..., ez dakit. Gerta daiteke askok eta askok galdetu ere ez egitea urte berriaren aurrean sentitzen duenaz. Gauzak joango dira, gertatu behar duten bezala gertatuko dira...., eta zertarako kezkatu konpondu ezin dugunaz?

 

Hala ere, urte berriaren aurrean jarrera ezberdinak har daitezke. Eta urtea, era batekoa izan edo bestekoa izan, onerako urte izatea lor dezakegu. Ez, noski, guk urtearen ibilbidea alda dezakegulako, ez; baizik gure urtea ondu dezakeen haren eskuetan bizi gaitezkeelako. Aukera hortxe dago: geure ahaleginaren ahalmenen arabera bizi edo Jainkoaren eskuetan bizi. Konfiantzaren gorabehera, alegia.

 

Gaurko liturgiak konfiantzara eraman nahi gaitu, konfiantzaz bizitzera. Lehenengo irakurgaiak esan digunez, konfiantzaz bizitzeko gure egunak eta gauak Jaunaren bedeinkazioaren eskuetan uztea da egin behar duguna. Jainkoak bere hitz mesedekoa esaten badu gure gain, bizi gaitezke bakean, Jaunak dena on bihurtuko baitigu. Horixe da «bedeinkazioak» esan nahi duena, Jaunak dena onerako bihurtzen digula. Eta gertatua gertatu dena onerako baldin badut, zeren beldur izan beharko nuke? Jainkoaren bedeinkazioak ez du gauzen eta gartakarien haria aldatzen, baina beti bere besoetan gauzka, eta dena mesedeko egiten du guretzat, maite gaituelako.

 

Beharbada, egin daitezkeen galdera askoren artean, maitasunaren ziurraz galdetzen dizu zure barruak. Nola jakin Jainkoak dena on bihurtzeraino maite gaituela? Bigarren irakurgaiak, bere laburrean, ziurtasun horren oinarria ematen dizu: «Garaia bete zenean, Jainkoak bere Semea bidali zuen, bere seme-alaba egin gaitzan». Orain, garenak garela, Jainkoak bere seme-alabatzat hartu gaitu eta ez gaitu gaitzaren menpe utziko. Gaitzaren ezaugarriak asko izango ditugu bizitzan, seguru asko; baina, gaitza ez digute gertakariek egiten, geure bihotzeko bakardadeak baizik. Jainkoak bere familiako egin gaitu eta Jainkoa «Aita» egin zaigu. Haren eskutik goazela, ez daukagu zer beldurturik.

 

Nola etorri konfiantza horretara? Zein da maitasunaren ziurtasunaz jabetzeko bidea? Gaurko ebanjelioko pasadizoak bide zidor ederrak eskaintzen dizkigu. Artzainak, inguruko pobreak, jabetu dira gertatu denaz. Jerusalem handia bere eginkizunetan dabil eta ez da ohartu Jainkoaren bisitaz. Pobrezia, barruko apaltasuna, txiki izatearen kontzientzia ezinbestekoak dira Jainkoaren maitasunaz ohartzeko. Gauza gehiegitan gabiltza, sakabanatuta gabiltza, aparretan, eta ez dugu hutsaren lurruna besterik jasotzen. Zarata gehiegi darabilgu, hitz txiki eta isil honen soinu maitalea aditzeko.

 

Begira diezaiogun Mariari han, Belengo kobazuloan edo Nazareteko sukalde txikian. Ikusten zituen guztiok bere bihotzean gordetzen zituen hausnartuz. Mariak izan zuen arazorik bizitzan. Izan zuen ulertu ezinik. Izan zuen barrua apurtu zion berririk. Baina, zer egin zuen? Bere barruan gordetako maitasunaren galbahetik pasa zituen denak. Eta dena, une ilunena ere, Jainkoak erakutsi zion maitasun hartan argitu zitzaion. Mariak ikusi zuena ikusita, konfiantzan bizitzen ikasi zuen. Maitasunaren konfiantzan!

 

Guk ere begira ditzagun geure errealitateak. Pertsonalak, aurrena. Nola gaude? Zer min eta ezintasun bizi ditugu? Zerk kentzen digu bihotzetik baretasuna? Zerk mintzen eta zauritzen gaitu? Hori horrela, bere gordinean bizitzeak ez digu bihotza zimurtu eta tristetu besterik egingo. Pasa Jainkoaren maitasunaren galbahetik. Zaude seguru, urte berria izango da aurtengoa. 

 

Pasa ditzagun maitasunaren galbahetik gure harremanak ere, etxekoak, auzokoak. Hainbeste ulertu ezin gertatzen zaigu elkarren artean. Maitasunaren filtrotik pasata, dena berritu eta ondu egiten da. Harremanen artean, gure herriarenak ekar ditzagun gogora. Bakearen esperoan jartzen gara urte berriaren lehen egunetik. Garai ilunak bizi ditugu, esperantza gutxikoak, tristeak. Hau ere Jainkoaren maitasunaren galbahetik pasa beharko dugu, ondo izatekotan. Jainkoaren maitasunak eman diezaguke bakearen konfiantza. Elkarri konfiantzaz begiratzea ezinbestekoa da bakea egiteko.

 

Mariak eraman gaitzala gaurko ospakizunean eskutik eta ikas dezagula berarengandik konfiantza ederrean bizitzen, dena berria eta dena ona gerta dakigun. Eukaristia honek emango dio bihotza gure konfiantzari.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.