liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bizia maitasunez zaintzen duen Jaunaren bakea, zuekin.

 

Igandeari dagokion ilusioz bildu gara gaur ere Eukaristiaren mahaira. Hemen indartu nahi dugu gure itxaropen zauritua. Ardura eta kezka asko du gure bizitzak. Era askotako ardura eta kezkak. Eta horiek gure bizitza askotan babesik gabe bezala sentiarazten digute. Baina, Jauna gurekin dago. Eta Eukaristian erakutsiko digu Jaunak gurekin dagoela. Bihotza ireki diezaiogun Jaunaren maitasun arduratsu eta neurrigabeari.

 

Gure bekatuak uste ona eta konfiantza kendu digu bihotzetik. Bekatu hori aitortu eta errukia eskatzetik abiatu behhar dugu.

 

– Jesus Jauna, huts egiten ez duen Aita eman diguzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zeure segiziora oso-osorik deitu gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Erreinuaren langile saiatu egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jesusen Pazkoak eusten dio gure sinesmenari eta gure itxaropenari. Konfiantzaz esan dezagun eukaristi otoitz nagusia eta berri ditzagun gure bizitzaren oinarriak.

 

 

GURE AITA

«Bila ezazue Jainkoaren Erreinua eta beste guztia gehigarri emango dizue Jaunak». Uste onez eska dezagun Jainkoaren Erreinuaren etorrera askatzailea.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: Jainkoaren Hitzak ematen digun konfiantzaz eta adorez, jo dezagun zaintzen gaituen Aita onarengana eta eska diezaiogun babesik gabe sentitzen diren guztien alde.

 

- Elizaren alde:

maitasunaren ospakizuna eginez, konfiantzaz bizi eta konfiantza zabal dezan gizartean.

 

- Munduko herri guztien alde; demokraziaren aldeko ahaleginean ari direnen alde; Siria, Venezuela eta larri dabiltzan herrien alde:

gizakiaren ontasunean uste on izan dezaten, duintasunaren bila etsi gabe saiatzeko.

 

- Gure gaixo eta nahigabetuen alde, lanik gabe geratu diren pertsona eta familien alde:

mundu zuzenago baten ilusioak eta gure solidaritateak eutsi diezaien justiziaren aldeko lanean.

 

- Babesik gabe sentitzen diren guztien alde; etorkinen alde:

Jauna ondoan dutela esango dien esku maitale eta laguntzailea gertuan senti dezaten beti.

 

- Eukaristia ospatzera bildu garenon alde:

gure sinesmena indartu eta maitasun handiz Jainkoaren Erreinua eraiki dezagun gizartean.

 

Entzun, Aita ona, egin dizkizugun eskariak. Maitatzen eta zaintzen gaituzunez gero, eraman gaitzazu beti eskutik. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

Bizitzak kezka asko du, gehiegi. Eta hainbeste kezkaren artean geure bizitzaren norabide egokiak galtzen ditugu askotan. Eginbeharrak eta lortu-nahiak, bata bestearen atzetik ez, bata bestearen gainean datozkigu. Ez dugu denetarako astirik. Eta ez dugu denetarako adorerik. Kezkak asko nekatzen baitu.

Baina, noski, kezken bereizketa ere egin beharko dugu noizbait. Ezingo dugu bizitza kezka artean galdu. Ezingo dugu bizitza alferrik desegin hainbeste ardura eta estuasunen artean.

Eta bereizketa egiteko, galdera xume bat: kezkek zer ematen digute? Hainbeste kezkaren morrontzan, zer lortzen dugu?, zer irabazten? Sarritan zerbait lortu nahiaren kezkaz, lortzen al dugu lortu nahi genuena? Ez al zaigu geratzen halako hutsune sakon eta nekagarri bat barruan: «Hau dena zertarako?»

Bihotza lasaitu beharra daukagu, bestela ez dugu oinarrizko bakerik izango. Bihotza eta beraren grinak neurri onetara ekarri beharko ditugu, bestela ez dugu inolako atarramentu onik izango. Bizitzari beharrezko zaizkion kezkak eta alferrikako zaizkionak bereizten ikasi beharko dugu.

