liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA                            

Betiko biziaren emaile den Jauna, bego zuekin.

 

Igande honek gure hildakoen oroipena egitera gonbidatzen gaitu. Atzo ospatu genuen santu guztien ondoan ikusten ditugu gure hildako maiteak. Jesus bizi delako, bizia opa diegu gure senideei. Eta haiei opa diegun bizi azken gabeak esperantzara pizten gaitu gu ere. Ez gara heriotzerako eginak izan, gure Jauna bizien Jauna da. Eta bizitzea dugu gizakiok bokazio. Eukaristian gure bizi-bokazioa berrituko dugu, gure hildakoak gogoratzeaz batera.

 

Hasteko, Jaunaren errukiaren eskuetan uzten ditugu gure hildakoak; eta erruki horren eskuetan uzten dugu gure bizi bekataria ere.

 

– Jesus Jauna, gure itxaropenaren oinarri eta iturria. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gure bide, egia eta bizia zarena. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, bizien eta hilen poza zaituguna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Gure hildakoei bizia opa badiegu eta guk ere bizitzea baldin badaukagu, Jesus bizi delako da. Eskertu dezagun Jaunaren pazko-dohaina.

 

GURE AITA

Etor bedi zure erreinua, eskatzen dugu; biziaren erreinua, pozaren erreinua, seme-alabei dagokien erreinua.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGIEN MONIZIOA

(Proposatzen diitugun irakurgaiak: Lam 3, 17-26; Sal 129; Erm 6, 3-9; Jn. 14, 1-6)                           

Igandero bezala, Jainkoaren hitza entzutera goaz orain. Konfiantzaz, esperantzaz, Jainkoak eskaintzen digun bizi berriaz ari zaizkigu entzungo ditugun irakurgaiok. Hitz hauek heriotzaren aurrean pozten gaituzten hitzak dira, eta Jesu Kristorekin bat eginik bizitzera eramaten gaituzten hitzak. Entzun ditzagun!

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: eska ditzagun biziaren dohainak gizon-emakume guztientzat. Eta izan ditzagun gogoan hildako guztiak, geure gertukoenak batik bat.

 

•  Duintasunik gabe, gosez, zapalduta hil diren guztien alde...

 

•  Gerran edo gorrotoaren indarrez hil diren guztien alde...

 

•  Istripuz hil direnen alde; lanean edo karreteran istripuz hil direnen alde...

 

 Gaixotasunaren eraginez hil direnen alde...

 

 Tratu txarrez erahilak izan diren emakumeen alde; terrorismoak hil dituenen alde...

 

 Geure etxean eta familian hil direnen alde...

 

Entzun, biziaren Aita, gure eskariak. Jaso itzazu zeure magalean gure hildako maiteak. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Atzo santu guztien eguna ospatu genuen esperantza ederrean. Gure senide jatorrenengan Jainkoaren egintza aitortu eta goretsi genuen. Baina ezin gara horretan gera. Baditugu gure gertuan hildakoak, eta horiek ere, santu ez aitortu arren, Jainkoaren ondoan eta altzoan ikusi nahi ditugu, eta hala aitortu. Azken batean, gure gertuko horiek ere maite izan baititu gure Jainkoak, eta Jainkoaren maitasunak ez ditu bere maiteak sekula eta inolaz galtzen uzten.

 

Horregatik gaur gure hildakoak gogora eta otoitzera ekartzean, esperantzari beste bultzada ematen diogu. Izan ere, ez gara ari gure senideek egindakoak goraipatzen. Ari gara Jainkoak haiengan egindakoak gogoratzen eta goratzen. Jainkoaren maitasunean dugun konfiantzari heltzen diogu gerri-gerritik, eta konfiantza horretan salbatuak eta askatuak ikusten ditugu geure hildakoak, geure maiteak.

 

Otoitz ere egiten dugu. Azken batean, Jainkoarengan dugun uste horretan gertatzen baita benetako askatasuna. Eta askatasun hori ez dukagu geure esku. Dohaina da. Doakotasunez ematen zaigun dohaina. Eta hori, dohain hori, eskatu eta eskertu egiten dugu bihotzetik. Eukaristia hau, uste onezko otoitz eta uste onezko gorespen izango da.

