liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jauna zuekin.

 

Martxoaren hemeretzian jakina izaten da, San Joseren festaburua, Maria Birjinaren senarraren jaia.

San Jose fede-eredu dugu guztiontzat: Jainkoak egiteko eman ziona zintzo bete zuen, Mariaren senar eta Jesusen zaintzaile izanez. Salbatzailearen Zaintzailea izan zen Jose santua. Gure fedeak badu zer ikasirik gizon xume eta leial honengandik.

Presta gaitezen ospaketa hau fedez burutzeko.

 

Pranta gaitezen Jaunaren aurrean, Jose santuaren postura apalean, Jainkoaganako konfiantza bilduan eta eska dezagun errukia.

 

- Jesus Jauna, Maria Birjinagandik jaioa. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, Maria eta Jose zure gurasoekin familia osatu zenuena. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, Aitaren eskuinetik gu guztiok gogoan gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Eukaristi otoitza hasterakoan, Prefazioak gaur ospatzen dugun salbamen-alderdia aipatzen digu. Mariaren eta Jesusen ondoan Josek bizi izan zuen eginkizuna gogoratzen dugu.

 

GURE AITA

Jainkoaren Semea gizon egin da, gu Jainkoaren seme-alaba bihur gaitezen. Eta honela otoitz egiten irakatsi digu:

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Jainkoa presente dago gizon-emakumeon bizitza eta historian. Jainkoak berak darama giza historia bere betera. Betetasun hori Jesusengan etorriko da, Maria eta Joseren semearengan.

 

2) Ebanjelioak esaten digu gizon on eta zintzoa zela Jose. Paulok, Abrahan eredu harturik, gizon zintzoa nor den esango digu: sinesmenaren bidez, Jainkoaz fidatzen dena da gizon zintzoa.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

San Joseren festaburu honetan, jaso dezagun gure otoitza zeruko Aitarengana, giza familia osoaren alde. Gogoan izan ditzagun gure Elizbarrutietako Misioak ere.

 

• Jainkoaren Eliza osoaren alde: San Joseren zaindaritzapean, jainko-hitza pozik jaso eta atergabe zabal dezan bazter guztietan.  

 

• Gure Elizbarrutietako Misioen alde, beraietan lanean diharduten apaiz, erlijioso-erlijiosa eta sekular misiolari guztien alde: urte askotan egindako lanaren fruituak jaso ditzaten.  

 

• Gure familietako gurasoen alde: maitasunez eta zerbitzu-gogoz zaindu ditzaten etxekoak, konfiantza eta gozotasuna bideratuz.  

 

• Langile guztien alde eta beren lanpostuak galduta edo kolokan ikusten dituztenen alde batik bat: justizia eta buru ona, solidaritatea eta eskubideekiko errespetua gailendu daitezen.

 

• Gu guztion alde: gaurko ospaketa honek sinesmenean eta eliz elkartasunean indartu eta sendotu gaitzan. 

 

Aita errukiorra, zaindu ezazu bihotz onez zure familia. Eta entzun zure salbamena ospatzen dutenen eskariak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

San Jose maitagarriaren festaburua ospatzen ari gara. Garizumarako eredu bikain gerta dakigukeen gizonaren aurrean aurkitzen gara. Jose, gizon zintzoa, gizon fededuna, gizon esanekoa. Jose, bere indar guztiaz Jainkoaren asmoa onartu eta aurrera eraman zuena. Jose, Jainkoaren Semearen aita. Jose, Jainkoaren Amaren senarra. Jainkoaren gizona, inolako zalantzarik gabe. «Hura zen gizona, hura!».

 

Gizon zintzoa esan dut. Baina, zintzoa izatea bere onean ulertzeko, San Pauloren hitzak errepika ditzagun: «Lurraren jabe izango zirelako agintzaria, promesa, ez zitzaien egin Abrahani eta haren ondorengoei Legea betetzeagatik; sinesmenaren zuzentasunagatik baizik». Horretantxe nabarmentzen da San Joseren zintzotasuna, bere sinesmen sakonean. Eta sinesmena, berriz, argi ikusten da Joseren bizitzan: Jainkoaren nahia onartu du, nahi horren zerbitzari jarri da, Jainkoaren esku utzi du bere bizitza eta jarduera, bihotz handiaz erantzun dio Jainkoaren deiari. Ez dugu datu asko ezagutzen San Joseren bizitzaz, baina agian nahikoa ezagutzea da Ebanjelioak esan duen hori: «Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen». 

