liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristoren bideari leial eusteko, Aitak eman digun Espirituak, esperantzaz bete zaitzatela. Senideok, Jauna zuekin.

 

Jesus Jauna bizi da, betiko bizi da, gure artean bizi da. Haurrekin, gazteekin, helduekin, zaharrekin, guztiokin bizi da. Osasuntsu eta gaixoekin bizi da. Eta guztioi bere bidean irautera eragiten digu, bere maitasunaren indarrez, bere bizi-Espirituz.

Horregatik, Jesu Kristoren piztuera ospatzea, bizi berria ospatzea da. Espirituak gidaturik, ospa dezagun gure itxaropen handia.

 

Hasteko, kanta dezagun Pazkoan gertatu zaigun gertaera bikaina. Kanta dezagun eman zaigun poza!

(Aintza)

 

 

PREFAZIOA

Jainkoaren maitasunean sinesten dugulako, bere Espirituaren bitartez gure artean bizirik dagoela dakigulako, eskerrak ematen dizkiogu pozez beterik!

 

GURE AITA

Jesus guregan otoitzean ari dela ohartuz, kanta dezagun fedez berak irakatsi zigun otoitza.

 

HONA HEMEN

Hona Jainkoaren Bildotsa, guregatik bizia emateraino maitatu gaituena. Zoriontsuak beraren mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Berri Onak munduaren bekatua bistan jartzen du. Baina konbertsiorako eta biziberritzeko deia da, pozetarako deia. Berri On hori entzungo diogu Pedrori.

2) Entzutera goazen San Joanen hitzak, Jesu Kristoren segizioan aurrera egiteko deia ditugu, haren maitasun-agindua gordetzeko deia.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesu Kristo berpiztua Aitaren aurrean bitarteko dugula eta Espirituak guregan otoitz dagiela jakinik, eska dezagun gizon-emakume guztien alde.

 

 

Jesus berpiztuaren jarraitzaile guztiok, bakoitzari dagokigun neurrian eta tokian, Jesusen maitasun-agindua bete dezagun.

 

Jesus berpiztuaren maitasun azkenerainokoa nagusitu dadin herri eta agintari guztien barruaz, batasuna eta bakezko bizigiroa sor ditzaten.

 

Otoitz berezia egin dezagun gure Euskal Herriaren alde: bake-bidean aurrera egin dezan, elkartasuna sakonduz.

 

Sufritzen ari diren guztien alde; eta bereziki, ezbeharrez, istripuz, gaixotasunez samina bizi duten guztien alde: Pazkoak itxaropenez jantzi eta poztu ditzan. 

 

Garai honetan bataioa, lehen jaunartzea edo sendotza hartzen duten haur eta gazteen alde: Jesusen maitasuna bizi eta maitasun horretan hazi daitezen pertsona eta kristau bezala.

 

Aita ona, zuk eman dizkiguzu Jesus eta beraren Ebanjelioa. Gure poz betea erakuts dezagula noiznahi eta nonahi. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Pazkoa! Amaitu ezinik ospatzen dugun festa ederra! Pazkoa! Zazpi astez irauten duen alaitasun betea! Mundu guztira Jesus berpiztuaren poza daraman argi dirdaitsua. Ebanjelioaren bihotza ukitzen duen ariketa osasungarria. Pazkoa! Gizon-emakumeon festa-nahia egoki asko asetzen duen musika zoragarria. Bai, Pazkoa!

 

Aurreko igandean irakurri genuenaren jarraipena da gaurko ebanjelio-zatia. Mahatsondoarena gogoan duzue, noski. Mahatsondoak eta mahats-adarrek, aihenek, bizi duten elkartasunak fruitu ugaria sorrarazten du. Aihenen etorkizuna mahatsondoari itsatsirik irautea baita. Jesus Aitarekin elkartua. Gu Jesusekin elkarturik. «Zaudete nire maitasunean». Bat eginda egon. Maitasunaren agindua betez, maitasunean iraun. Gehiegizkoa den maitasun ederrean iraun. Sekula aski bizi ez dugun maitasun ederrean iraun! Maitasuna da Pazkoaren emaitza betea!