 

Gaurko egunak, beste aldetik, heriotzaren errealitatea ere ekartzen digu berrien aurrera. Gure maiteak hil egin dira, ez daude hemen. Eta heriotzaren zauri handia hor dago beti geure inguruan eta geure barruan. Gure giza zoria zuztarretik mozten duen heriotzak poza kentzen digu bihotzetik, eta ezintasunaren garrasia joarazten digu indarrez. «Bakea kendu didate eta zorionaz ez naiz gogoratzen. Indarrak ahitu zaizkit eta Jaunarengan nuen itxaropena ere bai». Heriotzaren misterioa, misterio beltza da. Eta zer egin dezakegu? Buruz ikasitako esaldiak erabili?

 

Gaur, hildako gure senideak gogoratzean, heriotzaren errealitatea bere astunean eta bere ilunean jaso nahi dugu. Ez diogu errealitateari gure atsegin arinen hegoetan ihes egin nahi. Heriotzak sortzen duen angustia eta estuasuna bere gordinenean barneratu nahi dugu. Izan ere, heriotza, detaile txikietan bada ere, beti etortzen ari baitzaigu. Adina, gaixotasunak, mugak, etenak... Era askotara ari zaigu heriotzaren pisua gainera erortzen. Eta heriotzaren aurrean hitzik gabe geratzen gara. Errealitate handiegia eta indartsuegia da, berari aurre egiteko.

 

Baina, «Jaunaren errukia ez da amaitzen, beraren onberatasuna ez da ahitzen; goizero berritzen da». Horixe dugu esperantza. Heriotzaren iluntasuna argi dezakeen gauza bakarra, Jaunaren erruki eta maitasun azkenik gabea da. Jaunarengan itxaro dutenei ez die heriotzak bizi-zilborrestea ebakiko. Jaunarengan uste on duena betiko bizi da, Jaunarengan bizi baita. «Ona da Jaunaren salbazioa isilean itxarotea». Isilean, ezin dugulako ezer arrazoizkorik esan. Baina arrazoizko guztien gainetik Jaunaren maitasuna gailentzen da.

 

Hori horrela izanik, «ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan». Jesusek, bere pazko misterioaz, bizia irabazi digu, sekula amaitzen ez den bizia. Jesus dagoen tokian egotea dagokigu, bizi betean. Jesusek bere bizia eman digu, eta haren biziaz bizi gara eta biziko gara.  Berekin eraman gaitu, maitasunak ez baititu maiteak eskutik uzten. Maitasun horren kolorez begiratzen diogu heriotzari. Maitatu gaituen Jainkoaren bihotzetik galbahetzen dugu heriotzaren esperientzia iluna. Eta ikuspuntu horretan esperientzia ilunena ere argiz pozten da. Heriotza ere bai.

 

Gaur, beraz, biziaren garaipena ere ospatzen dugu. Gure senide hildakoei onena opa badiegu, Jainkoa garaile delako opa diezaiekegu. Jainkoak maitatu gaituelako, maita ditzakegu azkenik gabe gure senideak. Hauek denak ideia hutsetan gera daitezkeela? Bai, noski. Baina, hauek denak bihotzarentzako poz-iturri bihurtzeko, badakigu bidea, Jesus da bidea. Eta, San Paulok bigarrenean esan digun bezala, hartu dugun bataioak kateatzen gaitu Jesusen bizi-emanarekin. Bataioan Jesusen bidea geuretu dugu, eta orain Jesusengan bizi gara.

 

Hona bada, senideok, gaur ematen zaigun erregalua: gure hildakoak gogoratuz bizia ospa dezakegula. Eukaristia honi esker, biziaren dohaina hartuko dugu berriro. Eta itxaropena indartu eta bizitzak dituen esperientzia guztiak poztuko ditugu, baita heriotzaren esperientzia iluna ere. Jesus bizi da eta gurekin dago. Jesusengan gure hildakoak bizi dira, eta haiek ere gurekin daude. Eta gu ere bizi gaitezke, Jesusek bere bizia ematen baitigu. Hitz hauekin poztu dezagun elkar!

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.