liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaiok, ongi etorri Pazko-ospaketa honetara. Jesu Kristo berpiztu duen biziaren Aitak hautsi ditzala heriotzaren kateak. Jauna zuekin!

 

Jesus Jauna guregan bizi da, eta betiko bizi da. Beraren Espirituak, maitasunezko Espiritu indartsuak, eragiten digu guri ere. Horregatik, Jesu Kristoren piztuera ospatzea, Espirituarengan ematen zaigun bizia ospatzea da. Elkarte honetan dago Jesus gurekin. Eta, batez ere, gaixoekin dago, gure gaixo maiteekin. Gaixoek ez duzue esperantzaren adorea galdu behar.

Gure ospaketa pozgarriaren hasieran, gure bihotzak tirabiran jar ditzagun. Aintzaka eta bataioko askatasun-kantuz esnatu behar ditugu ospatzen dugun misteriora.  Kanta dezagun Pazkoko argiaren edertasuna!

 

(Aintza)

 

 

PREFAZIOA

Ospa dezagun pozez, Jesusek lortu digun askatasuna! Igandeko pozaren une nagusi honetan, jaso ditzagun gure bihotzak, Jainkoak guregan egiten dituen harrigarriak esker onez goresteko.

 

 

GURE AITA

Espirituak, Jainkoa Aita dugula esaten digu. Horregatik esan ditzagun elkarrekin Jesusek irakatsi zizkigun hitzak.

 

 

HONA HEMEN

Hau da Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu duena, betiko biziaren janaria. Zorionekoak Pazko-mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Apostoluen Eginetatik irakurtzen dugu gaurko zatia ere. Gaurko mezua, Jesu Kristoren piztueraren iragarpena da, Espirituak gizartean ari duen lanaren adierazpena.

 

2) San Pedroren eskutitzari entzun diezaiogun beste zati bat. Gure kristau-bizitza berritzeko deia egiten zaigu, beti ere gogorkeriarik gabe jokatuz.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Aitaren aurrean bitarteko Jesus berpiztua dugularik, eta Espiritua gure alde otoitzean ari dela jakinik, eska dezagun gizakien premien alde. Erantzungo dugu:

 

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK.

 

• Eliza gizon-emakume guztientzako sukalde izan dadin, guztiei Jainkoaren maitasuna ezagutarazteko.

 

• Munduko herrien alde eta, bereziki, gerraren samina sufritzen ari direnen alde: Pazkoaldia bakebide gerta dakien.

 

• Garai honetan lehenengo jaunartzea egiten duten neska-mutikoak, fede-bidean aurrera egin eta hazi daitezen.

 

• Gaixoek Jesus berpiztuaren hurbiltasuna senti dezaten eta, beren ingurukoen solidaritatez eta laguntzaz, esperantzari indarrean euts diezaioten.

 

• Eukaristia hau ospatzen dugun guztiok beti gertuan senti dezagun Espirituaren indarra eta adorea.

 

Aita ona, entzun gure otoitza. Gure anaia eta gure Jauna den Jesu Kristoren izenean aska gaitzazu gaitzetik, Jaun eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

HOMILIA

 

Pazkoak, akordatzerako, oso aurrera egin digu. Gaur dugu azken igandea, Pazkoa burutzen duten bi festaburu handiak alde batera uzten baditugu, Igokundea eta Mendekoste. Eta Pazkoak aurrera egin ahala, giro berezi bat nabari zaio liturgiari. Lehenengo igandeetako poz nabarmen hark, beste giro apalago eta bareago bati egin dio leku. Ez poza galdu dugulako, horixe behar genuke! Baizik, Jesusen Aitarengana joateak giro berezi hori dakarrelako berekin.

 

Eta giro hori zehazteko, hauxe ikusten dut lehenengo: Jesus badihoa eta ikasleek triste bezala sentitzen dute beren burua. Orain artean beren maisuarekin ongi ibili dira. Orain, Maisua badihoakie, eta zer egin dezakete, pentsatzen jarrita? Jesusek, giro honetan, Espiritu Santuaren promesa bikaina egiten die. Fededunak ez dira munduan bakarrik geratzen. Fededunak ez dira umezurtz eta irtenbiderik gabe gelditzen. Jesus beraiekin geldituko da, Espiritu Santuaren bidez. "Egiaren Espirituak" argituko ditu Berri Onaren ezaupide betean eta munduan bete behar duten egitekoan. Pazkoak ez die Jesus galarazi ikasleei. Baina bai beste era batera tartean jarri.

