liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Bere maitasunaren otordura deitzen gaituen Jesus Jauna, bego zuekin.

Igandeko ospakizunak pobreekiko Jesusen bihotz ona erakusten digu. Jesus gure bila dabil. Zakeo bere zuhaitzera igoa aurkitu zuen eta handik jaitsiarazi topaketara. Gu ere, bakoitza geure zuhaitzetik gatoz ospaketara. Jesus etxera datorkigu, bisitan. Eta berak berrituko gaitu maitasunaren indar ederrez. Ireki ditzagun bihotzak eta bila dezagun Jesus, Zakeok bilatu zuen bezala.

Hasteko, eska dezagun errukia, maitasunaren ukitu sendatzailea.
– Jesus Jauna, behartsuen eta galduen zoriona. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure bizitza berritzen diguzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, biziaren adiskidea. Erruki, Jauna.

PREFAZIOA
Jesusek Aitaren maitasun neurrigabea erakutsi digu. Eskertzea dagokigu eta gure etxea maitasunaren argitan poztea.

GURE AITA
Maitasunak askatu gaitu, Jainkoa Aita senti dezagun. Denok sentipen berean elkarturik, esan dezagun beldurrik gabe.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Entzutera goazen zati lirain eta sakon honetan, Itun Zaharreko hitzak Jainkoaren maitasuna aurkezten digu. Bekatariaren damua eta bihotz-berritzea nahi duen maitasun gozoa.
2) San Paulok otoitz egiten du bere elkarteen alde, Jainkoaren indarrak kristau bizierarako presta ditzan eskatuz. Entzun dezagun arretaz.



HERRI-OTOITZA
Otoitz egiteko unea dugu. Konfiantza osoz utzi dezagun gure bizitza Jainkoaren eskuetan, eta egin dezagun otoitz Jainkoaren bila dabiltzan pobreentzat bereziki.

-    Kristau guztion alde: Jesus bezala, pobreen eta sufritzen dutenen etxera hurbil gaitezen.
-    Otoitz egin dezagun, Zakeo bezala Jesusen bila dabiltzan guztien alde: Jesusekin topo egin eta Jainkoaren maitasunezko besarkada goza dezaten.
-    Gogoan izan ditzagun munduko herri guztiak, ezinean dabiltzanak batik bat; Siriako herria ez dezagun ahaztu: justiziaren eskutik giza duintasun egokira jaikitzeko adorea izan dezaten.
-    Gixorik edo beste arrazoiren batengatik sufritzen dutenen alde: Jaunaren bihotz onak eta gure ahaleginak zaindu eta lagundu ditzan.
-    Geure alde, gure senide eta adiskideen alde, gure hildakoen alde: Jaunaren errukiak bere onez goza ditzan, eta elkarren laguntzaile bihur gaitzan.

Entzun, Aita, munduko behartsu guztien garrasia. Agertu zure errukia eta salba gaitzazu gaitzetik. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.




HOMILIA
Adiskideok, bakoitzak dauzkagu geure zuhaitzak, haien gainera igo eta bizitzari begiratzeko. Zakeo, gaurko ebanjelioko protagonista, aberatsa zen. Eta aurreko igandeetan garbi gelditu zaigu Jesusek ez zuela halako maitasun berezia sentitzen aberatsentzat. Baina, Jesusek badaki bihotzak irakurtzen eta historia bakoitza kontuan izaten. Azken batean, kontua ez da zer daukagun edo zer ez daukagun, baizik zer bizi dugun geure bihotzaren muinean.

Zakeo aberatsa da, baina zokoratua gizarte hartan. Beldurrez josita zegoen gizajoa. Seguru asko, sakonera begiratuta, bere ondasunetan bilatu beharko zuen bere buruaren babesa, besteen gorrototik eta erasotik ihes egiteko. Eta Jesusek, bihotzak ikusten dituenak, badaki hori. Jesusek badaki azaleko babesak hautsi eta barruko beldurrak eta loturak irakurtzen. Eta bihotzak askatzea maite du. Horregatik hurbiltzen zaio Zakeori.

Zertarako eta zergatik igo da Zakeo zuhaitzaren gainera? Jakin-minez? Beharbada, bere bakardade mikatz eta latz hartan ez zitzaion beste itxaropen-zirrikurik geldituko. Nork ulertu behar zion barruan bizi zuen bakardadea eta beldurra, Jesusek izan ezik? Eta lehen begirada hartan gertatzen da miraria. Jesusek begiratu zion eta hitz egin zion eta bere hitzez deitu zion. Bere etxera etorri zitzaion Jesus.

Eta beste behin argi gelditzen da: maitasunak bakarrik daki hormak eta babesak apurtzen. Maitasunak askatzen dizkigu bihotzeko korapiloak. Maitasunak jartzen du abian bizitza berri baten hasiera. Maitasunak berritzen du dena. Zakeorengan ere bai. Bere diru eta ondasunean aurkitu ez zuen barne-poza sentitzen du Jesusen maitasunean. Eta ez dauka inolako eragozpenik diruak uzteko eta pobreen zori gaiztora hurbiltzeko. Maitasunaren lanak dira horiek.

Esker ona sortzen da. Salbatua izatearen poza. Giza duintasuna berreskuratu dio Jesusek. Orain ez dauka bere babes gordean ezkutatu beharrik. Etxeko leihoak zabaldu dizkio Jesusek. Aire berri baten freskotasuna sartu zaio etxera. Bizitza goitik bera aldatu zaio. Orain bizitzeko beste sentidu bat aurkitzen du eta balioen jerarkia erabat aldatu zaio. Orain pobreen erantzukizuna bere gain hartzeko kapaz egiten da. Orain justizia zer den ulertzen du. Orain bihotzean solidaritatea piztu zaio. Maitasunaren lanak horiek ere.

