liturgi lagungarriak

 

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Santuen poza eta guztion itxaropena den Jauna, zuekin!

 

Senideok, poz ederra gaur eskaintzen zaiguna: gure senide eta herritar Ignazio Loiolakoa santutasun argitan ikusten dugu. Bihotz-berritze eder baten ibilbidean Jaunarenganaino hazi zen. Eta Jaunak bere egintza harrigarria gertarazi zuen Ignaziorengan.

Festaburu eder honetan, beraz, badugu zer eskatua eta zer eskertua. Jaunak eman digun dohaina, egiazko eskakizun bihurtzen baitzaigu. Ignazio dohaina dugu, eta deia dugu. San Ignazioren fede berean bat egin dezagun eta egigun festa. Jaso dezagun festara Ignazio zaindaritzat aitortzen duen gure herriaren bihotza ere.

 

Lehendabizi, meza egoki ospatu ahal izateko, eska dezagun, isilune batez, Jaunaren errukia, gero Jaunaren aintza pozik abesteko.

 

- Jesus Jauna, zure herria santutasun-dohainez edertzen duzuna: erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, gu guztiontzat egia, bide eta bizi zarena: Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, santuen bidez zure herria gidatzen duzuna: erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jaungoiko Aita gorestera jarri behar dugu orain. Loiolako gure Santuak une honetantxe nahi gaitu bere ikasle zintzo: Jaunaren aintza abestea baitzuen bere xedea. Goazen denok hartara.

 

GURE AITA

Aitaren Erreinuaren aldera jarri zuen bere bizia Jesusek, baita Ignaziok ere. Eska dezagun denok, etor dadila Aitaren Erreinua gu guztiongana.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

 

1) Jainkoa maitatzeak zoriona dakar. Harengandik urruntzeak, berriz, zorigaitza eta hondamendia. Horra hor eskaintea, aukeran ematen zaiguna!

2) Bigarren irakurgaian daukagu, San Ignaziok eredutzat  hartu zuenaren iturria: dena, egiten den guztia, beti Jaunaren aintzarako egitea. Guretzat ere jokalege ederra!

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Biziaren dohaina eman digun Santuen Jaunari egiogun otoitz Elizaren eta munduaren alde. Eta, batez ere gogoan izan ditzagun Euskal Herriko gizon-emakumeak.

 

Eliza osoko eta gure Elizbarrutietako kristauen alde:

beren artzainak gidari dituztela, bataioaren eskakizunak biziz, pozaren bidean aurrera egin dezaten.

 

Gure  euskal  gizartearen alde:

gure harremanak goza daitezen eta gure herriaren aurrera-nahia egoki bideratzen jator saia gaitezen.

 

San Ignazioren jarraitzaile diren jesuiten alde:

Loiolako Santuaren bideak leialtasunez jarrai ditzaten, Elizaren eta munduaren onerako.

 

Sufritzen ari diren guztien alde, gure herriko kartzelatu, bakarti eta irtenbiderik ikusten ez dutenen alde; Gazako jendeen alde; gure gaixoen alde:

Jainkoa gertuan senti dezaten eta esperantzaren argiak alai ditzan.

 

•  San Ignazioren festaburuan Eukaristia ospatzen ari garenon alde:

guztiok santutasunerako deia entzun dezagun eta indar guztiz Jainkoaren Erreinua lantzen saia gaitezen.

 

Entzun, Jauna, pozik goresten zaituen herri honen eskariak. Emaiozu zu zerbitzatzeko argia eta askatasuna. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

Loiolako gure santu bikainak, Ignazio santuak, badu mezu ederrik fededun ororentzat. Eta zer esanik ez, badu mezu eder eta erakargarririk euskal fededunontzat, gure eguneroko fede-ahalegina Euskal Herriko gizartean bizi dugunontzat. Loiolako santuaren aurrean, dei berezi eta gordina gertatzen da Jainkoaren gaurko Hitza. Gure fede-bizitzarako kriterio edo irizpide argitsuak aurki ditzakegu bietan, Jainkoaren hitzean eta Ignazioren ispilu garbian.

 

Lehenengo irizpidea, Jesusen pertsonari atxikitzea. Fede-aitorpenak, segizioa eskatzen du. “Ni nor naizela diozue?”. Jesusen misterioa bere osoan onartzea da eman behar dugun erantzun betea. Horrek, noski, ukazio zenbait badu berekin. Kristau-biziera ez da ukaziozkoa, baina Jesusekin bat egiteak, gauza batzuk besarkatu eta besteei uko egitera zaramatza. Edukitzea, azaltzea, pilatzea, agintea... ez dira irizpide baliozkoak fede-bizitzarako. Jarraipenaren benetakotasunak ematen du fedearen kalitatea.

