liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bihotzetan maitasuna itsasten digun Jauna bego zuekin!

 

Jesusek dei egin digu gaur ere, igandero bazalaxe, Eukaristia ospatzera. Eta guk deia onartu egin dugu eta, beste gauza asko utzita, mahai honen ingurura bildu gara. Agian gogo handirik gabe, baina Eukaristia beharrezkoa dugula ikusiz, hemen gaude!

Hemen egitera goazen ospakizun honek, hala ere, gero bizitzan erakutsi behar du bere indarra. Astean zehar, eguneroko bizitzaren ibilbidean, mamitu behar dugu hemen elkarrekin ospatzen duguna. 

 

Gure bihotzak zabal-zabal jar ditzagun ospakizun honen barne-indarra jasotzeko. Eska dezagun Jaunaren errukia.

 

– Jesus Jauna, gurekin zuzena eta bihotz handikoa zarena. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, bekataria maite duzuna eta bihotz-berritzea nahi duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gizaki guztiokin errukiorra eta guztiz bihozbera zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Orain elkarrekin eskerrak emango dizkiogu Aitari, Jesu Kristo gure antzeko egin baitu gauza guztietan, eta gure salbatzaile egin baitu. Ager dezagun gure esker ona!

 

 

GURE AITA

Jesu Kristok irakatsitakoa zintzo betez, dei egiogun maitasunera gonbidatu gaituen Aitari, denok batera esanez.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Jauna zintzoa da. Ezekiel profetaren liburutik hartzen dugun zati honek, gero entzungo dugun Ebanjelioaren ezkaratzera garamatza. Entzun dezagun arretaz eta gogoz.

 

2) Filipotarrei egindako epistolan, Paulok batasuna eskatzen du. Batasun horren iturri, Kristo bera. Eta batasun horren neurri, Kristo beraren zerbitzu-jokamoldea.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gure fedea aitortu ostean, ager diezazkiogun Aitari gure eskariak uste onez. 

 

Eliza osoaren alde,

Jesu Kristori zintzotasunez jarraitu nahi diotenen alde (...)

 

Gizon-emakume guztien alde,

batez ere ondasunak gaizki banatuta daudelako gehien sufritzen dutenen alde (...)

 

Inmigranteen alde,

beren herritik urrun eta arazo askoren artean arrotz sentitzen direnen alde (...)

 

Zahar, gaixo eta ezinduen alde,

bakardade ilunean sufritzen duten guztien alde (...)

 

Hemen bilduta gauden guztion alde,

eguneroko lana maitasunez burutzen dutenen alde (...)

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza. Gero eta gehiago eskertu eta bizi dezagula zure maitasuna, zure Semearen bidea eginez. Jesu Kristo gure Jaun beraren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: gizon-emakumeon norabideak ez dira hitzez egiten, egintzaz baizik. Hitz handiak izan dira munduan, zertan esan ezetz! Baina, hitzik handienak ere, egintzaren azpimarka eta indarra ez badarama beregan, hitz hori hutsaren haize-boladak eramango dizu. Jainkoaren Erreinuan ere halatsu! Jaunarekin leial jokatu nahi genuke. Gure bizitzan zintzoak izan nahi genuke. Baina ondo asko dakigu zein utziak garen, zein nagiak garen. Eta nagikeriaren kontua besterik ez balitz! Sentimenduz, gogoz, baietz esan nahi genioke Jaunari, geure barruko onenari; baina egintzekin, bizitzarekin, ezetz esaten diogu. Zergatik gara horrelakoak? Zergatik bizi dugu era horretako kontraesana bizitzan? Horixe dugu galdera sarri asko.

 

Galdera horri erantzutean, badakigu batzuetan gure barruak ez duela obedientziaren baietza eman nahi. Jainkoaren nahia geure erara manejatu nahi genuke, Jainkoa geure jokamoldera tolestatu nahi genuke. Eta horretarako argibide asko eman dezakegu edo aitzakia asko atera. Jainkoari aurre egiten diogu eta aurre egin, nahita gainera.  Beste batzuetan, ordea, ez da Jainkoaren borondatea geure kapritxora erabili nahia, ez; ohartzen gara arazoa sakonagoa dela: gure jarrerari, Jainkoarekiko jarrerari, maitasun handia falta zaiola. Jainkoaren nahia onartzeko maitasun betea falta dugu. Bihotza falta zaio gure fede-bizitzari. Ez al da horrela?

 

Gure jokalege honen aurrean, zer nolako postura hartzen dugu? Arinkeriaz arazoa ukatzea ez da bidezkoa. Jainkoaren nahia benetan hartu ezin hau azaletik edo jolasean hartzea ez da ona. Gaurko lehenengo irakurgaian ikusi dugun jarrera ere ez da ona: alegia, gure gaizki eginen errua Jainkoari botatzea. Geure bekatua eta nahi-eza aitortu ordez, Jainkoak horrela egin gaituela esan eta lasai gelditu? Hori ez da zuzena. Egin behar genukeena ederki asko erakutsi digu Salmoak: geure bekatu-historia onartu. Jainkoaren errukiaren aurrean jarri otoitzean, eta aitortu bekatariak garela. Aitortu, gure obeditu ezina geure erantzukizun dugula. Aitortu zenbat kostatzen zaigun Jainkoari erabateko baietza ematea. Aitortu bihotz ahula daukagula. Aitortu maitasun handirako bihotzik ez daukagula. 

