A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristoren Aita eta gure Jainko den Jaunaren poza izan bedi zuekin.
Eguberri bertan dugu. Alde guztietatik adierazten zaigu hurbiltasun hori. Mundu guztiak bizi duen sentipena da, fededun izan ala ez. Eta mundu guztiak itxaropenez espero duen Eguberri horrek eduki benetan handia eta berezia dauka guretzat: Jainkoa guregana dator! Jainkoa gure bizitza bizitzera dator, askatasuna ekartzera dator eta itxaropena piztera, alaitasun ikusgarria ematera.
Otoitzean, isilean, jar gaitezen Jainkoaren aurrean. Barka ditzala Jaunak gure bekatuak, berri gaitzala, Eukaristia honetan harrera ona egin diezaiogun.
- Jesus Jauna, gizon-emakumeon anaia, zure herria indartu eta gure bizitzan bide berria
urratzera etorri zara. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, itxaro dugun Mesias, behartsuei berriona ematera etorri zara, bihotz
zaurituak sendatzera, katiguei askatasuna aldarrikatzera. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, Jainkoaren Semea, gizakion itxaropen guztiak gainezka betetzera etorri
zara. Erruki, Jauna.
Gure bekatuek haizeak bezala eramaten gintuzten, Jauna. Hala ere, Zu zara gure Aita. Gu, buztina; Zu, buztinlaria. Zatoz, Jauna, erruki zakizkigu, barka itzazu gure bekatuak eta eraman gaitzazu betiko bizitzara.
PREFAZIOA
Jainko gure Aitari egiten diogun eukaristi otoitz nagusia hastera goaz. Eskerrak eman diezazkiogun Jesu Kristorengatik, beti guregana baitator eta gizon-emakume guztiak bere erreinuan biltzera etorriko baita.
HONA HEMEN
Hauxe da Jainkoaren Mesias, herri guztiak askatzera datorrena. Zorionekoak beraren Erreinuko mahaira deituak izan garenok.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 - Israeldarrak herria berreraikitzen ari ziren lantegi latz eta mingarrian. Profetak, guztien biziera aldatu eta berrituko duen norbaiten ailegaera adierazten du. Batez ere, ahul eta ezinduentzat izango da pozgarri haren mezua. Jesusek bere egin zuen adierazpen hau.
ERANTZUN SALMOA
Profezia ederra entzun duguna. Mariaren kantika entzuten dugun bitartean, barneratu dezagun profezia honen bakea eta alaitasuna.
2 - Itxaropen pozgarrirako deia egiten digu San Paulok. Entzun dezagun.
HERRI-OTOITZA
“Egin otoitz atergabe” esan digu San Paulok. Itxaropenez egin dezagun otoitz, Jaunak bere agintzariak beteko dituela sinetsiz.
(ZATOZ, JESUS JAUNA!)
* Jainkoak maite dituenen alde: sufritzen dutenen alde, barruan min dutenen alde,
kartzelatuen alde, behartsuen alde… (Isil unea…)
Dei egin diezaiogun Jaunari.
* Gizarte gogor honetan, besteei itxaropena eta uste ona ematen ari direnen alde...
Dei egin diezaiogun Jaunari.
* Kristau-elkartearen gidarien alde, errukiaren eta maitasunaren Berri Ona hots egiten
duten guztien alde...
Dei egin diezaiogun Jaunari.
* Hildako guztien alde eta, batez ere, gure familian eta adiskideen artean hil direnen
alde...
Dei egin diezaiogun Jaunari.
* Munduko herri guztien alde, sufritzen ari diren herrien alde, gure Euskal Herriaren
alde...
Dei egin diezaiogun Jaunari.
Zatoz, Jauna. Berri ezazu Eliza eta berritu mundu osoa. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.
HOMILIA
«Zaudete pozik, zaudete beti pozik». Horixe da hirugarren igande honetan egiten zaigun gonbidapena, alaitasunerako gonbidapena. Eta ez da, egia esate aldera, batere harritzekoa Abenduak alaitasun hori sortaraztea, itxaropena alaia baita, sakon-sakonetik alaia. Baina ez pentsa, alaitasun hori berezkoa denik, berez sortzen denik. Abenduko ariketa berritzailetik sortzen da. Alaitasun hau ez da etxafuegoen momentuko sua, axaleko sentimendu arina. Ez. Etorreraren esperantzan indartzen ditu alaitasun honek bere sustraiak, esperantzaren lur aberatsean. Bihotza ez ezik, gure bizitza osoa eta gure langintza osoa edertzen duen alaitasun sakona da. Bizi-indar bihurtzen zaigun alaitasuna da. «Zaudete pozik, zaudete beti pozik».