Lehenengo irakurgaiak esan digun bezala, izaki guztien oinarria eta jatorria Jainkoaren maitasunean datza. Jainkoak denak maite dituelako, denei barkatzen die. Jauna biziaren adiskidea da. Jainkoaren arnasa daramate guztiek beren barnean, eta Jainkoak berak gidatzen ditu biziaren arrastoan. Jainkoa eragiten ari zaio gizaki bakoitzari, berritu eta bizi dadin. Maitasunaren atergabeko lanak!

Dinamika hauxe da, azken batean, Erreinuaren dinamika. Eta Zakeorekiko jokamoldean erakusten du Jesusek nola den Erreinuaren jatorria: Jainkoaren bihotzak galduak bilatzen ditu eta bizia sortzen du heriotzean eta galbidean. Zakeok beregan ikusi ahal izan du nola eman zaion Jainkoaren Erreinuko Espiritua. Zakeo gizaki berria da benetan! Maitasunaren lanak!

Gure eguneroko eginkizunean eta gure misioan, kontuan hartu beharko genuke Jesusen jokamoldea: maitasunak bakarrik sortzen du aldaketa eta berrialdia. Zenbaitetan aurrez epaitzen dugu nor den Erreinurako gai eta nor ez den. Eta ahaztu egiten dugu maitasunak nolako berrialdia sor dezakeen pertsona bakoitzaren barruan, baita gutxien uste dugunaren barruan ere. Erreinua, bere sakonean, ez da ideologia bat. Erreinua, bihotzak aldatzen dituen maitasunaren historia da. Eta misioaren hasieran eta jardueran, maitasunak bakarrik daki Erreinuko dinamika sortzen.  Maitasunak bakarrik askatzen du gizon edo emakume bakoitzaren bihotza.

Jesusen jokabideak geure jarrerak aztertzera eragin beharko liguke beharbada. Errazegi egiten ditugu bereizketak eta errazegi ezartzen ditugu mugak. Jainkoak badaki gure mugak eta gure bereizketak ederki asko gainditzen. Zorionez! Eta, geure jarrerak aztertuz, ikasi behar dugu Jesusen maitasunez eta hurbilkeraz, dena alda daitekeela. Maitasunaren lanak!

Eukaristia ospatzen jarraitu behar dugu. Jainkoak bere hitzean erakutsi digun maitasuna ogi eta argo egina emango digu orain. Jainkoak gu bizitzea nahi du. Bakoitza geure zuhaitzetik jaitsiarazten gaitu, guregana etorri nahi baitu. Ireki diezaiogun bihotzeko etxea, berak, gurean sartuz, berritu gaitzan.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jainko gure Aitaren eta Jesu Krsto gure Jaunaren grazia eta bakea zuekin.

Ongi etorri, senideok. Berriro ere elkarrekin gara. Gure barruko kezka eta ezintasun guztiekin, Jaunarekin topo egiten dugu. Haren hitza entzun nahi dugu, eta haren ogia erdibanatu nahi dugu. Beti ere apaltasun handienaz. Nahiz eta besteak baino hobeak ez izan, badakigu Jainkoak maite gaituela. Eta, horrexegatik, maitasun horren argitara gatoz barkazio-eske, dohain-eske. Berak entzuten eta pozten gaitu.

«Erruki, Jauna, bekataria nahiz eta», horrela esaten diogu Jaunari. Tenplura doan publikanoa bezala, gu ere apaltasun handiz prantatzen gara Jainkoaren aurrean, gutaz erruki daitekeela sinetsiz.

– Jesus Jauna, bekatari garela aitortuz, esaten dizugu: erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, errukitan aberatsa zarela jakinik, esaten dizugu: Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gure ahultasuna ezagutzen duzulako, esaten dizugu: erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Jainkoaren aurrean apal eta ustetsu jartzen gara. Esker ona dario gure bihotz barkatuari. Kanta dezagun Jainkoaren erruki neurrigabea.

GURE AITA
Pobre garela jakinik, baina Jaunarengan uste izanez, jo dezagun guztion Aitarengana beldurrik gabe.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Testamentu Zaharreko jakintsu batek ederki asko agertzen dizkigu Jainkoaren nahiak eta lehentasunak. Gero Ebanjelioan entzungo dugunaren atari bezala oso ongi datozkigun hitzak dira.
2) Paulok Timoteori egindako eskutitzetatik dihardugu aspaldian. Gaur irakurriko dugu azken zatia. Zati honetan Paulok atzera begiratzen du eta bere bizitzaren bilduma bat bezala egiten du, fede ederrean.



HERRI-OTOITZA
Otoitz dagiogun apaltasunez Aita Jainkoari, bera beti prest baitago gure nahiak onez entzuteko. Gogoan izan ditzagun munduko zokoratuak.

•    Eliza osatzen dugun guztion alde: Jesusen Berri Ona adorez eta sakontasunez bizi eta zabal dezagun.

•    Munduko lurralde guztien alde; Siriako herriaren alde; Haitiko kaltetuen alde: herrien arteko harremanak justiziaz eta maitasunez bidera ditzagun, zauriak eta ezinak sendatzeko.

•    Domund egun honetan gogoan izan ditzagun misio-lurrak: Jesusen Berri Ona gizon eta emakume guztiengana iritsi dadin, denek Jainkoaren maitasuna ezgutu dezaten.

•    Baliabiderik gabe, lanik gabe, kartzelan, zapaldutik, gaixorik... sufritzen ari diren guztien alde: Jaunaren esku laguntzailea eta gure solidaritatea gertuan senti ditzaten.

•    Gu guztion alde, gure senide eta adiskideen alde: Jainkoak itxaropen sendoa eta maitasun beroa eman deizagun, Berri Ona bizi eta adierazteko.

