liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Arreba eta anaiok, Jaungoiko gure Aitaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

Jesusen jarraitzaile garelako biltzen gara aldare honen inguruan. Eta ospaketa honi gauza bat eskatzen diogu: eman diezagula indarra, Jesusen jarraipidean gero eta leialako jokatzeko. Jarraipide hori zaila bada ere, badakigu Jaunaren indarra ez zaigula faltako.
Laguntza horixe emango digu Aitak Eukaristia honetan. Jainkoaren Hitzak eta maitasunaren dohainak, jarraitzaile finago bihurtuko gaituzte. Bederatziurrena egiten ari gatzaizkion Arantzazuko Amak babestuko du gure ospaketa.

Apal eta xume, Jaunaren aurrean prantatuta, eska diezaiogun bere errukitan goza ditzala gure ezinak eta hutsegiteak denak. (Isilunea)

- Jesus Jauna, guztiok salbatzera etorria, ERRUKI, JAUNA.
- Jesus Jauna, behartsuenak errukitzen dakizuna, KRISTO, ERRUKI.
- Jesus Jauna, gure bizitzeaz inoiz ahazten ez zarena, ERRUKI, JAUNA.


PREFAZIOA
Hitza entzun eta oparigaiak ekarri ditugu aldarera. Orain eukaristi otoitz nagusia hastera goaz. Eskertu dezagun Aita Jainkoa, Jesu Kristoren bidetik askatasunezko jarraipidera erakarri gaituelako.


GURE AITA
Aitaren maitasun atergabea begien aurrean dugula, konfiantza osoz, Jesusek berak irakatsi zigun otoitza luza diezaiogun denok batera.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Entzun ditzagun Itun Zaharreko gizon jakintsu baten gogoetak. Neurri ona darien gogoetak dira. Bizitzaz ari da jakintsua, bizitzaz eta Jainkoarekiko harremanaz.

2. San Paulok gutun labur bat idazten dio Filemoni. Bertan, ihes egin zion esklaboa berriro etxean hartzeko eskatzen dio; baina ez esklabo bezala, seme bezala baizik.



HERRI-OTOITZA
Senideok: egiogun otoitz gure beharrak aurrez ezagutzen dituen zeruko Aitari, gizon-emakume guztientzat maitasunaren dohainak eskatuz.

•    Munduan sakabanatua bizi den Elizaren alde: bere portaeraz eta bere testigantzaz, gizaki oro Jainkoarengana hurbil dezan.

•    Munduko herri guztien alde eta, bereziki ezina sufritzen ari diren herrien alde; Italiako lurrikaran hil eta zauritu direnen alde: bakea, zuzentasuna eta maitasuna gailendu daitezen giza harremanetan.

•    Jesusen jarraipidean abiatu diren guztien alde: erori gabe aurrera egin dezaten eta bide horren edertasuna goza dezaten.

•    Sufritzen duten guztien alde eta besteren injustiziagatik sufritzen dutenen alde: guztiek behar duten maitasuna eta solidaritatea izan ditzaten beren bizitzan.

•    Eukaristia honetan Jainkoaren deia entzun dugun guztion alde: entzun dugun hitza, bizitzara eramateko ausardia izan dezagun.

Entzun, gizaki guztion Aita, gure eskariak; ez gaitzazu eskutik utzi, baizik zaindu gaitzazu zure maitasunez. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Gaurko ebanjelioa bere onean ulertzeko, ez dugu ahaztu behar Jesus Jerusalemera bidean dihoala. Eta, Ebanjelariak dioenez, jende asko doa beraren atzetik. Zergatik hainbeste jende? Era askotako arrazoiak izango zituzten, noski. Baina, Jerusalemera hurbiltzen ari diren neurrian urritzen ari zaio Jesusi bere jarraitzaileen kopurua. Jarraipenaren pauso eranbakior hori ematea ez baita erraza. Ulertzekoa, beraz!

Jarraipen osoaren pausoa ezin eman hori ulertzekoa izan daiteke, baina ez da jokaera egokia. Bakoitzak argi eduki behar dugu zer nahi dugun eta zertara iritsi nahi dugun. Eta argi eduki, gainera, iritsi nahi dugun tokira iristeko zer behar dugun. Ebanjelioak esaten duena, eseri eta kalkuloak egin behar dira. Bere proiektua burutu nahi duenak ezin dezake zoro-zoro eta oharkabean joka. Nire bizitza proiektu bat da, gizatasun heldu baten proiektua. Baina, nola burutu? Zein da bide egokia?