Eguneroko bizitzak sufrimendu asko dakar berekin. Berri txarrez inguraturik bizi gara, eguneroko bizitzaren samin eta ahogustu mikatzez nahigabeturik bizi gara. Gure harremanetan ere ez dugu asmatzen bizipoza aurkitzen, bizitza alaitzeko. Alderantziz, askotan gure harremanetan ez dugu eguneroko samina sakondu eta areagotu besterik egiten.
Eta, hala ere, gure alaitasun-nahia hain sakona da! Oraintxe bertan gure kaleak eta eskaparateak Eguberriren poza adierazi nahiaren borroka argitsuan ari dira dir-dir. Poza sortu nahi dugu handik edo hemendik, honela edo hala. Baina guk ongi dakigu poza ez dela kanpotik barrura sortzen. Poza barruan sortzen da. Eskaparateek ez digute pozik sortuko, aurretik barruan ez badaukagu. Kanpoko argiek, deskuidatzen bagara, gure barruko tristura nabarmendu besterik ez digute egingo. Barruan poza behar dugu, bihotzean alaitasuna.
«Jaunak bidali nau sufritzen dutenei Berri Ona ematera». Bihotza Berri Onez sendatzen duenaren etorrera gertuan dago. Gertuan da «bihotz-urratuak sendatzen dituena». Oso hurbilean da «katiguentzako barkamena eta giltzapetuentzako askatasuna». Sufrimenduz bizitza zauritua sentitzen dugun guztiok, ezinean samindua, tristuran kateatua, «Jaunaren pozez gainezka» jarri behar dugu. «Gure Jainkoarekin poztu behar dugu». Abendua eta Eguberri askatasun-notizia baititugu, berrialdi eder, sendabide sakon. Abendua eta Eguberri itxaropen-iturri ditugu. Jainkoak sakon-sakonetik berritu nahi gaitu.
Lehen aipatu dugun eta hainbesteraino behar dugun alaitasun hori lortzeko bidea erakusten digu Abenduak. Joan Bataitzaileak erakusten digu alaitasunerako jarrera: Jesusi sartzen utzi behar zaio, haren molde eta jokaera ikasi behar dugu. Joanek seinalatzen digu bere profeta-behatzez «datorren Jauna». Elizak ere, Abendu honetan, bihotza sendatzen duena nor den erakusten digu, sufritzen dutenentzako Berri Ona nor den erakusten digu. Elizak harutzago begirarazi nahi digu, barrurago, sakonerago.
«Zuen artean bada norbait, zuek ezagutzen ez duzuena». Zergatik maite ote dugu horrenbeste, kanpora begiratzea, gora begiratzea, azalera begiratzea, zergatik? Barrura ez begiratzeagatik, gure artean ez begiratzeagatik, edozer gauza!, baita zailagoa baldin bada ere. Mesias Jauna, berriz, gure artean dago, barruan dago. Eta ez dugu aurkitzen, ez baitago kanpoan. Eta ezagutzen ez dugunez, argiak behar ditugu, koloreak, publizitatea, kontsumokeria, buila... Barruan ez daukaguna kanpoan bilatzen dugu. Eta Joan Bataitzaileak, Elizak, barrura begirarazten digute.
Eta galdetzen dut: Abendu hau ez ote da izango barrura begiratzeko ariketa serioa? Gure barruan dagoena ezagutzen ari al gara, gure artean dagoena ezagutzen? Ala oraindik ere kanpora begira al gabiltza, gure barruko tristuta kanpoko nir-nir eta distira builosoekin estali nahirik?
Baina Abenduak badu gehiago ere. Barruko eta sakoneko alderdi horrez gain, Abenduak pobreen bizigirora eragiten digu, injustiziaz zokoratuengana. Erantzun-salmoan Mariaren kantika entzun dugu. Eta Maria maistra jator askoa dugu Abendurako. Mariak bere bihotzeko poza behartsuenganako ardura bihurtzen du. Mariak badaki egiazko alaitasun sakona ez dela gauzetatik sortzen, behartsuen zoria banatzetik baizik, mundu hau zuzenagoa bihurtzetik. Barruko pozak behartsuen mudua gozatzera eragiten digu. Eta pobreen aldeko borrokak areagotu, bidertu, egiten du gure barne-poza.
Abendu honek emango al digu Etorreraren poza! Eta jakingo al dugu poz hori pobreei eramaten! Bila dezagun poza geure bihotz-barruan, ez baitugu ahaztu behar poza barrutik datorrela kanpora, eta ez kanpotik barrura. Mesias Jaunak bedeinka gaitzala pozaz, pobreentzako mundu berria egiten lehia gaitezen eta «sufritzen dutenei Berri Ona» eraman diezaiegun. a