Ontasun guztiaren iturri zaren Aita, onar itzazu gure eskariak eta emaguzu beste inork eman ezin duen bakea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Oso ezaguna da gaurko ebanjelioak margotzen digun pasadizoa. Pasadizioa ez, parabola. Tenplura otoitz egitera dihoazen bi pertsonen zera hura da. Bat, fariseua, hantxe aurrean, tente, eskerrak ematen, edonorekin konparatzeko eta parekatzeko prest, konparazio guztietatik ongi ateratzen dela badaki-eta nonbait. Bestea, berriz, gizarajoa, hantxe atzean, makur-makur eginda, erruki eske. Inorekin konparatzeko gogo handirik ez, bai baitaki ez litzatekeela oso itxuroso aterako konparazio horretatik.

Parabolaren pertsonaia horiek ondo sailkatuta dauzkagu guk, eta beren jarrerak ere epaituta. Eta esan izan dugu, Jesusi ez zaiola farisear tente hori gustatzen, harroa delako, bere burua goian jartzen duelako, besteari bizkarretik behera begiratzen diolako. Oso puztua dabil, eta horrelakoak ez zaizkigu gustatzen. Ona izango da, zintzoa nahi den adina, baina apalxeago azaldu behar luke. Besteari, berriz, erraz barkatzen diogu bere ezereza, apal prantatzen delako. Eta apal azaltzen denak errukizko begirada irabazita dauka. Beraz, hitz batean esateko, azalpen sozialetik egiten dugu jarrera horien epaia.

Hori horrela ikusi izan da, egia da. Baina zer nahi duzu esatea? Nik ez dut horrela ikusten kontua. Farisearraren jarreraren gaiztotasuna ez dut ikusten bere harrokerian. Gorabehera beste puntu batean jarriko nuke: «ni» gehiegitxo erabiltzen duela aukeran! “«Nik» eskerrak ematen dizkizut, «ni» besteak bezalakoa ez naizelako. «Nik» barau egiten dut. «Nik» ondasunen hamarrenak ordaintzen ditut”. Zergalariak, berriz, «ni» bat bera ere ez du erabiltzen. «Zu» erabiltzen du hasieratik: “Erruki zaitez «zu» bekatari honetaz”. «Ni» horretan ote dagoen, bada, farisearraren okerra! Eta «zu» horretan, bestalde, pobrearen bertutea!

Eta hortxe dago kristau izatearen gakoa. Jainkoaren esku bizi gara, «zu» horren esku, ala geure egintzen esku, «ni» horren esku? Zertan oinarritzen dut nire biziera? Zertan zehazten dut Jainkoarekiko harremana? Haren aurrean zintzo agertu beharraren morroi eta mirabe ote nabil? Ulertu ote dut Jainkoaren aurrean gauza erabakiorra ez dela nik egiten dudana edo egin gabe uzten dudana. Gauza erabakiorra Jainkoaren maitasu-nezko jarrera da. Eta kristaua berehala pasatzen da «zu» miresgarri horren eskuetara.

Lehenengo irakurgaiak ere ederki erakutsi digu Jainkoaren bihotza nolakoa den: Jauna zuzena da pobreari entzunez, behartsuaren garrasia adituz, alargunari eskua luzatuz. Behartsuaren oihura makurtua dago Jainkoaren bihotza. Jaunari dei egten dionak, Jaunaren erantzuna  jasotzen du, maitasunezko erantzuna, duintasuna itzultzen dion erantzun  jasotzailea. Jauna bihotz behartsuen ondoan dago beti, behartsua Jaunaren «zu» horri begira bizi baita.

Ikuspegi honen aurrean, baditugu egin beharreko galderak eta aztertu beharreko jarrerak: Fededun naizelako, edo portaera jakin bat bizitzeko kapaz naizelako, beste zenbaiten gainetik ikusten al dut nire burua? Beste horiek baino hobea ikusten al dut nire bizitza? Puritanismo estuak eta klerikalismo murritzak menpetutako gizamoldeetan oso normala da, oso ohikoa, marmarrari eta salaketa moralari ematea. Gizamolde ireki eta pluraletan, tolerantzia irakasten da jokalege. Baina, hemen ari dugun kontua, tolerantzia baino askoz harutzago doa. Tolerantzia askotxok indiferentzia baitarama berekin. Eta indifentziak ez daki gauzak bereizten.

Kristau ikuspegi eta bizierak, tolerantzia lagun hurkoarekiko maitasun bezala ikusten du. Jainkoak zu zeu epaitu ez zaituenez, besteak epaitzeko gogoa kentzen zaizu. Jainkoak zuri zeuri barkatu dizunez, besteei begirada garbiaz begiratzen ikasten duzu. Jainkoak zurekin bihotz handia izan duenez, besteekin bihotz handiz jokatzen ikasten duzu. Eta jarrera horiek bizitzen saiatzen zaren neurrian, ederki asko ulertuko duzu Tenpluko farisearraren eta publikanoaren ezberdintasuna.

Fedea sakon antzean bizi ez duenak edo horretara bidean ez doanak, dena bere buruaren jirabueltan antolatzen du. Besteak «ni» zoragarri horren orkestra bihurtzen ditu. Eta Jainkoa bera, «nik» lortu nahi ditudanak lortzeko laguntzaile. Jainkoa bera ere nire zerbitzura. Eta oharkabean, dena «ni». Hasteko «ni», bukatzeko «ni», eta tartean «ni». «Ni» gehiegitxo aukeran!

Domund igandea ospatzeak ere, besteei begira jartzen gaitu, munduko pobreenei begira bereziki. Jesusen Berri Ona zabaltzeko grina berritu beharra daukagu, kristau bezala dagokigun misioa hori baita. Geuretik irten eta ireki gaitezen besteengana.