 

Espiritu horrek Jesusen eta Jainkoaren presentzia gorpuztuko du fededunen artean. Espirituarengan Jesus ikusten du fededunak. «Ikusiko nauzue eta biziko zerate, Ni bizi bainaiz». Munduak antzematen ez badio ere, fededunak badu entzumen berezia, Espirituaren presentzia gozo horri arrastoa hartzeko.

 

Bi zeratan antzematen zaio Espirituaren eraginari:

  • - Lehenengo, maitasunean. «Ni maite nauena, maiteko du nire Aitak eta Nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio». Eta, gainera, maitasun honek gure arteko maitasun izatera iritsi behar du: «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak». Eta, dudarik gabe, bete behar dugun agindua, maitasunaren agindua da. Pazkoko Espirituak sortzen digun maitasuna.
  • - Bigarrenik, Espirituari bere egintzetan antzematen zaio. Lehenengo irakurgaian ikusi dugu: Espirituak sendotzen du, ikasleen bidez finkatu zen bizi eta bide berria. Espirituaren egitez Berpiztuak osasuna eta salbabidea sortzen zuen. Espiritua egiaz presente dago Elizaren bizibidean.

 

Pazko esaten dugu. Eta egia da, Pazkoak poza du bere ondoriorik nabarmenena eta argiena. Poza. Gaur Liturgiari baimena eskatuta, poz honi buruz hitz egin nahi dizuet zuei, gaixo eta oinazetan aurkitzen zaretenoi. Izan ere gaur gaixoen eguna dugu. Eta nik galdetzen dut: zuentzat ere Pazkoa poza ote? Gaixoentzat ere Pazko? Hala ote?

 

Zuentzat ere poza. Eta zuentzat, batez ere, poza. Eta hori esanez, ez nuke inoren mina edo negarra atximurkatu nahi, min hori areagotzeko. Ez horixe! Baina, aizu, adiskide jator, zuretzat da poz Pazkoa. Ez poz, gaixo zaudelako, gaixo egotea inork ez baitugu nahi. Baina poz, gaixo egonda ere. Jesus berpiztuari, gaitzari baino askoz ere indar eta ahalmen gehiago aitortzen baitiogu. Eta horregatik diot nik, Pazkoa denontzat dela poz. Eta guk, egia esateko, inori pozik opa badiogu, zuei, gaixo zaudetenoi, opa dizuegu. Hain zarete gureak, eta hain zarete Pazkokoak.

 

San Pedrok ederki asko esan digu: «Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan». Beti ere horixe dugu gure eginkizun nagusi: Jesu Kristo goratu gure bizitza osoan, gure zailtasunetan, gure gaixoaldian, gure ezinean, gure suerte txarrean, gure eguneroko une guztietan. Eta Jesu Kristo goratu, batik-bat, pozaren testigantzaz. Begira: pozik bizi denak beti sortzen du inguruan galdera hau: Zergatik bizi da hori pozik? Eta poz hori gaixo dagoenen batengan ikusten denean galdera hau sortzen da: zergatik dago hori pozik, gaixo egonda ere? Eta orduan, Pedrok esan diguna: «Prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoibidea emateko, eskatzen dizueten guztiei». Eta orduan gure poza, aukera paregabe bihurtzen da Jesu Kristoren Pazkoko argiaz eta salbazioaz hitz egiteko.

 

Entzule fededun, gaixo maite, benetan esango dizut: zu, zeure sufrimenduz, zeu zara Piztueraren aitorlerik onena. Zuk baitaukazu, pozik bizi bazara, Piztueraren argumenturik eta arrazoirik ukaezinena. Pozik eramaten den sufrimenduak kezka edo galdera handia sortzen du bere inguruan.

 

Pazkoa eta poza. Pazkoa eta Espiritua. Espiritua eta poza. Jainkoaren argitan bizitzetik datorkigun bizimaila berri eta ordainduezina. Jainkoak maite gaitu. Jesusek maite gaitu. Guk elkar maite dugu. Eta maitasun horrek elkarrekin pozik bizitzera garamatza. Jesus Berpiztua gurekin baitago Espirituaren eraginean. Eta Jesus presente dugularik ez diogu ezeri eta inori beldurrik. Presentzia horren poza ez digu ezerk kenduko bihotzetik.

 

Goazen Eukaristiara. Pazkoko dohaina hartu behar dugu hortxe. Jesus gurekin dago Espiritu-emale. Espiritu horren eraginez aitor dezagun gure kristau fedea.

Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.