Bide egoki hori Jesusen jarraipidea da. Fededunak ondo daki nolako aukera egin duen Bataioan. Jesus hartu du oinarri eta ardatz. Jesus hartu du gidari. Eta horrek bere baldintzak eta ondorioak ditu:
    -    Hari jarraitu eta beste guztiak jarraipen horretara tolestatu. Lokarri afektiboak (aita-amak, senar-emazteak...) jarraipen honen haritik begiratu eta bizi. Irakurri dugun ebanjelio zatiak lokarri horiek moztu egin behar direla ematen badu ere, oinarrizko beste harreman horren menpe jartzea esan nahi da. Norberaren buruarekiko maitasuna ere Jesusen jarraipenera bildu. Ez da, ez, geure bizitzan dauzkagun gauza onak moztea, baizik oreka askatzaile batean lotzea dena. Dena baztertzen dugulako, ez gara jarraitzaile hobeak izango. Jarraile onak gauza eta balio guztiak bere onean kokatzen ditu. Dena bere tokian jartzen.
    -    Bigarren baldintza, Jesusek egin zuena egitea da: Haren gurutze-bidea "geuretzea". Jesusek egin zuena bera egiteko pronto egon behar du ikasleak. «Bere gurutzea nire atzetik eraman»  esan du Jesusek ebanjelioan.

Baina, segizioaren planteaketa hau ez dugu betebehar edo esijentzia baten ondorio bezala hartu behar. Azpi-azpian, gizatasunaren desafio ikusgarria dago hemen: gizatasuna aurrera atera eta ongi garatu nahi duenak, zein du bide egokia? Apustu baten aurrean gaude. Fededunontzat argi dago oso: Jesusen segizioa ematen zaigu egiazko bide gizaegile bezala. Alderdi honetatik, gure oinarriak beste edonon bilatzea, "kalkulo" okerra egitea da. Dorrea eraikitzen hasi eta bukatu ezinik gelditu zen haren antzeko gerta gaitezke. Edo gerra batera abiatu eta atzera egin behar. "Kalkulo" okerraren ondorioak.

Baina, hemen bakoitzak geure galderak egin behar ditugu. Gaur, gizatasuna garatzeko, zer eskaintza egiten zaizkit? Dirua, bizimaila, erosotasuna, irudia... Horietan oinarri hartzeak zer ondorio ekar diezazkidake? Benetako gizatasun bidean noa? Eta... zergatik ez dut Jesusen segizioaren proba egin behar? Jesusi jarraitzea gertatzen da benetan aukera on eta egokia. Bakoitzak bere aukerak egiten ditugu bizitzan. Gizatasunaren apustua ongi burutzeko, eta apustua irabazteko, Jesusen bideari lotu behar gatzaizkio. Onena delako, gizaegileena delako. Kalkulo ona egin nahi duenak, edo lehenengo irakurgaiko zuzhurtasunez jokatu nahi duenak, Jesusen bidea hartzea du onena.

Jesusen segizio-bide honek, askok uste duenaren kontra, libre egiten gaitu. Ez gaitu lotzen eta morroitzen. Barrua askatzeaz gain, bizitzako aukeretarako libre egiten gaitu. Legekeriatik libre, beldurretik libre... Hortxe dago, esate baterako, Onesimoren adibidea. Paulok, legea bera ere gainditzen du eta gainditzeko eskatzen dio Onesimori. Fedeak ematen duen askatasuna ez doa legearen kontra, baina legea baino harutzago dihoa. Horrela barne-askatasuna sortzen du Espirituak Jesusen jarraipidean.

Arantzazuko Amaren bederatziurrenean aurkitzen gara bete-betetlean. Jainkoaren errukia dugu otoizgai eta ospagai. Mariari bergira ikasten ari gara dugu «errukitsu izan behar dugula Aita bezala». Errukiaren Jubileu Urteak emango al digu  errukiaren ezagutza ez ezik errukiaren esperientzia bizitzea! Maria dugu ibilbide horretan bidelagun.
 
Gaur eskura jartzen zaigu askatasun osoaren eskaintza. Jesusen jarraipidea ez daukagu urruti. Zergatik ez, trankil eseri, eta galdera hau egin neure buruari: libre izan nahi dut, bakea sortu nahi dut, gizatasun heldua bizi nahi dut; nondik eta nola? Seguru asko, Jesusen bidearekin egingo dugu topo. Eta miraria gertatuko zaigu!

Eukaristia ospatzerakoan, alde batetik, aukera garrantzitsu bat egiten ari gara, Jesusen aukera; eta, beste aldetik, aukera horretan bizitzeko adore doanezkoa jasotzen dugu, Espirituaren adorea. Ospa dezagun esker onez.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.