Poztu dezagun gure ezereztasuna Jaunaren dohain maitale honetan.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jainko Aitaren maitasuna, Seme Jesu Kristoren errukia eta Espiritu Santuaren eragina, beude zuekin!

Beste igande bat, eta beste behin hementxe elkartzen gara Jainkoarekin daukagun harreman estua pozik ospatzera. Ospakizun honexek egiten gaitu Aita beraren seme-alaba eta elkarren senide.
Meza honetan, gure bizitza osoan oinarrizkoak diren hiru jarrera biziko ditugu; giza bizitzan ez ezik, fede-bizitzan ere oinarrizkoak diren jarrerak dira: Barkazioa, eskaria eta esker ona. Honako hiru esaldi hauetan agertzen ditugun jarrerak: «Barkatu», «mesedez» eta «eskerrik asko».

Hasteko, Ebanjelioko gaixoek bezala dei egin diezaiogun Jesus Jaunari errukia eskatuz. Eska dezagun barkazioa.

– Jesus Jauna, errukitan eta barkazioan aberatsa zarena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure zauriak sendatzen dituzun osagilea. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, esker onaren sentimendua sortzen duzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Gure ospakizunaren une garrantzizkoenera iritsi gara. Eskerrak emateko unea da. Sendatu den samariarraren bihotz eskertzailea behar dugu. Ez gaitezen izan esker txarrekoak. Gehiegi eman zaigu. Egitera goazen otoitz luze hau «eskerrik asko» beroa da.


GURE AITA
Jesu Kristok irakatsi digun bezala, jaunartu aurretik, esan dezagun bihotz osoaz.


HONA HEMEN
Hona hemen salbatzen gaituen Jesus Jauna. Hona maitasunaren ezaugarri bizia. Hona gure esker ona sortzen duen dohaina. Zorionekoak esker onezko mahaira gonbidatuok.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Oso da inportantea esker onekoa izatea. Lehen irakurgai honek ematen digu esker oneko pertsonaren adibide bat. Sendatua izan da, eta eskertu egiten du.
2. Bigarren irakurgai honek gure sinesmenaren oinarrietara garamatza: Jesus hil eta berpiztua du oinarri gure fedeak.



HERRI-OTOITZA
Senideok: geure ezina aitortuz, eska dezagun Jaunaren mesedea. Egin dezagun otoitz benetan.

*    Eliza osoaren alde eta Eliza osatzen dugun guztion alde (Isilunea).

*     Munduko nazio guztien alde eta, bereziki, gerraren edo ezbeharren baten menpe aurkitzen direnen alde (...).

*    Sendatu ezineko gaitzak hartuta dauzkan gaixoen alde (...).

*    Gure herriaren bakea egiaz bilatzen dutenen alde. Gure gobernari eta politikoen alde (...).

*    Geure alde. Gure senide eta adiskideen alde (...).

Aita, entzun deika ari garenon ahotsa. Emaguzu zure dohaina eta erakuts iezaguzu esker onekoak izaten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Senideok: kristau izatearen neurria erakusten duen sentimendu bat baldin badago, dudarik gabe sentimendu hori esker onarena da. Jesusen presentziak esker ona sortzen du Ebanjelioko pobreengan. Pobreek eskertzen baitute ematen zaien dohaina. Eta, horrexegatik, Ebanjelioko sentimendurik nobleena eta oinarrizkoena esker ona da. Esker onik ez dagoen tokian, argi eta garbi ikusten da Berri Onaren bihotz baketua falta dela. Badugu, beraz, zer aztertua gaurko hitzaren eskutik. Esker oneko jendea al gara? Gure bizitzak ba ote du dohainaren kontzientzia aski? Gure elkarteetan zergatik hain esker on eta poz gutxi?

Jakina!, esker ona ez da sortzen boluntarismoz edo asmo sendo bat hartu dugulako. Esker onak bihotzaren sakonean du bere arrazoia. Maitasun merezigabearen kontzientziak prestatzen du bihotza esker onerako. Norbaitek zor ez zitzaion edo merezi ez zuen dohaina jasotzen baldin badu doakotasun hutsean, bihotza esker onean zabaltzen zaio. Baina norbaitek zor zitzaion zerbait jasotzen baldin badu, zergatik eskertu behar du? Eta hortxe dago, seguru asko, esker onaren gakoa! Gure bizitza osoa eraiki dezakegu zor zaigunaren argitan edo merezi gabeko dohainaren argitan. Eta nik esango nuke, askotan ez dugula esker ona erakusten gure fede-bizitzan, jasotzen duguna zor zaigula uste izaten dugulako.

Gaurko Ebanjelioko lepradunen jarrera aztertzen badugu, pentsatzen jarrita arrazoi asko edukiko zituzten gaixo sendatu haiek atzera ez itzultzeko. Hainbeste urtean mendian galduta ibili, gaixo zeudelako hirietara hurbildu ezinik, eta orain beren haragia dena garbitzen ikusten dutenean, bihotzean sentitzen zuten pozari eustearekin bazuten nahikoa, Jesusekin akordatzeko. Hainbeste urte gaitzaren menpe igarota, bazen ordua berriro poza sentitzeko! Jesusek hainbeste gaixo sendatu zituen han eta hemen, eta bazen ordua osasuna lortzeko!

Hamarretatik batek bakarrik sentitzen du bihotzean bestelako taupada. Bera ez zen judutarra. Bera samariarra zen. Azkar asko jabetzen da merezi gabeko dohaina jaso duela. Gero ere izango du apaizengana joateko beta. Baina aurrena Jesusi «eskerrik asko» esan behar dio. Eta halaxe egiten du. Eta egiazko sendaketa «eskerrik asko» horretatik datorkio. «Zure sinesmenak sendatu zaitu». Besteei haragia sendatu zitzaien, esker oneko samariar honi bihotza eta bizitza sendatu zaizkio.

