liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaia maiteok: maite gaituen eta bihotz-berritzera deitzen gaituen Jesus Jaunaren grazia eta bakea, zuekin!

 

Jesusen heriotz-piztuerako egunak oso gertuan ditugu. Gaur hamabost, Pazko egun zoriontsua ospatzen ariko gara. 

Gaurko ospaketak, Garizumako bosgarren igande honetan, gure begiak Jesusengan jartzera gonbidatzen gaitu: heriotzaren ilunpetan murgiltzea onartzen du maitasun hutsez, eta hori eginez, bizia ematen digu, gure bihotzak berritzen dizkigu, bere segizioa lotzen gaitu. 

Gaurko ospaketa honek Jesusen bidean sinestera eraman behar gaitu. 

 

Gutxi sinesten dugu, eskas bizi dugu Jesusek sinetsi eta bizi izan zuena. Isilune sakon batean begira dezagun geure barrura, nola bizi garen ikusteko, hurkoak nola tratatzen ditugun begiratzeko. Begiratu, eta eska diezaiogun gure Jaunari, bihotz-berri gaitzala Jesusen bidea egiteko

 

(Kantua edo Aitortzen diot)

 

 

PREFAZIOA

Senideok, eskerrak eman diezazkiogun gure Jainkoari. Berak eman digu bihozberritzeko Garizumaldia, Pazkora egiazko pozez iritsi gaitezen. Berak eman digu Seme gurutziltzatua, munduaren gaitza sendatzeko. Esna gaitezen esker onera!

 

 

GURE AITA

Jesu Kristorekin bat egin eta, Jainkoaren seme-alaba garenez, esan dezagun ausardiaz:

 

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Aurreko igandeetan Israel herriaren iraganeko pausoak begiratu ditugu. Gaur, Jeremias profetaren eskutik, Israel herriaren geroari begiratzen diogu. Jaunaren promesak etorkizuna edertzen baitigu. Jainkoak berak, bere maitasunez, bihotz berria emango digu.

 

2 – Berriro ere Jesu Kristoren bidea dugu aztergai: heriotzeraino leiala izan zelako, orain bizi-iturri dugu.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: Jesusi, lurpean sartu den gari-aleari; Jesusi, gurutzeko heriotzeraino maitatu gaituenari egin behar diogu otoitz. Berak eman duen bizi-fruitu ugaria eska dezagun gizadi osoarentzat. [Erantzungo dugu:

 

KYRIE, ELEISON!]

 

* Giza-bihotzetako samina, gaitza eta gogorkeria, maitasunaren indarrak ken ditzan. 

 

* Etsita bizi direnek Jesu Kristoren argia eta lagunduko dien esku adiskidea aurki ditzaten.

 

* Gizarteko zokoratuek errukiaren besarkada senti dezaten, pozik bizitzeko.

 

* Munduko herrien norabideak bakean eta elkar-bizitzan sendotu eta garatu daitezen.

 

* Gure biziera eta pentsaera egokitu ditzagun, Jesusen pentsaera eta bizierara.

 

Kyrie, eleison! Bai, Jauna, erruki zakizkigu, eta bete gizon-emakume guztien barruak zeure argiaz eta maitasunaz. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: «Iritsi da, Gizonaren Semearen» ordua! «Orain da munduaren auzia». Garizumaren burua harrapatzen dugunean, gure fedeak hurbil sentitzen du Pazkoko ordu nagusia. «Hara, badatoz egunak». Bai, badatoz egunak. Badator, Jaunaren salbamenak betiko harreman berrian lotuko gaituen garai bete eta pozgarria! 

 

Gaurko Ebanjelioak, eta Liturgia guztiak ere hor nonbait, Gurutzeko gertaera betera begira jartzen gaitu. Gari-alearen historia gertatzera dihoa. Jainkoaren Semea heriotzaren lurpean hilko da. Jainkoaren salbamen-borondatea onartuz, menpetasun apalean doa heriotzara. Azkenean biziaren betea hortik sortuko dela sinetsiz. Eta ordu hori gogorra eta mingarria baldin bazaio ere, ez du atzera egingo. «Neke-artean ikasi zuen esaneko izaten». Eta bide honetatik, Jesusen gurutzeko heriotzaren ordu nagusia kontenplatzen dugu. Ordu nagusia, handia, betea.

 

Eta ordu santu horretan, elkargo berriaren orduak joko du. Jainkoak ez du bere herria beti erbestean utziko. Askatasunaren egintza burutzera doa Jainkoa bere herriaren alde. Baina ez da izango askatasun hauskorra, ahula. Elkargo sendoa egin nahi du Jainkoak, herriaren bekatuak berak ere hautsi ezin izango duen erakoa. Jainkoak bere maitasunaren beteko elkargoa egin nahi du. Izan ere, elkargoaren iraupenak herriaren zintzotasuna baldin badu bere neurri, akabo! Ez, Jainkoaren salbamen-gogoa izango du neurri. Elkargo horren ezaugarria ere ez da izango harlosatan idatzitako lege-sorta bat. Giza bihotzean idatziko du Jainkoak bere borondatea. Jainkoaren ezagupena ez zaigu kanpotik etorriko, barrutik baizik. Jainkoaren eta gizakion arteko harremana Jesusen odoletan sinatua geldituko da. Elkargo betiko eta betea!