 

Bestela, sakonean Sioni gertatu zitzaiona gertatuko zaigu: «Baztertu egin nau Jaunak, ahaztu nire jabeak». Bakardade ilunaren sentsazio sakonak tristetuko digu bizitza. Gure kezka eta jardunbehar guztiek ez baitigute bizia ematen, nekatu eta kendu baizik. Eta nekatuta gabiltza, bidea erakusten eta zutik eusten zigun eskua galdu izango bagenu bezala.

Jesusek argi zeuzkan gauzak. Jesus ez da kezka itogarrietan kateatzen. Bera Aitaren nahia egitera etorria zen, eta hartan ematen ditu indarrik onenak ez ezik indar guztiak ere. Benetan hunkigarria da Jesus otoitzean ikustea, jende guztia bila dabilkion bitartean.

 

Gaurko ebanjelio-atalean ederki zehaztu zaigu bihotza baretzen duen kezka: Jainkoaren Erreinuarena. Horren ondoan beste kezka guztiak, premiazkoenak ere (janztea, jatea...), bigarren mailakoak dira, eta alferrikako nekea sortzen dute.

Ebanjelioko Aita onak badaki zer behar dugun, eta berak zaintzen gaitu gure behar guztietan, Erreinuaren behar nagusian eman ditzagun gure ahaleginak eta ardurak. Eta Erreinuari ematen diogunean gure ardura, gure denbora, gure ahalegina, orduan Aitak babesten gaitu bestelako behar guztietatik. Beharrezkoa bakarra izan!

 

Eta zer esan, aipatzen ditugun behar horiek artifizialki sortuak direnean? Gaurko gizarteak hainbeste behar azaleko sortzen digu. Gezurra dirudi, baina gure eguneroko bizitzan sentitzen ditugun behar gehienak, gezurrez sortuaz izateaz gain, alferrikako beharrak dira.

Eta behar horien kezkatan gabiltza: lan egin, irabazi, gastatu, ondo jan, dotore jantzi, azaldu, itxura erakutsi, neurriak eman, maila azaldu, kotxea, etxea... Eta zertarako? Pozik bizitzeko? Zoriona gozatzeko? Gustura bizitzeko? Harremanak hobetzeko?

Sikira gizatasunari zerbait hobea ematea lortuko bagenu! Eta etzazu pentsa gauzen eta ondasunen kontra ari naizenik. Ez. Gezurrezko kezken kontra ari naiz. Izan ere, gertatu zaigun txarrena da azaleko kezkak jarri zaizkigula nagusi, eta beharrezkoak estaltzea besterik ez dugula lortzen.

 

Mila gauzaz arduratu beharra daukagu, badakit hori. Baina, gure bihotzaren zutabea non daukagun, hori da galdera. Izan ere, eguneroko bizitzak dituen ardurak era askotara bizi daitezke: dena geure indarrez egin nahiaren larritasunez edo gauza guztiak erlatiboak direla jakitearen baretasunez.

Bada esaldi bat, ez dakit norena den baina, gutxi gorabehera aipatzen dudana: «Gauzak egin behar dira, dena gure esku edukitzearen ahaleginez eta dena Jainkoaren esku dagoela sinestearen konfiantzaz».

Azken batean, gure bizitzaren norabidea bihotzeko konfiantza-jarreran jokatzen ari gara.

 

Gaur irakurtzen dugun ebanjelio-zatiak ez du galtzekorik ezer. Jesusek a zer nolako konfiantza sakon eta gozoa erakusten duen! Dena bere Aitaren esku utzita dauka. Badaki bere kezka bakarra Erreinua adieraztea duela. Eta dena Aitaren mezu horren zerbitzura jarri behar duela.

Pena da gure jarrera eta jokamoldea. Hainbeste kezka, hainbeste sufrimendu, hainbeste ahalegin, hainbeste estuasun, hainbeste desditxa, hainbeste irabazi-behar, hainbeste erosi-behar, hainbeste azaldu-behar, hainbeste ezin eta samin, hainbeste itolarri, hainbeste kezka...

Eta... zertarako?! «Bila ezazue lehenengo Jainkoaren Erreinua eta beraren justizia, eta beste guztia gehigarri emango zaizue». Izan dezagun uste on!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.