Pasadizo horrek detaile asko dauka aztertzekoa. Baina bat gutxienik garbi ikusten da. Hamarretatik bat dator eskerrak ematera, eta bera kanpotarra da. Kanpotarra izan behar esker onaren lezioa emateko! Beharbada, kristautasuna barrutik jaten duen pipirik baldin bada, hori zorraren pipia da. Pertsona bat bizi daiteke zorretik ala dohainetik. Eta zorraren kontzientziaz bizitzeak jaten digu barrutik fedearen poza. Fededun baldin bagara, normala iruditzen zaigu hala izatea, beti hala izan garelako. Jainkoaren Hitza entzuten badugu, normala. Eukaristia hartzen baldin badugu, normala. Kristau izateari harriduraren barne-zirrara kendu diogu, emozioa kendu diogu, dohainaren kontzientzia kendu diogu. Jarri egin gara, ohitu. Eta ohiturakeriaren zabarkeriak poza jan digu. Eta begira: kristau izatea ez da normala. Jainkoaren Hitza eta Eukaristia ez zaizkigu zor. Baldin badauzkagu, sekula ordainduko ez ditugun dohain debaldeko bezala dauzkagu. Bada elizara ez datorren jendeagatik gaizkiesaka jarduten duena, dena elizara etortzeak konponduko balu bezala. Ba, askotan kanpokoek ematen digute leziorik handiena. Fedea ez du elizara etortzeak neurtzen, esker onak baino.

Haurrei esker onekoak izaten erakutsi nahi izaten zaie gure sukaldeetan. «Zer esaten da?» galdetu ohi ziguten umetan gurasoek. Eta guk berehala esan ohi genuen «eskerrik asko». Esker onekoak izaten ez da, ordea, buruz ikasten. Esker onak dohainaren kontzientzia behar du, maitasunaren kontzientzia. Maitatua sentitzen denak bakarrik daki eskerrak ematen. Eta kristautasuna betebehar mordo bat bezala ikusten denean, saiatuta ere ez da esker onik sortuko. Kristautasuna Jainkoaren maitasunak sortzen digun xarma eder bezala ikusten denean, berez sortzen da esker ona. Eta hortxe dago gakoa: ea Jainkoak maite gaituela sinesten dugun ala ez.

Esker onak erakusten du barrua bakean daukagun ala ez. Esker onean antzematen zaigu  geure barruarekin adiskidetuta bizi garen ala ez. Esker onak erakusten du Jainkoaren maitasunak harritu gaituen ala ez. Jainkoak bere seme-alaba egin baldin bagaitu, badakigu dena Aitaren dohain eder dugula. Eta zer egin dezakezu eskertu baino? Eukaristia esker onaren festa da.

Zergatik gara esker txarrekoak? Handiustez gabiltzalako, besteen beharrik ez dugulako, maitasunari ihes egiten diogulako, Jainkoa nagusi zorrotz ikusten dugulako. Eta esker txarrak bihotzeko iluna eta mikatza sortzen digu. Esker ona falta dugunean, dena ilun eta beltz jartzen zaigu bihotzean.

Baina bizitza dohain huts ikusten duzunean, ez zaitu batere harritzen Naaman sendatuaren eskertu nahiak. Ezta samariar sendatuaren «eskerrik asko» sentituak ere. Bizitza dohainaren sintonian bizi duzunean, dohainaren neurrietara zabaltzen da bihotza, eta poza eta harridura bizi dituzu. Eta dena edertu egiten da. Esker onak bihotzeko bakea erakusten du.

Gaurko Eukaristia honek, Ebanjelioko samariarra bezala, atzera itzularazi behar gaitu. Atzera, Jesusi «eskerrik asko» esatera. Esker onezko festa handia izan dadila gaurko ospakizuna. Eta gero eguneroko bizitzan dena esker on bihur dezagula. Ondo begiratuta, dena baitaukagu eskertzekoa!

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna izan bedi zuekin.

Jainkoak entzuyten du bere pobreen eskaria. Eta gu ere behartsu gatoz Jaunaren aurrera, konfiantza handia duten pobreak gara.
Eukaristian Jainkoak bere dohain osoa ematen digu, eta nola ez diogu gure uste on osoa eskainiko? Eukaristiaren hasieran gure bizitza eskuetan hartu eta Jaunaren aurrera etor gaiotezen, berak maite gaituela sinetsiz.

Isilune sakonean, jar gaitezen Jaun errukitsuaren aurrean, gure bekatua aitortu eta errukia eskatuz. (Isilunea).

— Jesus Jauna, zure behartsuen deia entzuten duzuna. Erruki, Jauna.
— Jesus Jauna, beti errukiz erantzuten diguzuna. Kristo, erruki.
— Jesus Jauna, gure uste ona gehitzen eta indartzen diguzuna. Erruki, Jaun.


PREFAZIOA
Adiskideok, eskerrak eman diezazkiogun gure Jaunari. Otordu hau gizaki guztientzako otordua da. Guztiok maitasun berean elkartu nahi gaitu. Eta poz horixe bizi eta eskertu behar dugu.


GURE AITA
Aita Jainkoak mundu guztira zabaldu nahi du bere erreinua. Horregatik, esan dezagun Jesusi ikasi diogun otoitza.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Gero ebanjelioa entzuteko prestatuko gaitu Itun Zaharreko pasadizo honek. Otoitz saiatuaren eredua da. Jainkoarengan erakusten duen uste ona guri ere ongi datorkigu.
2. Entzutera goazen hitzok guretzat dira. Bakoitza eta denok Jesusen Berri Ona hots egitera deituak gaude.




