liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jauna zuekin!

 

Ongi etorri igandeko kristau-ospakizunera. Esku arteko lanak alde batera utzi eta oporretan; edota oporrak amaiturik lanean, bakoitza berean. Ohiko lagunengandik apartatu gara beharbada, baina hemen gaude fededunok bat eginda, ohikoekin edo beste batzuekin, baina fededunekin beti, Eukaristia ospatzeko prest.

Jauna aurkitzea da lor dezakegun altxorrik bikainena. Hala dio gaurko ebanjelio-zatiak. Horrela ikusten eta bizi al dugu? Pozik al gatoz Jaunarekin topo egitera? Ea gaurko ospakizun hau benetako topaketa gertatzen zaigun!

 

Jainkoaren aurrean ahul eta bekatari ikusten dugu geure burua. Hala ere, Jaunaren barkazioak pozten gaitu. Jo dezagun esker onez eta beharrez beraren errukitara.

 

- Jesus Jauna, zorioneko egiten gaituzuna, erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, pozik bizitzeko deia egiten diguzuna, Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, gure biziko altxorra zarena, erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Ospaketaren une handienera etorri gara. Jesus gurekin dago. Bera dugu gure bihotzen altxor preziatua. Eskertu dezagun gogoz eta pozez.

 

 

AITA GUREA

Jesusek ikasleei irakatsi zien otoitza esatera goaz, gure bizitzari goi-maila ematen dion otoitza. Familia bereko senide garenez, denok bat egin eta esan dezagun.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Zer lortu nahi dugu gure bizitzan? Zer amets dauzkagu? Jesusek Ebanjelioan garbi esango digu zer behar genukeen borrokagai eta amets! Ebanjelioko unearen atari bezala, Itun Zaharreko pertsonai batek zer aspirazio zituen erakusten digu. Ea entzun!

 

2) Jainkoarengan dugun itxaropena indartu nahi liguke, Paulok erromatarrei idatzitako gutun honek. Jainkoak bere Espiritua eman digu, esaten genuen joan zen igandean. Entzun ditzagun orain apostoluaren hitz kontsolagarri hauek!

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Jainkoaren seme eta alaba garela jakinik, otoitz egin dezagun usterik onenaz.

 

• Sinesmenaren altxorra aurkitzeko poza izan dugunon alde (Isilunea).

 

• Berri Ona helarazi diguten pertsonen alde: guraso eta katekista, laiko eta apaiz (Isilunea).

 

• Beren barrua ase ezinik, beste zerbaiten bila dabiltzanen alde, bihotza betetzen duen Jesusekin topo egin dezaten (Isilunea).

 

• Sufritzen ari diren guztien alde, bizi duten sufrimendua fedearen aurkako eraso gerta ez dakien (Isilunea).

 

• Elkarturik gauden guztion alde. Ebanjelioko altxorraren bilaketan lagun egin diezaiogun elkarri (Isilunea).

 

Jauna, jaso itzazu geure beharretik egin dizkizugun eskariak eta entzun baita ere beharrean dauden guztien deiak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

Azken bi igandeetan irakurri ditugun parabolen jarraikoak dira gaurko hauek ere. Eta parabola eta kontakizun hauen helburua bakarra da: Jesusek ekarri digun Erreinuaren azalpena egitea. Nola jokatzen du Jainkoaren Erreinuak mundu honetan? Ari al da Jainkoa ezer egiten? Non antzematen zaio Jainkoaren Erreinuaren presentziari? Galdera horien erantzun ziren aurreko igandeetako parabolak, eta galdera beren erantzun gaurkoak ere. Jainkoaren Erreinua kontrola ezina da giza neurriz; baina, horrek ez du esan nahi Jainkoaren ekintza ez denik sumatzen mundu honetan.

 

Legamiaren dinamikaz, barrutik kanpora; mostaza haziaren antzera, txikitik handira; Jainkoak arrapaladan botatzen duen haziaren antzera… Horrela jokatzen du Jainkoak gure barruan eta gizartean. Baina, hori bai, jokatu jokatzen du. Ez guk nahi izango genukeen bezala; baina beti egiten du bere lana. Jainkoaren Erreinua ari da mundu hau sakon-sakonetik aldatzen eta berritzen. Ekintza txikia da, geure neurriz begiratzen badiogu, hori horrela da.

 

Baina, eta hau da gaurko parabolen esanahia, Jainkoaren Erreinu hori deskubritzen dugunean, kitto!: beste guztiak ez du ezer askorik balio. Edo beste era batera esanda: beste guztia, aurkitu duzun harribitxiaren zerbitzura jartzen da. Hain da baliozkoa, hain da estimagarria, beste guztia hori erosteagatik saltzea merezi du. Jainkoarekin topo egiten denean, beste guztia erabat relatibizatua geratzen da.

