liturgi lagungarriak

Litursgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA eta SARREERA

Santu guztien festaburu eder honetan, bakea eta maitasuna eman dizkigun Jauna bego zuekin!

 

Senideok, garrantzi handiko jaia da gaur ospatzen duguna. Santu guztien eguna ospatzen dugu, Jainkoaren elkartasunean bizi diren garai guztietako gizon-emakumeen festa da, Jainkoarekin pozetan bizi diren haur, gazte, heldu eta zaharren festa. Beren bihotzak maitasunari zabaldu eta Jesu Kristoren eraginez jokatu dutenen festa. Orain maitasun neurrigabea gozatzen dutenen festa.

Eta santuei begira jarrita, haien senitarteko izatearen poza sentitzen dugu, eta haien bide beretik aurrera egiteko gogoa.

 

Une labur batez sar gaitezen geure barnera eta eska dezagun isilean errukia.

(Isil unea)

 

Eta orain otoitz egin dezagun elkarrekin. Mariak eta santu guztiek ere otoitz egin dezatela gure alde Jainkoaren aurrean.

 

Aitortzen diot...

 

 

PREFAZIOA

Santutasunaren  iturri den Jainkoak bere maitasunaren dohainez bete gaitu. Oraintxe dugu esker onerako une aproposa. Bil gaitezen Elizaren otoitz nagusira poz-pozik.

 

 

GURE AITA

Fedean eta itxaropenean elkarturik, bata bestearen senide eta Aita beraren seme-alaba garenez, garai guztietako fededunekin bat egin eta kanta dezagun Jesusek irakatsi zigun otoitza.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEI MONIZIOA

1 - Gaur entzungo dugun Jainkoaren Hitza, pozezko eta esperantzazko hitz gozoa da. Zorion eskaintza dela esan genezake.

Aurrena, Apokalipsi liburuko poesi hizkeran Jaunaren bideen garaipena adieraziko zaigu. Gero, San Joanen zati labur eta bikain bat entzungo dugu. Eta, azkenik, Jesusek bere Erreinuko adierazpen paregabea egingo digu. Entzun dezagun arretaz.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gure aurretik fedea bizi eta orain Jainkoaren aurrean aurkitzen diren senideekin bat eginik, egin diezazkiogun Jainko onari gure eskariak gizon-emakume guztien mesederako.

 

*  Kristau guztion alde:

   santuen bideari jarraituz, maitasun ederra bizi dezagula, elkar zerbitzatuz.

 

*  Otoitz egin dezagun munduko gizon eta emakume guztien alde; batez ere, gerraren eta miseriaren samina sufritzen ari direnen alde:

  Jesusen zoriontasunetan aurki dezaten bizitzeko poza.

 

* Jesu Kristorengan sinesten ez dutenen alde:

  egiazko fedeak itxaropena sortzen duela ikus dezaten.

 

* Beharrean, gaixoaldian, tristuran edo etsipenean sufritzen duten guztien alde;

  krisialdiak jotako guztien alde:

  suma dezatela beren bizitzan Jainkoaren indar askatzailea eta guztion maitasuna.

 

* Hildako guztien alde eta, batipat, gure senide eta adiskide hildakoen alde:

  Jainkoak santu guztiekin batera bere altzo argizkoan jaso ditzan.

 

Entzun, Aita, santu guztien jaia ospatzeko bilduta dagoen zure Elizaren otoitza. Emaguzu guri eta eman gizon-emakume guztiei zure maitasun betearen poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Nik ez dakit zuri zer esaten dizun gaurko festak, Santu guztien festaburuak, baina benetan maitagarria da gure senide santuen jaia! Baina maitagarriagoa eta  harrigarriagoa santuen Jainkoa, santutasunaren dohaina egiten digun Jainkoa! Elizaren atal izatea askotan zailtasunez eta saminez bizi dugunontzat benetan pozgarria da, santuen Elizaren atal sentitzea! Benetan gozoa da, gure begiak Jesusen jarraitzaileengana jaso, eta haiei begira sortzen zaigun itxaropenaren indarra!

 

Eta, hala ere, santuak sarri asko antipatikoak gertatzen zaizkigu. Santu hitza ez zaigu gustagarria egiten. Gizon eta emakume handiak ikusi izan ditugu santuak, sekulako biziera latza bizi izan dutenak, bizi-maila harrigarriak lortu dituztenak, erraldoiak hitz batean, jiganteak. Guretzako handiegiak aukeran! Eta haien biziera ez zaigu askotan erakargarria gertatzen, geure burua ahulegi ikusten dugunoi. Ez dakit ez ote ditugun santuak mitifikatzen, haien antzeko izan beharrik ez sentitzeko.