HERRI-OTOITZA
Jo dezagun otoitzez Aitarengana. Eska ditzagun Ebanjelioaren edertasunak gizon-emakume guztientzat, batez ere pobreenentzat.

*    Kristau herri osoaren alde: Jainkoaren bihotz handian sinetsi eta uste onez bizi dadin.

*    Bizitza inolako babesik gabe bizi dutenen alde: Jaunarengan konfiantza jarri eta uste onez bizi daitezen.

*    Otoitza ahaztuta daukatenen alde: Jaunak entzuten dituela jabeturik, harengana konfiantzaz jotzen ikas dezaten.

*    Sufritzen duten guztien alde eta, batez ere, hirugarren munduan beharrezkoenen premia sufritzen dutenen alde: Berri Onaren pozak eta guztion solidaritateak giza-maila librera jaso ditzan.

*    Eukaristia hau ospatzen ari garen guztion alde: behartsu eta behartsuekin bizitzen ikas dezagun, Jaunarengan gure bizitzaren ardura utzita.

Dei egiten dizun herriari entzuten diozun Jainko ona, entzun itzazu gure eskariak, eta emaguzu uste onez bizitzea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.





HOMILIA
Adiskideok! Jainkoak bere arduraz zaintzen ditu bere seme-alabak, ardura gertuko eta handiz. Maite dituelako. Ez da, beraz, batere harritzekoa uste onean bizitzeko deia egitea. Ez gaude edozeinen esku. Maite gaituenaren esku gaude. Eta nola ez gaitu babestuko maite gaituenak? Maitasun horren konfiantzak eusten dio kristau fededunari. Eta konfiantza horren pozak pozten du barruan.

Uste onez eskatzera dei egin digu, oraintxe entzun dugun ebanjelioak. Gauza jakina da, gaur egun badirela eskari-otoitza ondo ikusten ez dutenak. «Jainko Aitak badaki zer behar dugun, guk eskatu gabe ere» esaten dute. Eta arrazoi dute esaten duten horretan. Baina, fededunak ez du eskatzen Jainkoari informazioa emateko, bere uste ona azaltzeko baizik. Familiako aita batek ere ondo asko daki zer behar duen bere seme edo alaba txikiak, eta gauza asko eskatu gabe ematen dizkio. Baina, bide batez, seme edo alaba txikiak, bere eskarietan, aitarengan daukan konfiantza eta uste ona erakusten du. Eta konfiantza hori da balio duena.

Eskari-otoitzaren balioa azpimarratu zaigu lehenengo irakurgaian. Moisesen otoitz-jarrera horrek Jainkoa bere alde jartzen du. Jainkoa, beraz, Moisesen otoitzaren esku zegoen? Ez, noski! Eskari-otoitzak gureaz askoz gehiago esaten du Jainkoarenaz baino. Jainkoak nahi duen bezala jokatzen du bere maitasunean. Eta guk ez dugu Jainkoaren nahia ukatzen. Baina, gure otoitzak barruko taupada erakusten du Jainkoaren aurrean. Eta Jainkoak behartsuaren barne-taupadari erantzun egiten dio. Ez diola guk uste bezala erantzuten? Jainkoak beti onez erantzuten du.

Eskari-otoitzak, gainera, Jainkoaren erantzuna onartzera garamatza. Guk nahi bezalakoa ez bada ere, eskari-otoitzak Jainkoak emandakoaz ohartarazten gaitu, bera onartu eta eskertzera eraginez. Eskatzen duen pertsona Jainkoaren eskuetan gelditzen da. Eta Jainkoaren borondatea jasotzeko prest jartzen da. Hitz batean esateko, konfiantza da, eskari-otoitzak sortzen duen barne-sentimendua konfiantza da.

Eta konfiantza horrek eramaten zaitu bizitzan ausarta izatera eta arriskatzera. Askotan geure biziera babestu nahirik, ez dugu ebanjelizazio-lana onartzen. Geure erosotasun errudunean etzanda gelditzen gara. Konfiantza falta. San Paulok Timoteori esan diona gogoan eduki behar genuke: «Zabal ezazu hitza; ekin, egoki denean eta ez denean». Adiskidea, ez duzu izan behar gainetik nola edo hala kendu behar den astun latoso horietakoa, San Paulok eskatzen duena ez baita hori. Baina, bizi ezazu zure fedearen esperantza ausardiaz. Bizi ezazu bizipoza. Bizi ezazu Jesusen Berri Ona. Bizi, laneko une ilunetan, harremanetako une zail edo gozoetan... Bizi, negozioetan, politikan, kulturan… Berri Ona bizi, behartsuekiko hurbiltasunean, gaixoekiko ardura maitalean... Bizi ezazu Berri Onaren zoriona! Bizi!

Bizi bakarrik? Eta esan ez? Bizitzea bada nahiko esate, baina, hala ere, bizi baldin baduzu, izango duzu esateko aukera ere. Batek baino gehiagok jakin nahiko du nondik ateratzen duzun zure esperantza hautsiezin hori. Nondik ateratzen duzun pozik bizitzeko koraje hori. Nork ematen dizun sekula amaitzen ez zaizun pobreenganako joera hori. Batek baino gehiagok jakin nahiko du nork egiten zaituen barrutik hain libre. Nork egiten zaituen hain zeu.