 

Bigarren irizpidea, fedearen arazoa, apustu erabakigarria dela jakitea. Ez gabiltza aukerako gauzekin, nahi baduzu bai, nahi ez baduzu ez. “Bizia eta zoriona, heriotza eta zorigaitza jartzen dizkizut aurrean”. Segizioaren zintzotasunetik dago zintzilik zorionaren gora-behera. Zer da aurrena, fedea ala gizatasuna?, galdetu ohi dugu. Zenbaitek biak elkarren kontra jarri nahi lituzke. Sasi-galdera da hori. Fededunarentzat, dagoeneko, fedea bera bihurtu da gizatasunaren neurri. “Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bizitzen ez badaki?”. Bizitzea da kontua, gizatasunari buelo ederra ematea, pertsona bezala neurri handietara haztea.

 

Beraz, eta hirugarren irizpide nagusia da hau, Jaunaren aukera egitea da fededunaren sustraia. “Nahiz jan, nahiz edan, nahiz edozer egin...”. Aukera hau ez da teorian edo ideia-mailan bakarrik egiten, jakina! Jan, edan... bizitzaren eguneroko maila horretan oretzen da fedearen aukera. Bestela, fedea gain-egitura alferrikakoa bihurtuko litzaiguke. Eta fedearen onena, egiazko aukera bizia egiten denean bizi eta gozatzen da. Fedearen edertasun guztia zer den, egunero fedearen prozesua bizi duenak daki. Kontua ez baita ideia argi eta handiak edukitzea. Kontua da, egunero fedearen bideak ikasi eta pausoka-paisoka bideratzea.

 

Loiolako Ignazio, gure senide fededuna, irizpide hauen oihulari bikaina dugu. Jesu Kristoren eraginak harrapatu zuenez geroztik, fedearen apustua egin zuen. Jesusi erabat atxiki eta harengan aurkitu zuen bere zorion betea. Eta horretara bildu ziren eta horretatik abiatu San Ignazioren pauso guztiak. Horra euskal gizona!, esan genezake beldurrik gabe. Eta, alderdi horretatik, deialdi larri eta nabarmena egiten dio santu honek gure gizarteari eta gure fededun elkarteari. Santutasunaren bideak, gizatasun-bide paregabeak gertatzen dira benetan. Bai, jauna!

 

Utz iezadazu galdetzen, atrebentzia eta guzti: gure fedeak zer nolako irizpideak ditu? Gizarte eduki-zale, izan-zale, aginte-zale honen erdian, Jesusekiko atxikimendua eta harremana erakusten al du gure fedeak? Edo ez ote gara, fededun izan ustez, gizartearen jokaera horietan beretan erori? Gure fedeak bestelako biziera hots egin eta aldarrikatu behar ez badu gaur egun, bere horretan antzutua geldituko zaigu. Gure fedea erabateko aukera bezala bizi ote dugu? Ez al zaigu fedea piska bat ‘gaineko’ estalki bihurtu? Igandeko jantzia alegia, baina eguneroko bizitza eta sufrimenduarekin zerikusirik ez daukana? Ona da, baina ez hain beharrezkoa... Fedea ez ote dugu planteatu behar zorionaren oinarrizko aukera bezala? Bizia eta zoriona ari garela jokatzen, alegia! Fedea ote dugu gizatasunaren neurri eta oinarri?!

 

Eta horretatik gure fedea ebanjelizatze-eginahalean sutu beharra daukagu. Egiten duguna egin, baina fedearen argiz. Fededunekin edo fedegabekoekin, adiskide edo etsaiekin, aukera handietan edo eguneroko txikietan... beti fedearen argi apal baina dirdaitsu horren mailan kokaturik. Handikeriak erantzi eta zerbitzuaren apaltasunez jantzi gure fedea.

 

Loiolako Santua gure bokazioarentzat deialdi berezia dugu. Zer egin dugu gure fedearekin!? Loiolakoa galdera eta babes dugu. Jaunak harengan egin dituen harrigarriak gutako edonorengan errepika ditzake. Ditzake, eta errepikatu nahi ditu. Fedearen poz-iturria ez da agortu. Aukera sakona egiteko behar hainbat grina geratzen al zaio gure fedeari? Gure arteko gizon bat santu egina ikusteak, gure fede-bideak akuilatu eta sustatu behar ditu. Gure gizarteak asko eskatzen dio gure fede-bizitzari.

 

Galdera hauei erantzun zuzena ematen dion biziera bizi nahi badugu, oinarrizko puntu bat ez dugu ahaztu behar, otoitzarena. Otoitzean Jainkoarekiko harremana berritu beharra daukagu, benetako kristautasun-maila ederra ematekotan. Baita giza maila jatorra burutzekotan ere. Jainkoarekiko harremana du iturburu eta oinarri kristauak, Loiolako Santuak esaten digun bezala, Jainkoa iturburu eta oinarri. Eta otoitzak eramaten gaitu egiazko iturburu eta egiazko oinarrira.

 

Eukaristia ospatzen ari gara. Santutasunaren iturrian gaude. Fedearen mahaian. Hemen berriztatzen eta gaztetzen zaizkigu fedearen egiazko irizpide jatorrak. Hemen atxikitzen zaio gure bihotza Jaunari. Gero bizitza guztia atxikimendu horren dirdai izan dadin. Halaxe izan dadila!

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.