 

Begira ezazu Ebanjelioko parabolatik. Jainkoaren aurrean ez da erabakiorra hasierako baietza edo ezetza. Erabakiorra, geroko jarrera da. Baietz esan, eta gero egintzekin eta bizitzako jarrerekin ezetz esateak ez garamatza inora. Baina, nahiz eta hasieran ezetz esan, gero gure ezetzak aitortu eta Jaunarengana itzultzen bagara, Jainkoari egintzekin baietz esaten badiogu, horrek balio du Jainkoaren aurrean. Hemen galdera gordina dago guretzat, hasiera-hasieratik baietza esanda abiatu ginenontzat. Jaio orduko, Bataioa hartuz, baietz esan genion Jainkoari, Jesusen bideak jarraituko genituela, bihotz osoz Jainkoaren nahia bilatuko genuela, behartsuen zoria maitasunez zainduko genuela, gure bizitzak bihotz handia erakutsiko zuela. Eta? Hasieran agindutako maitasun handi hura zertan geratu da? Hasieran agindutako fede hark zer buelo dauka gaur nire bizitzan? Hasierako baietz hura, zenbat ezetzetan puskatu eta puskatzen dut?

 

Ba, begira: galdera hauei serio heldu beharra daukagula esango nuke. Hasierako hark ezer gutxitarako balioko liguke, Jainkoaren aurrean eguneroko jarrerak berritzen eta gaztetzen ez baditugu. Hasierako baietz hark hazi eta heldu egin behar du gure bihotzetan. Hasierako maitasun hark gero eta handiagoa, gero eta sakonagoa bihurtu behar du. Ezin gaitezke konforma kanpoko itxura batekin. Ezin gaitezke konforma, jendeak espero duen gezurrezko irudia azaltzen dugula eta. Ez du balio gizarteak guregandik espero duen neurria emanda. Gezurti alaenok, askotan fededun asko jendearen aurreko figura hutsa ematearekin aski dugula pentsatzen dugu. Baina, barrutik ez gara maitatzeko kapaz. Itxura azaldu eta barrutik erreta gabiltza. Elizara joan bai, baina ez gara lagun hurkoari errespetuz begiratzeko kapaz. Hitz egitean kurioso hitz egin bai, baina gero ez gara besteei agintzeko geure mailak jaisteko kapaz.

 

Eta triste. Ez baitu giza bihotzak hitzen poza bizi, egintzen tristura baizik. Eta horixe da penagarria, sentidurik gabe, maitasunaren ederrik gabe bizitzea. Kanpotik dotore, barrutik erorita. Askozaz hobe da kontrakoa: geure ezina aitortu, maitasun beteari diogun beldurra aitortu, maitatu nahia aitortu, erorialdiak ere aitortu, bizitzan ezetz asko esan dugula aitortu... eta Jaunarengana apaltasunezko baietz txikiak emanez etorri. Eta Jaunaren mahastiko lana onartuz, pozik bizi! Barruko maitasunak ematen duen pozez. Ez dakigula farisearrei gertatua gerta: legea bete itxuraz eta ondo, besteen maixu azaldu, eta barrutik hutsik!

 

Honek guztiak, noski, ez du Jesusen garaiko haientzat bakarrik balio, ez genuke besterik behar! Baina, adizu!, inportantea ez da orain asmo handiak hartzea, planteamentu neurriz kanpokoak egitea. Orain arte ahulak izan baldin bagara, gerora ere ahulak izango gara. Kontua da, geure buruak aztertzea. Zergatik kostatzen zait maitatzea? Zergatik bizi naiz barrutik lotuta bezala, zerbaitek maitatzen utziko ez balit bezala?  Utz diezaiogun Jainkoaren hitzari geure barruan galdera bihurtzen:gure jokabidea hitz hutsa da edota egintzaz baiezten ote dugu esaten duguna? Bataioan baietz esan genuen, gure otoitzetan baietz esaten dugu, baina gure bataioko eta doktrinako hitza eta baietza, gure bizitzaren gihar bihurtzen al dugu? Elizan esaten ditugunek ba al dute eguneroko jardunean indarrik eta pulamenturik? Ni bataiatua naiz, elizkizunetara joaten naiz, errezoak eta egiten ditut, ez dut bekatu nabarmenik egiten, euskaldun fededun betikoetakoa naiz... Baina, berriro diot, gure fededun izate horrek ematen al dio bizitzari kolorerik? Bizi al dut inolako koherentziarik?

 

Zergatik ote gara horrelakoak, ezta? Ba horrelakoak gara, eta kitto! Jaunarengana etorri behar dugu, hasierako ezetz guztiak eskuetan hartu eta gatozen orain baietz esatera. Zergalari eta emagalduekin batera hurbil gaitezen Jaunarengana, eta saia gaitezen maitasunezko baietza esaten. Salmoan kantatu duguna errepika dezagun: «Erakuts niri, Jauna, zure bideak, adierazi zure bidexkak. Eraman nazazu zure egi bidetik, eta argitu». Eukaristia eskola ederra da. Eta, bide batez, Eukaristia, ikasitakoa egia bihurtzeko indarra da. Eukaristian erakusten dugun fedea, Eukaristiak berak sartuko digu eguneroko bizitzaren hezurretaraino. Eukaristia maitasuna baita. Eta maitasuna da fedearen egia eta giharra. Eta falta duguna prexixo, maitasun handia da, bihotz handia.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.