Eta orduan zuk esango diezu zure esperantzaren arrazoia. Zuk esango diezu zorion eder baten presentziak ukitu zaituela. Zuk esango diezu sinestearen zoriona dela zure historia. Eta orduan, auskalo zer pentsatuko eta esango duen zure entzuleak, baina jakingo du gure giza historia honetan gertatu dela zorion berezia. Gizon-emakume mordoxka dezenteari sentidu eta bizipoza ematen dion zorion berezia. Eta, zure bizitzaz eta zure hitzez, sinestearen zorionaren historia luzeari beste maila bat gehiago erantsiko diozu. Konfiantzaren kontuak!

Bukatu aurretik, eta aipatutako edertasun guztiari izpirik kendu gabe, galdera bat egin behar dizut: Jesus sinesmenez ikustea zorion bezala bizi ote dugu? Bizitzea ez ezik zabaltzea ere merezi duen bizikizun al da zuretzat Berri Ona? Zerbait zorionekoa gertatu al zaigu geure barruan? Benetako konfiantza sortzen dizun zerbait zorioneko eta berezia?

Bihotz barrutik kanta dezagun gure fedea, fedearen zoriona. Kanta dezagun gure fedea! Eta gero, ogi eta ardo egina, ospa dezagun guri gertatu zaigun maitasunezko historia! «Zorionekoak baitira sinesten dutenak».

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bedi zuekin.

Berriro ere elkarrekin gara. Zorionez! Igandearen deiak bata bestearengana ekarri gaitu. Bakoitzak dituen beste pertenentzia guztietatik, gure bihotzen nagusi den Jaunarengana gatoz. Izan ere, gauza askotan bagabiltza ere, eta ibili behar dugu, gu izan, Jaunarenak gara!
Gure batzar honek buru Jesus bera du. Gu guztiok haren hitza entzun eta, otoitzean eta kantuan, haren dohaina jaso nahi dugu. Jaunarekin eta geure artean oinarrizko elkartasuna berritu nahi dugu. Arrosarioko Andre Mariaren igandean, lehen fededuna ere lagun izango dugu ospakizunean.

Gure bilerari hasiera emateko, gure bihotzak hustu ditzagun egoismo eta itsukeria guztitik, Jaunaren hitzaz bete daitezen.
– Jesus Jauna, bihotz bera eta apala zarena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gu gaitzetik askatzera etorria. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zeure barkazioz bakea ematen diguzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Jainkoa gure artean salbatzaile dugula sutsu sinetsiz, eskerrak eman diezazkiogun gure Aitari. Eta eska diezaiogun Espiritu Santua gure biziera osoa berri diezagun.


GURE AITA
Ikasleek hala eskatzen zaioten Jesusi: «Indartu iezaguzu sinesmena». Eskari berbera egin behar diogu guk ere, Jesusek irakatsitako otoitza esatean.


HONA HEMEN
Hona hemen Jesu Kristo. Bera dugu egiazko askatasunera garamatzan Jauna! Berak elkartzen gaitu Aitarekin fedearen elkartasunaz. Zoriontsuak Jaunaren mahai honetara deituok!





B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1.    Profetaren hitzez, askok askotan egiten duten galdera egiten dugu: Jainkoak zergatik ametitzen du gaitza? Jainkoaren erantzuna entzungo dugu: sinesmena behar dugu eta Jainkoaren promesa itxaron.
2.    Timoteori ari zaio San Paulo: jaso duen dohaina bete-betean bizi eta ebanjelizatzaile izan behar du. Guretzat ere balio du mezu honek.





HERRI-OTOITZA
Kristorengan sinesteak ematen digun konfiantzaz, otoitz egin diezaiogun zeruko Aitari gizon-emakume guztien alde. Berak entzungo du pobreen deiadarra. (Kanta dezagun: ENTZUN, ARREN, JAUNA!)

•    Gotzain, apaiz, diakonu eta eliz zerbitzari guztien alde:  eskuen ezartzeaz hartu zuten grazia sutu eta areagotu dezaten.

•    Nahigabe eta sufrimenduen eraginez, beren fedea kolokan ikusten dutenen alde:  Jainkoaren agintzaria beti betetzen dela jabetuz, uste onenaz aurrera egin dezaten.  

•    Kristau militanteen alde: beren hitzez eta egintzez, Jesu Kristorengan duten fedea erakuts dezaten, eta haren Berri Onaren lekuko izan daitezen.

•    Beren eguneroko lana, duintasunik gabe eta inguru-giro gaiztoan ari dutenen alde:  borondate oneko gizon-emakumeengan babesa eta aurrera-indarra aurki ditzaten.  

•    Gure fedearen misteriorik nagusiena ospatzen dugunon alde:  fedea indartu dezagun, gure biziera eta jarduera osoaren sentidu eta argi gerta dakigun.

Jainko eta Aita gurea, onar zuk zeuk sortu dizkiguzun nahi hauek. Zure laguntzak eman diezagula fede handiagoa eta esperantza sendoagoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



 

HOMILIA
Senideok: fededunak ez luke asmatuko iganderik gabe bizitzen. Jainkoaren Hitza, Eukaristia, elkarrengana biltzea... behar-beharrezko gauzak ditu bere fedeari aurrera-nahia eta argia opa dizkionak. Izan ere, eliz elkartera etortzen garenean, eguneroko bizitzatik etortzen gara: sufrimendutik, ezinetik, borrokatik, etsipenetik zenbaitetan, ahulalditik, gaitzaren bihotzetik... Eta igandearen mahaian Jaunaren presentziak indartu eta sendotuko ez bagintu, esadazu: nondik biziko ginateke pozik eta esperantzan!?

Igandero-igandero berresaten dugu gaurko ebanjeliokoan ikasleek Jesusi egiten zioten eskaria: «Indartu iezaguzu sinesmena». Eta Jaunak ematen digun indar berri horretan sutzen eta berritzen zaigu gure eguneroko esperantza eta argi hil-zorikoa.