 

Horregatik kantatu dugu Erantzun-salmoan: «Bihotz garbi bat, Jaun ahaltsu, nere barruan sor ezazu». Jainkoaren elkargora makurtuko den bihotz berria. Jesusen heriotzerainoko maitasuna onartu eta eskertuko duen bihotz berria. Jauna ezagutuko duen bihotz berria. Jesusen erakarpenez, Hari lotua biziko den bihotz zintzoa.

 

Benetan ikusgarria da aurrean daukagun koadroa. Giza eskemak beste behin iraultzen dituen gertaera da. Semea gurutzean. Gari-alea lurpean. Kristo gurutze gainean oihuka bere Aitari. Baina hau guztia, zertarako? «Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregana bilduko ditut guztiak». Eta Jesusek, lur honetako egunetan, bere Aitaren Erreinua adierazi baldin bazuen, oraintxe egingo du gizakien eta Aitaren arteko lotura estua. Orain sortuko da Aitaren Erreinua. Orain mamituko da Jainkoarekiko gure pertenentzia. Jainkoarenak gara. Eta ederra da Jainkoarena izatea. 

 

Hemen, noski, Gurutzearen beste alderdia begiratu behar dugu. Gurutzea ez da gizaki zigortuaren argazkia. Gurutzea ez da Jainkoaren mendekua. Gurutzea ez da heriotza hutsa. Gurutzea «gorespenaren ordua» da. Gurutzea, Jainkoak munduari ematen dion bizi berriaren iturria da. Gurutzea askatasun-ezaugarri bihurtu zaigu. Gurutzean, bere maitasun-asmoa azaldu digun Jainkoaren bihotza daukagu. Betiko salbamen-iturria hasi da gurutzetik askatasunezko eta bizi berrizko ur ederrak ematen. Eta zenbaitentzat zorakeria den arren, zenbaitentzat alferrikako burugabekeria den arren, bizia bokazio duenak ederki sumatzen du Gurutzean gertatu den askatasun apartekoa. Bihotz-berritzearen norabide sakonak Pazkoa aurkitu du gurutzean. Gari-alearena gertatu da beste behin. Bizirako heriotzea.

 

Hau guztia kontenplatzea, barne-gozatzea, ederra da, ederrik baldin bada! Pazkoa kontenplazio-une apartekoa baita. Baina gurutzeak ez ditu gure begiak bakarrik erakarri nahi. Gu geu egokituko ote gatzaizkio Gurutzeko Pazkoari? Ulertuko ote dugu Jesusek heriotzeko hitz maitalez esaten diguna: bizia heriotzetik sortzen dela, alegia? Zerbitzuaren heriotza. Besteen mesedearen zerbitzari izatearen jokalege askatzailea. Gure bizia ematearen portaera bizi-hartzailea. Bihotz-barruan josiko ote zaigu Pazkoko legea: bizia heriotzetik datorrela, alegia? Jesusek latza ikusi zuen Gurutzeko ordua. Guretzat ere latza izango da, izaten da. Baina, ez ditugu gure begiak Pazkoaren bizi berritik aldenduko. Eta aurrera egingo dugu. Bide honi bizia eta zoriona baitario. Zorionbidea da hau. Pazkoaren ordua da.

 

Ez da aukera txarra, pixkanaka gure sufrimendua positiboki integratzen ikasteko. Ederki ikasi dugu gaurko irakurgaietan, sufrimendua integratzeko kakoa maitasunak ematen digula. Jesusen gurutzea maitasunaren argazki ikusgarri geratu zaigu begi-aurrean. Maitasuna gurutzez idazten da harrezkero. Baina, sufrimenduak, maitasunik ez duenean, erremindu dezake. Guk, ordea, eguneroko gure sufrimendu-esperientzia latza, maitasunezko zerbitzu bihurtuko dugu. Eta sufritu behar dugunez, Jesusekin bat eginez sufrituko dugu. Eta maitauna ulertuko dugu!

 

Adiskide estimatuok: gainean dugu, oso bertan, Pazkoko ordu nagusia. Ahoa ez ezik bihotza ere zabalduko digun Pazko-ordua. Bihotz berririk izango al du gure barruak ordu horretarako! Ulertuko al dugu maitasuna! Errendituko ote gara Jaunaren bideetara! Harrapatuko al digu Jaunak gure barrua! Hori izango litzateke ederra! Eta ederra izango da!

 

Edertasun horren aurre-dohaina ematen digu Jaunak Eukaristian. Orduaren lehen soinuak entzungo ditugu hemen. Entregatuaren erakarmen-indarra sumatuko dugu. Esker onezko ordu ederrean Pazkoak jotzen du hemen ere. Ospa dezagun ezaugarrizko Pazko hau, betiko Pazko betea zer den sumatuz. Entregatuaren bihotzeko lurrean hil gaitezen, betiko bizira ernaltzeko. Pazkoaren legea da!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.