Arantzazun hitzak soberan daude. Arantzazuk onartu eta hunkitu egiten du. Begiratzera, entzutera eta sentitzera gonbidatzen zaitu Arantzazuk.
Bisitaria begirada irekiz baletor, babesak erortzen utzi eta bere hizkeraz ukitzen utziko balio, Arantzazu gizakiaren barruko onena esnarazten duen zirrara-iturri bihurtuko zaio: natura, artea, kultura, bizikidetza, humanismoa, etika, bakea, espiritualtasuna...
Anaiarte Frantziskotarra
Bost mende Andre Mariaren ondoan
Frantziskotarrek (herrian «Arantzazuko fraideak» esaten zaie) Andre Mariaren ondoan iraun dute bost mendez (1501). Fraideak izan ez balira, seguru asko, leku hau une bateko pasadizoa izango zen.
Fraideek babestu zuten irudia eta, une larrietan, herriaren sinesmena. Andre Mariak, herriak eta fraideen anaiarteak egin dute Arantzazuko historia. Pietatea, ebanjelizazioa eta kultura eskutik helduta ibili dira beti. Azken aldian ere, frantziskotarrek eutsi diote euskal literaturaren etengabeko tradizioari, ikertzaile, idazle eta olerkari handiak sortuz. Arantzazuko liburutegia erreferentzi puntu inportantea da herri honen historia eta literatura ezagutzeko.
Elkarte erlijioso batek, bere giza muga guztiekin, barrualdera egiten duen bizimoldea, gordean gelditu ohi da. Isilean otoitz egiten duen anaia, edo aitortzak entzuten ari dena, edo erromes zauritu bati bere ardura eskaintzen diona... Indar gorde hori da, eguneroko leialtasun hori, kanpoko lana eta ahalegina biziarazten eta sustatzen duena.
Egia da, garai bateko bokazio askoko urteekin alderatuz, anaidia oso gutxira etorri dela. Hala ere, duintasunez zaintzen ditu oraindik ere santutegiko ospakizunak, era askotako hitzaldiz ebanjelizatzen jarraitzen du, eta «Asis Topagunea» izeneko gogartetxean erretiro-egunetarako edo gogoetarako programa zabala eskaintzen.
Bere xumetasunean, indarrik onenak erromesen zerbitzuan ematen ditu Arantzazuko elkarteak. Etxeko lanak, gaixoak zaintzea, mojei laguntza ematea, bilerak, erromesaldia, bederatziurrena, kantua, otoitza... Anaiarte batek bere barruan bizi dezakeen jarduera anitza bizi da Arantzazun.
«Gure anaidia, frantziskotar anaitasuna, Frantzisko Asiskoaren antzera bizi eta Ebanjelioa eskaini nahi duena, egungo kulturarekin elkarrizketan, espiritualtasuna, artea, natura eta historia elkartzen diren leku batean. Bere erronka ez da soilik ondare bat eta historia bat kontserbatzea, baizik eta esperientzia bat bizirik mantentzea: harrera, barnekotasun, bilaketa eta anaitasun espazio bat gizarte sekularizatu baten erdian.»
Anaiarte Frantziskotarra, Arantzazu
Historia eta ondarea
Bost mende, hainbat su, basilika berri bat
- 1468
Rodrigo de Balzategi artzainari Ama Birjina agertu zitzaion elorri baten gainean — hortik dator "Arantzazu" izena eta lehen ermita.
- 1553
Lehen sutea, San Juan Ebanjelariaren egunean; hasierako eliza erabat suntsitu zen.
- 1622
Bigarren sutea, uztailaren 14an; komentuaren zati bat erre zen, baina kapera bizirik atera zen.
- 1834
Hirugarren sutea, Gerra Karlistan; frantziskotarrek Arantzazu utzi behar izan zuten.
- 1846
Eliza berreraikia eta bedeinkatua.
- 1950
Basilika berriaren lehiaketa: Francisco Javier Sáenz de Oizak eta Luis Laorgak irabazi zuten; irailaren 9an jarri zuten lehen harria.
