Buletina

Arantzazuko hilabete nagusia

Eskuetan duzuen buletina urriaren azken egunetan bidaltzen dizuegu. Hiru hilabetetik behingo martxari eutsi nahi diogu. Agur eta besarkada bana denoi!

Arantzazuk albiste dezente sortzen du hilabeteen joanean eta oso egokia ikusten dugu albiste horietako batzuen berri Adiskideengana urreratzea; albiste horietako batzuetan eskuhartze zuzena baitute Adiskideek, sustatzaile edo laguntzaile bezala.

Albiste eta berri askoren artean, Arantzazuk badu hilabete bat bereizia eta maitea, iraila da. Orduan ospatzen baitu bere Andre Mariaren festaburua eta data horren inguruan iristen dira jendetza oparoenak Arantzazura, beste garai inportante batzuei beren garrantzia murriztu gabe, Aste Santuari adibidez.

Aurtengo Bederatziurrenak fedearen esperientziari begiratu dio gogoeta eta otoitz egiteko, gogoan izanik aurten Fedearen Urtea ospatzen dihardugula. Bederatziurreneko egun bakoitzean galdera honi eman zaio erantzuna: «Zergatik naiz kristau fededuna?».

Arantzazuko berriak

Arantzazuko etxeak ia erabat bete ohi dira Bederatziurrenean, garai bateko betekadak murriztu badira ere. Arantzazu bederatzi eguneko «barnetegi» bihurtzen da. Eta pertsona horiek eguneroko ordu nagusietara biltzen dira, Meza Nagusira eta Benediktara. Mendi-buelta ederrak eta mahai-inguru luzeak ere izaten dituzte gozagai. Egun beteak eta gozoak izaten dira Arantzazun.

Eta Bederatziurrenaren buruan, Andre Mariaren eguna. Agintari batzuk, Gotzaina buru eta pozik ospatu genuen egun handia. Azpimarratzekoa zenbait fraide eta pertsonak ematen diguten laguntza egun hauetan kantatzeko. Beste anaidi batzuetako fraide batzuk izan genituen lagun eta baita Oñati eta beste herri batzuetako laikoak ere. Bereziki aipatu eta txalotzekoa emakume talde batek ematen digun laguntza, ez bakarrik Bederatziurrenean, baizik urte osoan.
Eskerrik asko denoi!

Ainhoa Arteta Arantzazun

Musika Hamabostaldiak, aurtengo ekitaldian, aspalditik espero genuen bisita erregalatu zigun. Pasa den abuztuaren 26an Ainhoa Artetak bi parteko kontzertua eskaini zuen, Patxi Aizpiri pianoan lagun zuela, eta bere ahotsaren indar denari ateratzen utzi zion Schumann, Strauss eta beste zenbait autoreren obretan. Ordu eta erdiko ikuskizun ederra eskaini zien Basilika lepo bete zuten lagunei; are eta ikusgarriagoa izan zen emanaldia Lucio Muñozen erretaula eszenatoki izanik. Musika Hamabostaldiak Arantzazun urtero-urtero antolatzen duen kontzertua, maila kulturalean, Santutegian izaten den ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da, zalantzarik gabe. Eskertzekoa da Musika hamabostaldiak Arantzazuren alde egiten duen lana.

«Álvarez de Eulate» I. saria

Pasa den irailaren 14an, Arantzazu Gaur Fundazioaren laguntzarekin, Arantzazuko Basilikako beirateen egile Xavier Álvarez de Eulateren omenezko Pinturalehiaketako I. ekitaldia hartu zuen Arantzazuk. Urtero egingo den lehiaketa izango da hau Basilikako beirateen egileari eta frantziskotarren ordenak eman duen pintore onenetarikoari gorazarre egiteko. Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik eta estatuko beste zenbait lekutatik heldutako 34 margolarik eman zuten izena helduen kategorian; bik gazteenean eta 16 neska-mutilek haurren kategorian. Helduen kategorian saridunak José Reyes Ramos (1. Saria), José Manuel Méndez (2. Saria), Eluska Zabalo (3. Saria ex aequo) eta Albert Sesma (3. Saria ex aequo) izan ziren. Gazteen kategorian irabazleak Andrea Goikoetxea (1. Saria) eta Marina Santamaría (2. Saria) izan ziren. Eta artista txikienen artean saria lortu zutenak Manex eta Sara Balentziaga anai-arrebak izan ziren (1. eta 2. Saria, hurrenez hurren). Epaimahaiako kideek adierazitakoaren arabera maila oneko bilduma baloratu behar izan zuten. Pintura-lehiaketan saritutako koadroak, nahiz beste denak, ikusgai izan ziren urriaren 5etik 27ra Gandiaga Topagunean.

Zuzendaritza Batzordea Altzuzan

Arantzazuko Adiskideak elkarteko ZuzendaritzaBatzordeak urriaren 3ko bilera Altzuzako Oteiza Museoan egiteko ohorea izan zuen. Gregorio Díaz Ereño zuzendariaren gidaritzapean Batzordeko kideek bisita gidatua egin zuten lehenengo, eta, gero, horretarako espresuki prestatutako bulegoan eguneko gaiak landu ahal izan zituzten. Nabarmendu beharrekoak dira maiatzeko lehen igandean Seminarioko ikasleak bildu zituen Arantzazu Egunaren gainean egindako balorazioa, eta ekaineko Batzar Nagusiarenaren gainean eta Xavier Álvarez de Eulateren omenezko I. Pintura-lehiaketaren gainean egindakoak ere. Aztergai izan ziren, halaber, elkartearen egoera ekonomikoa eta epe laburrean lan daitezkeen proiektuak ere.