 

Horrek zer esan nahi digu? Jainkoa ez dela mila gauzaren artean beste gauza bat. Jainkoak ez duela izan nahi balioen artean balio inportantea. Jainkoak ez duela gure bihotzean mila maitasunen artean maitasun pixka bat nahi. Jainkoa horretan erabatekoa da: dena eskatzen du. Jainkoak bizitzaren erdigune eta ardatz bihurtu nahi du. Jainkoak izan nahi du, hainbeste otoitzetan esaten dugun hori: bihotzeko «Jaun eta errege».

 

Baina, noski, hori ez da aginduz eta ohituraz edo hala behar duelako egiten. Benetako deskubrimendu bat behar da. Uste gabeko topaketa bat eskatzen du horrek. Espero ez den edo espero zenaren gainetik dagoen aurkikuntza ikusgarri bat dago oinarrian. Ez da nor bakoitzaren borondatez lortzen den zerbait. Ez da giza ahaleginez irabazten den ezer. Ez da portaera jakin baten ondorio. Ez da  gure maitasunaren trukekoa.  Espero ez zen, uste gabeko, aurkikuntza ikusgarria dela esan dugu eta halaxe da.

 

Jakina!, gaurko gizartean ez daukagu erraza Jainkoaren balioetara tolestatzea. Ez daukagu erraza, Jainkoa gure biziko baliotzat hartzea. Hainbeste balio eta gauza eskaintzen zaigu! Gizartean zenbait paradigma erabakia eta finkatua dago: dirua, lanpostu ona, irudia, txaloa, aitorpena, osasuna, gorputza zaintzea. Eta ez da harritzekoa balio horien morrontzan erortzea. Ez dugu esan nahi horrekin, baliozkoak ez direnik; baina ezin daitezke bihotzaren balio ardatzekotzat har. Eliza eta fedea ez daude horien kontra. Esan nahi duguna zera da: horiek baino gehiago den zerbait edo Norbait behar duela gure giza bihotzak! Eta askotan beste balio horien artean erabat galtzen dugula bizi-balio nagusia!

 

Eta beste horien bila grinatan ibilita, zer irabazten dugu?  Zoriona bai? Bizipoza bai? Bizi-sentidua bai? Gure bizitzak, behar duen ardatza bilatzen al du horiekin

 

guztiekin? Hori da kontua: barrua hutsik uzten digutela bigarren mailako balio horiek. Ez balio ez direlako, baizik beste balio nagusia falta denean ezerk ez gaituelako asetzen. Azkenean, ez da balioen gorabeheran eztabaidan hasteko kontua. Apustua argi eta garbi dago zein den: zerk egiten gaitu barrutik libre eta zorioneko? Gure bizitzaren barruko izan-grinak zerk asetzen ditu? Gure barruko bokazio nagusia bere onean sentitzen al dugu? Beste guztia alfer-hitzetan ibiltzea da! Zorionaren apustua dago gure bizitzaren erronka nagusitzat!

 

Norbaitek pentsa lezake, Jainkoa bilatuz mundu honetako balioak galdu egiten direla. Badauka deskuido ederra! Jainkoarekin ez da ezer galtzen. Gauzak eta balioak beren lekuan jartzen dira. Bizitza zentratu egiten da. Gure bizitzak ardatza hartzen du. Eta, alde horretatik, bizitza bateratu egiten da. Eta dena bere benetako balioan ikusten da. Lehenengo irakurgaiko Salomon gazteari begiratu besterik ez daukagu: bizitza ongi bideratzeko jakinduria eskatzen du. Eta horrekin bizitzako gauza inportanteak bideratzen dira.

 

Jainkoa, gure bihotzarentzako altxorra, aurkitzen denean, orduan konturatzen zara dena aldatu eta bere onera etorri zaizula. Guztia on eta bedeinkazio bihurtzen zaizu, San Paulok esan digun bezala: «Dena onerako da Jainkoa maite dutenentzat». Ikusten duzu zeure barruko bokazioa betetzen zaizula. Ikusten duzu zeure barrua bere onera datorkizula. Ikusten duzu dena saltzea merezi duen zerbait gertatu zaizula.

 

Detaile bat aipatu nahi dut: ebanjelioko  gizakiak ez du dena saltzen bila hasteko; altxorra aurkituta gero saltzen du dena. Irabazi segurura jokatzen du. Baina hori bai, dena saldu egin behar da. Baina gutxia saldu, dena izanik ere, dena aurkitzeko, altxorra jasotzeko. Horrela esanda hitz-jokoan gabiltzala ematen du; baina ez dago honetan hitz-jokorik. Gertatu zaionak badaki. Maitasun uste gabeko bat aurkitzea da. Eta hori gertatzen zaizunean, badakizu; eta gertatzen ez bazaizu, dena hutsa iruditzen zaizu. Besterik ez dago.

 

Gauza bat opa dizut, entzule adiskide: gerta dakizula! Jainkoak aurki zaitzala zeure bizibidean eta senti dezazula Jainkoak barru-barrutik betetzen zaituela. Eukaristia hau ere horretarako da, altxorra aurkitzeko!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.