Begira ezazu: Habakuk profetaren garaiko egoera hori eta jaurti dituen galdera horiek ez dira, halabeharrez, ordukoak bakarrik. Gaur ere, gure kristau herriak, eta kristau bakoitzak bakarka ere berdin, denok bizi dugu antzeko egoera. Badirudi gaitzaren poderio makurtu-ezinak betirako hankapean zapaldu gaituela. Badirudi, gaitzaren kontrako borroka alferrikakoa dela. Ez dela inolako irtenbiderik. Badirudi Jaunak berak ere ez digula presentzia nabarmenegirik eskaintzen gaitzaren kontrako aritze horretan. Gure inguruan ageri den gogorkeria, setakeria, itsukeria, gezur sistematikoa, manipulazioa... Hau ote dugu gure eguneroko maitasun-borrokari opa zaion emaitza eta fruitua?!

Hor dago Jaunaren erantzuna: «Bere garaian gertatuko da; ez du huts egingo; luzatuko balu, zaude zain, etorriko baita berandu gabe». Eta hementxe kokatzen da fede sendoak ematen digun konfiantza hautsiezina. Zailtasun eta estuasunetan ere, fedeak ez du etsitzen. Bere ahaleginaren neurriko fruituak sumatzen ez baditu ere, aurrera jarraitzen du lanean. Fededunak ondo asko daki, bere lanean ez dela bakarrik ari. Jauna ere tarteko dugula. Eta, azkenean, fededunaren lanari ez datorkio fruitua gure ahaleginetik, Jaunaren dohainetik baizik. Gure gizadiak sortu dituen bizigiro zuzengabeko ugarientzat, askatasunezko irtenbidea sortuko da. Esperantzak hala esaten digunez, aurrera egiten dugu eguneroko lan zailduan.

Ebanjelioan eman zaigun konparazio horrek ez al dizu argirik ematen? Bere gehiegikerian ere, argitsua gertatzen da: «Mostaza adinako sinesmena bazenute... egingo luke zuen esana». Eramaitzazu hitz horiek zure eguneroko jardueran inguratzen zaituen gaitz horretara. Fedearen indarrak ezinezkoak ere aukeran jartzen dizkigu, eskura jartzen dizkigu. Hori bai, gauzak ez dira guk nahi bezala gertatzen, baina Jauna ere gure eguneroko borrokan murgildua dabil. Gure borroka ez da ezinezkoen ametsetan egiten dugun lehia.

Esaten ari garen hau ez genuke inolaz ere ahaztu behar: gaitza garaitzea, ez da gure ahaleginaren neurriko fruitua. Ez da meritu edo irabazi handi batzuen kontua. «Egin behar genuena egin dugu». Eta kitto! Eskatzen  zaiguna ez da heroiak izatea, giza-mailaz gorako egintzak burutzea. Ez, ez. Jaunak zerbitzu apal batean jarri gaitu. Eta eman zaigun eguneroko zerbitzua apaltasunez eta esker onez betetzea da kontua. Askotan pentsatzen dugu, gaitzaren kontrako borroka, egintza handiak burutu ditzaketenen esku dagoela. Eta agintariei eta begiratzen diegu. Bakoitzak egin behar duena ongi egitea da kontua. Agintariak agintaritzan, elizgizonak bere jardueran, gaixoak bere ohe sufritu horretan, langileak lanean...

San Paulok Timoteori esan diona, bakoitzari esana dago: «Bizkor ezazu, nere esku-ezartzeaz zeuregan duzun Jainkoaren grazia». Espirituaren dohain berezia eman zaigu bakoitzari, eta dohain horren zerbitzua leialtasunez bizitzea da kontua. «Jainkoak ez digu beldurrezko espiritua eman». Ez dugu, beraz, gure fedearen lekukotasuna edo testigantza bizitzeko lotsarik eta beldurrik izan behar. Berri Onaren gordailu ederra jarri zaigu eskuetan eta hori zaintzea eta hori mundu-bizieran txertatzea da eginkizuna.

Fededun adiskide: eskerrak igandeko festa hau ematen zaigun! Eskerrak gure esperantza eta fedea indartzeko aukera hau ematen zaigun! Gure gizartera begira jarrita, zer ikusten duzu? Batek esaten du: oraintxe bertan alde batera utziko nuke politikari dagokion guztia, nazkatuta gaude! Beste batek esaten du: zertarako jardun on egiten, ostikadak eta jipoiak jasotzeko? Zuk akaso, gaixo horrek, behin baino gehiagotan pentsatu duzu: Zergatik ez dit Jaunak gaitza kentzen? Non arraio dabil Jauna!? Zertarako du nire gaixotasuna? Beste batek pentsatu du: Zergatik seme-alabak sortu mundu argi gabeko honetara? Beste batek: Zergatik ez bizi, beste asko bezala, atsegin hutsaren eta ongi bizitzearen bila? Zergatik bilatu justizia eta maitasuna eta eskubideen garapena eta? Zergatik?! Bakoitzak konpon dezala bere arazoa?!

Eskerrak igandeko Hitza eta Eukaristia dauzkagun! Horien bultzadaz eta argiaz, aurrera egin behar dugu. Badator Jaunaren eguna! Badator Jaunaren Erreinua! Badator Jaunak bere erregetzaren ederra bete-betean agertuko duen unea! Gu Erreinu horren langile apalak gara! Horixe dugu gure ohore eta gure edertasun!

Goazen Eukaristiaren mahaira. Goazen gure itxaropena eta gure fedea indartzen dizkigun janaria hartzera! Goazen elkarrekin, geroko borrokarako gai egingo gaituen Jaunaren presentzia sumatzera! Gure fedea aitor dezagun sutsu eta fede horren bidetik joka dezagun leialtasunez eta esperantzaz!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.