- 1955
Basilika berria bedeinkatu eta erromesei ateak zabaldu zizkioten, abuztuaren 30ean.
- 1954–1969
Dekorazio-eztabaida: gotzainak artisten lana debekatu zuen urte batzuez. Oteizaren apostoluak 1969an jarri ziren azkenean; Basterretxearen kriptako muralek 1985era arte itxaron zuten amaitzeko.
Artxiboko argazkiak
Bisita gidatua
Basilika pausoz pauso
Galderei bide ematen dien lekua da Arantzazu. Eta lehen galdera fatxadak berak egiten dizu, sartu aurretik. Apostoluen gainean dagoen Pietateak ez dio inoiz galdetzeari utzi: zergatik?
Jorge Oteizaren eskulturek eta eskaileretan behera jaisteak barnera begira jartzen gaitu, eta galderek akaso, barrua hustu. Chillidaren ateek ezer itxi baino, Arantzazuko basilikaren sarrera irekitzen digute. Eta orduan, barne-ibilbide espirituala, ia iniziatikoa, gidatzen duen hizkuntza sinboliko oso bat osatzen duten argia eta kolorea hitz egiten hasten dira.
Ateak zeharkatu bezain laster, goitik erortzen den argi ahul batek apenas etenten duen iluntasun leun batek inguratzen gaitu. Ilunantze horrek jatorriaren misterioa irudikatzen du, galderetan murgildutako giza izaera, munduaren zama, existentziaren itzala. Gure baitan aurrera egitera gonbidatzen gaituen ibilbide baten hasieran gaude.
Aurrera egin ahala, espazioa gurutzadurantz irekitzen da, eta han trantsizio erabakigarri bat gertatzen da. Argia areagotu egiten da Eulateren urdin-tonuko beirateei esker. Argi urdin sotil baina dardarati horrek itxaropena sinbolizatzen du, goratzeko nahia duen arima. Pauso bat emateko unea da: iluntasunetik argitasunera, munduaren zamatik dimentsio argitsuago baterantz.
Azkenik, Lucio Muñozen absidera iristen gara. Hemen argia errebelazio batean amaitzen da. Argitasun zuri zentral batek presbiterioa bustitzen du. Hemen ez dago itzalik, ez tarteko kolorerik: argi osoa bakarrik. Agindutako betikotasunaren sinboloa da, betetasun espiritualarena.
Ibilbide honetan, beirateak bitartekari bihurtzen dira. Argia iragazi eta eraldatzearekin batera, beirateek gu ere eraldatzen gaituzte. Ikusgaitik ikusezinera, berehalakotik betikotasunera igarotzera gonbidatzen gaituzte. Horrela, tenplu barruko urrats bakoitza argiak gidatutako kontenplazio-ekintza bihurtzen da: —hitzik gabe— sakratuaren erdigunera eramateko prestatzen gaitu eta begirada garbitzen digu.
Misterioa
Bi munduren artean
Misterioa deitzen dugun eraikin hau, Gandiaga Topagunearen eta Santutegiaren erdian dago. Gune hau isiltasunerako da, egoteko, barrura begira gelditzeko, bestela entzuten ez diren hitzak aditzeko, zeurekin hitz egiteko...
Sarreran, hortxe dago Oteizak eginiko irudi ederra: fraide frantziskotarra, bisitariari Andre Mariaren eta bere Semearen irudia eskaintzen. Fraideak eskaintzen duen Ama-Semeen Misterioak ematen dio eraikinari izena. Barruan beste irudiak dauzkazu; barruko bilaketarako irudiak dira. Elorria lur umeletik sortzen da, harkaizpean dagoen haitzulotik. Aurpegi-ilada luzea daukazu alboko paneletan: lehengo eta gaurko erromesak dira.
Ezin daiteke hemendik presaka pasa. Eseri, minutu batzuetan geratu, eta barruko nahiekin lotuta dauden hitzak aditu. Zeure barruak eta testiguek zeure bilaketan lagunduko dizute eta, onenean, Misterioaz jabetuko zara.


08