Mendi-irteerak

Azken hilabeteetan bi mendi-irteera egin dira. Lehena uztailaren 20an izan zen, eta Aloñara heldu zen. Ekaitza zetorrela abiatu zen 40 lagunez osatutako mendizale-taldea ilunabarra ikusteko asmoz. Euritan busti ziren bai, baina zerua ere zabaldu zitzaien une magikoa bizi zezaten. Bistak izugarriak izan omen ziren. Bigarren irteera Zurkurtzera egin zuten 20 lagunek irailaren 15ean. Nahiz eta eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, arazorik gabe iritsi ziren gailurrera.
2013rako programatutako azken irteera, Oñatitik Arantzazura bide zaharretik egiteko ibilaldia, urriaren 13an egin zen. Programatik kanpo, urriaren 27an, Andraitzera egiteko irteera berezia antolatu zen, tokiko geologiaren morfologia aztertzeko aukera eskaini zuena.

Jorge Oteizaren erakusketa

Jendearen babes handia izan zuen Jorge Oteizaren
Marrazkiak, estanpak eta hitzak izeneko erakusketak. Milatik gora lagunek ikusi zituzten Felix Maraña kazetariak, abuztuaren 30etik irailaren 29ra, erakusteko Arantzazuri utzi zizkion 70 marrazkiak, estanpak, poema bisualak, argazkiak eta formatu txikiko 12 eskulturak. Erakusketa, lehenengoz, 2000. urtean egin zen, Oteiza oraindik bizirik zela, eta hurrengo hitzorduak Burgosen eta New Yorken izango ditu. Arantzazu eta Oteiza, elkarrekin betiko.

Mantenimendu taldearen lana

Ezin eskertuzkoa da, zinez, Arantzazura hilean behin edo bitan lan desberdinetan aritzeko etortzen den taldearen laguntza. Batez beste, 10 lagun etorri ziren uztailaren 29an, abuztuaren 5ean eta 24an, irailaren 28an eta urriaren 19an garbiketako eta mantenimenduko lanak egitera (bazterrak garbitu, belarra moztu eta abar). Nabarmendu beharrekoa da oroigarri-dendaren parean dagoen eserleku luzea nolako txukun utzi zuten. Ordu dezente eman zituzten eserleku osoa lixatzen eta bernizatzen. Taldearen hurrengo hitzordua, etorri nahi duenarentzat deialdi irekia da, azaroaren 9a, larunbata, izango da, goizeko 9.30ean, Arantzazuko Santutegia Hoteleko kafetegian. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto..

Ixil Ar argazki erakusketa

Oñatiko ARG! argazki-festibalaren barruan, Ixil Ar erakusketa ikusgai izango da Gandiaga Topagunean azaroaren 3a arte. Jon Cazenave donostiarraren eta Alejandro Marote madrildarraren argazkiz osatua, kontenplaziozko isiltasuna du gai bezala. Cazenaveren hitzetan, “argazki bidezko elkarrizketa perfektua da, leku perfektuan, nire lanaren eta Maroterenaren oihartzun oteizianoak direla-eta”. Erakusketa zabalik dago ostiraletik igandera, 11.00etatik 18.00etara.

Proiektu sozial berrirako laguntza behar dugu

Aurreko buletinean laguntza eskatzen genizuen, Arantzazuk dituen behar batzuei erantzun ahal izateko. Erantzuna ez zen batere oparoa izan, bakar batzuek bere borondatea erakutsi bazuten ere. Bi alorretan daukagun beharra agertu nahi dugu oraingoan:

– Adiskideen web orriaren mentenimendua da lehenengoa. Laster web orri berria edukiko dugu martxan eta ez litzateke egokia izango orri hila izatea. Berriak bidali eta berri horiek webean sartzea izango litzateke egin beharreko lana. Orri hori bizirik eta gaurkotua mantenduko duten boluntario batzuk behar ditugu. Lan interesgarria da, eta beharrezkoa.
– Bigarren hau oso inportantea da. Arantzazuk laster martxan jarriko du bere proiektu sozial berria, beharrean aurkitzen den jendeari harrera egin eta laguntzeko. Zokoraketa-arriskuan bizi diren pertsona eta taldeei aisia eta heziketa eskaini nahi diegu.

Honako hau izango du izen:

Hasteko, 2014an bederatzi talde ekartzea pentsatzen dugu Arantzazura hiru eguneko txangoa egiteko. Aisia eta heziketa hori eskaintzeko lagunak behar ditugu: mendi-buelta egiten goiz batean lagunduko dutenak, edo Arrikruzko kobak bisitatzen arratsalde bat emango dutenak, edo Gomiztegiko artzandegian... Ez da lan espezializatua, laguntza bat eskaintzea da, lan erraza.

Izango al da inor lan honetan parte hartu nahi duenik? Proiektu soziala oso inportantea ikusten dugu Arantzazun, gaurko egunetan bereziki. Fraideek bakarrik edo Pastoral Kontseiluak bakarrik ezin dute. Bakoitzak ahal duena eta nahi duena eskaintzea da kontua.

Zain gauzkazu, etorri, mesedez!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.