liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Bere maitasunaren mahaira gonbidatzen gaituen Jainkoa izan bedi zuekin!

 

Denok izan nahi dugu zoriontsu. Nahi hori bihotz-barruan josi-josia daramagu denok. Ondo bizitzeko adina eduki nahi dugu, ez dugu tristurarik eta atsekaberik nahi, eroso bizitzearen gozotasuna edan nahi dugu, maitatu egin nahi dugu eta maitatuak izan nahi dugu. Ez al da horrela?

Eta geuretzat nahi dugun hori, gure ingurukoentzat ere nahi dugu. Sufritzen duten guztientzat poza nahi dugu.

Ederra badakizue zer den? Jainkoak ere zoriona nahi duela guretzat. Zorion hori opa digulako biltzen gaitu igandero bere mahaira. Erreinuko zorion betearen hasiera hementxe ematen zaigu ogi eta ardo egina. Eta zorion hori haziarazi eta gehitzea dugu eginkizun, zorion betera iritsi bitartean.

 

Zorionerako bihotz berria eska dezagun isilean.

– Jesus Jauna, zeure etxean bizitzera gonbidatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, eztei-otordura biltzen gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gizaki guztiak zeure Erreinuan bildu nahi dituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jainkoak bere otordura gonbidatu gaitu, bere zorionera. Eskerrak eman behar dizkiogu, zoriontsu izatea dohaina baitugu.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi digun bezala, eta mundu guztiarentzat Erreinuaren zoriona eskatuz, esan dezagun poz handiz.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Etorkizuneko otorduaren berri ematen digu profetak. Han iznago da janari-edarri binainik. Han goizatuko dugu. Jesusen Erreinuaren aurre-ikuspena da hau.

2 - Paulok bihotzez eskertzen dei filipotarrei egin dioten erregalua. Haien ardurak bihotzean ukitu du Paulo.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Otoitz egin diezaiogun zeruko Aita onari. Eska diezaiogun bere zorion-otordua iritsi dadila gizon-emakume guztiengana.

 

Otoitz egin dezagun munduko edozein bazterretan, zorionean bizitzeko adina ez daukaten gizon edo emakumeen alde, haur eta adinekoen alde...

 

Otoitz egin dezagun gure inguruan dauzkagun behartsuen alde, gure kaleetan edo etxe-zokoan maitasunik gabe eta bazterturik bizi direnen alde ...

 

Otoitz egin dezagun Hirugarren Munduan zoriontsu izateko inolako aukerarik gabe bizi direnen alde. Sufritzen duten guztien alde...

 

Otoitz egin dezagun, mundu hau zuzenago eta gozoagoa izan dadin lanean saiatzen diren guztien alde. Herrietako agintarien alde ...

 

Otoitz egin dezagun eliztar guztion alde. Jainkoaren maitasuna erakusteko erantzukizuna daukagun guztion alde...

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza, eta isur zure maitasuna mundu guztiaren gainera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, bere Erreinuko eztei-mahaira gonbidatu gaitu gure Jainkoak. Doan gonbidatu gaitu. Guretzat ustekabeko deia izan da. Gu gauden eserlekuek ez zeukaten gure izena hasiera batean; eta, hala ere, hemen gaude, eztei-otorduaren festa eta edertasun betea gozatzen. Deituek ez baitzuten etorri nahi izan; eta haien ordez guri iritsi zaigu deia. Orain ez al zaigu gertatuko, guk ere jaso dugun deia hondatzea. Ez al zaigu gertatuko, deia debaldekoa delako, serio ez hartzea. Eta, ondorioz, ez al zaigu gertatuko, pozetan hasi den festa, frustrazio aspergarri gertatzea. 

 

Jainkoaren deia serio hartu behar dugula esatea, ez da ezer asko esatea. Juduek, lehenengo gonbidatuek, ez zuten deia entzun nahi izan. Ez zioten Jainkoari sinetsi. Ez zioten, egiten zien dohain ikusgarria onartu. Drama ikaragarria benetan judu herriarena!: historia luze eta grinatsu baten buruan, Jainkoak betetasun-eskaintza egin zion. Jesusengan askatasun betea bidali zion. Eta ez zioten antzeman Jainkoaren eskaintzari. Ez zioten antzeman, gizaldietan zehar une honetara gidatu zituen Jainko maiteari. Eta deia galdu zuten. Gonbita baztertu zuten.

 

Eta judu herriaren ezetzak gure etxeko ateak ireki ditu. Jainkoak herri guztietara zabaldu zuen bere gonbita. Jainkoak herriz herri, txokoz txoko, pertsonaz pertsona, bidali zituen bere mezulariak. Eta era guztietako jendea izan gara deitua. Ez zaigu galdetu nolakoak garen. Ez zaigu nortasun-agiria eskatu. Ez zaigu galdetu zer egin dugun edo zer utzi dugun egiteke. Etortzeko esan zaigu. Eztei-jantokira sartzeko esan zaigu. Eta geure bizitza galduaren bide-ertzetik Erreinuko otordura etorri gara. Juduen galera gure zorion bihurtu zaigu! Haiek itxi duten atea guri ireki zaigu. 