 

Eta ulerkera mitiko hori ez da zuzena. Santu izatearen iturburua ez dago santuek egin dutenetan, santu izatea ematen duen Jainkoarengan baizik. Santu izatearen iturburua Jainkoak bekokian ezarri digun ezaugarri horretan datza: "Ez zigortu lurrik, ez itsasorik... harik eta gure Jaungoikoaren zerbitzariei ezaugarria bekokian ezarri arte". Jainkoak “ukitu” eta “markatu” egin gaitu. Eta begira zein den Jainkoak ezarri digun santutasun-marka ederra: "Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme-alaba izena daramagu, baita izana ere". Maitasunez markatuak izan gara. Maitasunaren ezaugarria ezarri zaigu. Jainkoak maitatu gaitu: horra santutasunaren oinarria. Bataioan, Eukaristian, Penitentzian, otoitzean... ezaugarri hori edo marka hori berritu besterik ez dugu egiten. Santu esan edo-ta maitatua esan, gauza bera esatea da.

 

Noski, maitasunak bizimodu berria eta berezia sortzen duela esango didazu. Jainkoak maitatu gaituela jakiteak, Jainko horren zerbitzari egin gaitu. Eta, San Joanek esan du, “horrexegatik munduak ez gaituela ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako”. Eta hortxe hasten da santutasunaren edo santu bakoitzaren bide nabarmena. Jainkoaren maitasunaz jabetzeak, maitasunaz “markatua” izateak, Jesu Kristoren jokabide eta ibilbide bereziak josten dizkio barnean fededunari. Eta horretatik, munduak ulertu eta onartu ezin duen “zorionbidea” sortzen da. Apokalipsi liburuko hitzez hor hasten da “nekaldi handia”. Nork asma zezakeen, maitasunak nekaldia sortu behar zigunik? Eta jator pentsatuz gero ez da betere harritzekoa: Jainkoaren maitasuna ez al zen Jesu Kristoren gurutzean mamitu? Eta Jainkoaren maitasunak bide berak idazten ditu Jesu Kristorengan eta fededunarengan. Bai, jauna!

 

Santuak ez dira, beraz, beste planeta batetik jaitsitako izaki bereziak. Santuek santutasuna ez zuten berezkoa. Santuak ez ziren santu jaio. Santuek, maitasunaz jabeturik, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten gogo onez. Zorionbide bezala, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten. Eta munduaren erdian Ebanjelioko bide hori bizi izan zuten. Eta bide horren atarramendu ona gaur ikusten dute, Jainkoaren oinetan aintzaturik eta salbazioaren ederra kantatuz bizi direnean betiko. Gaur fededunok ikusten dugun ikusmira benetan bikaina da: munduak baztertutakoak, zorotzat edo jotakoak, aintzaturik, “Salbamena Jainkoarena” dela kantatuz.

 

Horregatik, gaurko festa honetatik argiune pozgarriak sortzen zaizkio gure fede-bizitzari. Hona batzuk:

  • Lehenen-lehenengo, gaurko festaburuak indartu egiten gaitu gure fedean. Nork ez ditu zalantzak, edota balantzak ere zenbaitetan? Bide onetik ote goaz? Gehienak beste bidetik eta gu ez ote gaude deskuidatuak? Eta fede-bidetik gu baino lehen joan direnek fedea indartu egiten digute: Jesusen zorionbidetik goazen bitartean, aurrera! Oraindik ez dugu bide horren aintza ikusten, baina bide onetik goaz.

 

  • Bigarrenik, gaurko jaiak esperantza ematen dio gure kristau-bizitzari. Izan ere, gaur bada dena berehala neurtzeko joera: eta, egia esan, fedea ez da berehala motzean neurtzen. Fedeak luze eta urruti begiratzen du. Fedea ez da oraingo une labur batean asetzen. Eta, begira zer esaten digun gaurko jaiak: animo, badator maite dugun eguna eta aintza. Animo, badator nekaldia amaiturik aintzatuak izango garen festa betikoa. Gaur gauzak ongi ez bazaizkigu bideratzen, lasai, laister dator bizibide guztien arrazoia. Eta ez didazu ukatuko horrek esperantza eta aurreranahia ematen duenik.

 

  • Hirugarrenik, gaurko festak Eliza izatearen poza ematen du: askotan (gehiegitan beharbada), Eliza zikina edo narratsa ikusten dugu. Erakunde zahartua eta zatartua. Eta gaur esan genezake geure kolkorako: Eliza ederra da, santuak ere tartean dituenez! Eliza ederra da, salbatuak ere Elizaren seme-alaba baitira. Eta, nola ez gero!, Eliza izatea maite dugula hots egiten dugu gaur, harrokeriarik gabe, baina ziurtasun guztiaz! Pozik gaude Elizan!

 

Goazen, beraz, entzule, santuen fedea aitortuz, santutasunaren mahaira! Gaur poza dugu giro egoki. Kantuz, esker onez, bihotzaren zabalero handienaz, Jainkoak maite gaituela sinestu eta ospa dezagun. Jesu Kristo Pazkokoak bere santutasunaz marka gaitzala Eukaristian, santu izan gaitezen. Eta hori bai, entzuleok: zorion!, santu zaretelako!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.