 

Pazkoa eta maitasuna iturri beretik sortzen dira: Jainkoaren maitasun neurrigabekotik. Jainkoa maitasuna da. Bera da maitasunaren betea. Bera maitasunean aurrea hartzen diguna. Maitasuna Jainkoaren bihotzetik sortu eta sortzen da. Eta, maitasun hori, bere Semearengan agertu digu. «Jainkoak bere Semea bidali du» lurrera. «Ez da maitasun handiagorik, nork bere bizia adiskideengatik ematea baino». Eta hor, Jainkoaren maitasun betea Pazko bihurtu zaigu. Maitatuak izan gara!

 

Eta gaurko Jainkoaren Hitzak, horrenbesteko maitasunari eman behar zaion erantzuna zehazten digu. Jainkoak horrela eta horrenbeste maitatu baldin bagaitu, maita dezagun Jainkoa!, esango genuke guk, ez da? San Joanek ateratzen duen ondorioa beste hau da, ordea: «Maita dezazuela elkar». Eta elkar-maitasun horren neurria Jesusena bera da. Jainkoaren Pazko-maitasuna ezagutu dugula, batak bestea maitatuz erakutsiko dugu. Jainkoa maitasuna denez, Jainkoaren ezaguera askatzailean maitatuz bakarrik bizi daiteke. Lagun hurkoa maite ez duenak ez du ezagutzen Jainkoa!

 

Eta maitasunaren fruituak hortxe daude, erakargarri, eder: lehenengoa, poza. «Hori esan dizuet, nire poza zuengan izan dadin; eta bete-betea izan dadin zuen poza». Poz betea, gizon-emakume guztion ametsa, alajaina! Bizitza gihartzen eta gozatzen duen poz sustraitua. Barrena baretzen duen poz baketsua. Pazkoaren poza! Barruko ziurtasun sendoa, bigarren fruitua. Maitasunean onartuak eta barkatuak izatearen fruitu askatzailea. Jainkoak beretzat aukeratu gaitu eta gure bekatuak barkatu dizkigu. Eta, beraz, hau ere fruitu ederra: Jainkoaren adiskide izanez bizi gara pozik asko. «Zuek nire adiskide zarete». 

 

Maitasuna bizi. Maitasunean iraun. Maitasuna non bizirik ez dugu falta. Lehenengo kristau elkarteari sortu zitzaion arazoa entzun duzue lehenengo irakurgaian. Kornelio paganoa zen, jentila. Beraz, Jesusen Ebanjelioa judutarrentzat baldin bazen, ez zeukan zer eginik! Baina Jainkoak bihotz handia ematen dio fedeari. Maitasuna ematen dio fedeari. Eta lehenengo Elizak katolikoa izaten ikasi zuen. Maitasunak bere tokian jartzen ditu usteak eta legeak. Zenbat pagano daukagun ondoan. Zenbat baztertu, zenbat ukatu: zahar eta gazte, jakitun eta ezjakin, hango edo hemengo... Maitasunak onartu egiten du. Eta ez dago inolako printzipiorik, maitasunaren printzipioa gaindi dezakeenik! Maitasunak muga eta tope guztiak gainditzen ditu. Maitasunak bazterrak zabalik nahi ditu, denak!

 

Gure familietan, gure elkarteetan, gure herrietan, gure euskal gizartean... zenbat aukera maitasuna azaltzeko! Detailea, hurbiltasuna, laguntza, bihotz handikoa izatea, barkatzea... maitasun errotu baten adar ederrak!

 

Maitasuna azaltzeko beste aukera bikaina, gaixoekin! Gaur gaixoaren pazkoa ospatzen du Euskal Herriko Elizak. Zenbat jende gaitzaren esperientzia iluna bizitzen! Zenbat jende une larrien bakardadea nozitzen erietxeetan! Ez da hitz egitea, hurbiltasuna erakustea baino. Ez da gaitza kentzea, gaixoari eskutik heltzea baino. Ez da gaixoa sendatzea, gaixoari maitasunaren osasuna eskaintzea baino. Maitasunak sendatzen du!

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Jainkoaren maitasun Pazkoakoa hementxe emango zaigu ogitan bete-betean. Jan dezagun Jainkoaren maitasuna, elkar maitatzearen poza bete-betean bizi dezagun! Jainkoa maitasuna bait da!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.