 

Eta hau ederra da, esanak esan. Jainkoaren ilusio guztia erakutsi zaigu. Eztei-otordu hau eskaintzea baitzuen Jainkoak amets. Egun honetarako egin gintuen. Era guztietako jaki eta edariak prestatu dizkigu Jainko maitaleak. Eta bere ilusio handiaren egunean dei egin digu, dei egin dit. Etortzeko eskatu dit. Heriotza, tristura, bizi-ezina, lotsa, beldurra... hori dena desegin du Jainkoak, bere eztei-egunean poza et askatasuna besterik izan ez dezagun. Gaur esan dezakegu lehenengo irakurgaiarekin: “Hara gure Jainkoa. Hau da guk salbatzaile itxaro genuen Jauna. Poztu gaitezen eta alaitu salbatu gaituelako”. Sinesten al dugu salbamen-egun ederrera izan garela deituak?

 

Beharbada, deituak izan garela esatea normala iruditzen zaigu, deituak izatea normala iruditzen zaigun bezala. Baina ez da normala! Ez zitzaigun eta ez zaigu tokatzen. Erregaluzko dohainaren seme-alaba gara. Hau ez da gurea! Betidanik fededun izan garenoi ulertzea gehien kostatzen zaiguna hauxe da: daukagun fedea, daukagun dohaina merezi gabea dela onartzea. Jaiotzatik gara fededun eta sekula ez dugu pentsatu zergatik garen fededun. Sekula ez dugu pentsatu, beste asko bezala federik gabe bizi gintezkeela. Beharbada sekula ez dugu pentsatu, Jainkoaren berririk gabeko jendea izan gintezkeela, horretarako Afrikan jaio beharrik gabe. Eta, hala ere, fededun gara! Hala ere, Jainkoaren maitasuna daukagu! Eta doan, debalde! Bekatari izanik, eta badaukagu!

 

Jakina, honek guztiak planteaketa sakona egitera ekarri behar gaituela iruditzen zait. Aurrena, enteratu al naiz nolako deia egin zaidan? Lehenengo gonbidatu haiek bezala, ni ere ez ote nabil bestelako arazoetan sakabanatua, dispertsatua. Ni ere ez ote nabil beste gauza askotxoz kezkatua, Jainkoaren deia serio hartzeko! Ez ote dauzkat aurreragoko eginbeharrak?! Lana, familia, osasuna, lagunak, bilerak, negozioak... Geure buruari galdetu beharko genioke ez ote gabiltzan bizi-ardatza galduta. Gurdi baten bi gurpilek ardatza galduko baluite bezalatsu: gurpil bakoitza alde banatatik dihoa, eta gurdia ezin ibili! Jainkoaren erreinuak zer-nolako tokia ote dauka nire bizitzan?  Sakabanaturik ibiltzeak kalte handia egiten digu: zorionaren bila bai, bagabiltza, baina non eta nola? Hemen tragoxka, han tragoxka, baina sekula santan bizitzari zorion-trago sakon eta betea zurrupatu gabe. Ardatza falta denean, pertsonak bere integrazioa galtzen du, eta non dabilen ere, ba al daki ba! Errazena planteaketarik egin gabe bizitzea da, hori badakigu. Segi han eta hemen, honuntz eta haruntz, baina barrua sakabanaturik eta geu ez garela!

 

Bada egin beharreko beste galdera bat ere: agian lehenengo gonbita jaso eta onartu dugu, eta eztei-mahaira etorri gara. Ondo! Baina ez ote zaigu gertatuko, jantzi egokirik gabe zegoen hari gertatu zaiona, ezta? Ezteietara etorri eta nolanahi? Festa-jantzirik gabe? Eta jantzi egokiak esatean zer esan nahi da? Badakizu zer esan nahi den? Esker ona! Poza! Eta hau ere galdetu behar diogu geure kolkoari: ea eskertzen dugun jaso dugun dohaina. Ea harriturik bizi garen hainbesteko deia jaso dugulako! Izan ere, lehen esan dut, normala iruditzen baitzaigu dena! Normala fededun izatea. Normala Jainkoa aita dugula esatea! Normala pozik bizitzea! Normala otoitz egitea! Normala Eukaristia! Normala Jainkoaren hitza! Normala familia! Normala dena! Eta normal-kutsu horrek guztia baliogabetu egiten du. Dena lardaskatzen du. Maitasuna galtzeko erarik zuzenena, maitasunaren harridura eta doantasuna galtzea da! Maitasunak bere zoragarritasuna galtzen duenean, maitasuna beste gauza askoren artean normala iruditzen zaigunean, bihotza galdu dugun seinalea da! Eta orduan dena hiltzen da!

 

Eta betidanik fededun garenok badugu arriskua, Elizan ibili arren, zertan gabiltzan ez jakitekoa. Gauzak eta hitzak errepikatzearen poderioz, gauzen eta hitzen enbrujoa galdu egiten baitugu. Eta ba al dakizue zer bizi dugun eta zer nolako hitzak esaten eta entzuten ditugun? Gaur, eztei-mahaian eseririk, bihotzari gaztetu sakona eman behar diogu. Bihotza dohainaren ardatzera ekarri behar dugu, hartan integraturik zoriontsu bizi dadin. Bagira: gaztetan ez da integrazioaren beharrik sentitzen, gazteak helduleku asko baitu. Baina, behin berrogei urte inguruz gero, zaila da barrua integratu gabe pozik bizitzen. Barrutik integraturik eta ardatz sendo baten inguruan bizi ez dena, nekez arituko da sentiduz ezertan. Fededun, zein da, zer da, Nor da, zure ardatza, zure sentidua, zure dohaina?

 

Eukaristia honetan ere, eztei-mahaian aurkitzen gara. Atera ditzagun kontuak. Jantzi dezagun barrua festaz eta esker onez, Jauna datorkigunean, Erreinua goza dezagun!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.