 

Jainkoaren misterioari zabal-zabalik irekitzen zaion gizona dugu Jose. Bere isiltasunean, beretzako inolako asmorik ez daukan gizona ematen du. Bere obedientzia azkarrean, Jainkoarentzat bizi dela azaltzen du. Bere sinesmenean, bihotza Jainkoak hartua daukala erakusten du. Bere bizitzaren jabea ez da bera, Jainkoa baizik. Eta irekitasun harrigarri horretan azaltzen du Josek bere nortasuna. Bere nortasuna Jainkoaren misterioak lantzen baitio. Jose misterioaren gizona da. Zergatik ote? Norbait nortasun handiko gizon edo emakume bezala azaldu nahi denean, berak egin nahi duena egiteko kapaz bezala azaltzen dugu. Zergatik ote? Beste baten nahia egiten ikusten duguna ez zaigu nortasun handikoa iruditzen. Hortxe daukagu Jose, Jainkoaren asmoa betetzetik datorkion nortasun ikusgarriaz. Gure garai hauen akatsik nabarmenetakoa zera da: nork bere buruaren aitormenean jartzea lehenengo oinarria. Jose santuak, gizon maitagarriak, Jainkoaren misterioari utzi zion bere lehen tokia.

 

Baina, Joseren bizitzak badu beste alderdia. Egia da, bere bizitza guztian misterioaren zerbitzura bizi izan zela. Jainkoa onartuz. Misterioa zainduz. Beti Jainkoari adi. Baina, bizikera hori eguneroko lanaren eta eginkizunaren harian bizi izan zuen. Jose ez da, Jainkoaren misterioa maite duelako, barnetasun gorde batera ezkutatzen. Jainkoarekiko duen egitekoa, gizartearekiko erantzukizunaren barnean bizi du. Jose langilea zen, harotza. Eta hor ere, bere eguneroko lanaren erantzukizunean ere, Jainkoa ezagutu du. Jainkoarekiko erantzukizuna eta gizartearekikoa, zatitu ezinezkoak baitira, beti estu-estu elkarrekin uztartu beharrekoak. Eguneroko lana, bere barne-bizitzaren adierazpide bezala bizi du. Eta barne-bizitza Jainkoaren misterioaz betea daukalako, bere lanak ere Jainkoaren misterioa azaltzen du oparo asko! Jainkoaren misterioak askatzen dio lana. Eta lan hori askatzaile bihurtzen du eguneroko saioan. Ederra!

 

Hau guztia, promesaren itxaropenean. Hau guztia, Jainkoaren eskaintza sinetsiz. Bestela, nola!? «Abrahanek, esan digu Paulok, hilak pizten dituen Jainkoa, eta ez direnak izatera deitzen dituena, aurkitu zuenean, sinetsi egin zion».  Sinesmena dago Jose santuaren bizitzaren oinarrian.

 

Lehen esan dut, eta berriro errepikatuko dizut: San Joserengan eredu bikaina daukagu gure Garizumarako. Pazkoaren bila doan herriak badu zer ikasirik gizon honengandik. Eta aurrena, sinesmenaren lezioa, Jainkoaren misterioa onartu eta zerbitzatzera dei egiten digun sinesmen berritua. Gaur ere, Jainkoaren misterioaren zaintzaile da Eliza. Gaur ere izate osoa eskatzen zaio fededunari. Josek Jainkoaren Semea bere familian eduki zuen bezala, guk ere geure ondo-ondoan daukagu Jainkoaren Seme zaindu beharrekoa. Pobreengan, baztertuengan, gaixoengan... Jainkoaren Semea eman zaigu zaintzeko. Baina, horretarako, Jainkoaren misterioari irekita bizi behar. Eta, batez ere, eguneroko bizitzan Jainkoak aditzera ematen digun misterioari irekita bizi behar! 

 

Eta misterioari irekitzeak munduaren erantzukizunera garamatza, noski. Jainkoaren misterioa gaurko gizartean zaindu behar baitugu. Jainkoak misioan bidali gaitu. Eta Josek bezala, eguneroko lanaren haritik, gizarte berritu baten artisau behar dugu izan. Jainkoaren maitasunak berritutako mundu berri baten harotz behar dugu izan. Maitasunaren kolpe saiatuz, harremanak gozatuz, solidaritza baldintza gabekoz, gizarteko maila guztiak askatasunez eta salbamenez jantzi behar ditugu. 

 

Gu ere misioan bidaliak izan gara. Eman zaigun dohaina zabaltzea dagokigu. Horregatik ondo dago gaur gure misiolariak gogoratzea. Elizbarrutiko misioen eguna ospatzen baitugu gaur. Ez dugu ahaztuta utzi behar Joserekin batera misiolariek egiten diguten deia: Jainkoaren misterioa eguneroko misioan bizi behar dugu. Bihotz handia eskatzen digute gure misiolariek, Jose santuak bezalaxe.

 

Eukaristia ospatzen segitu behar dugu. Hementxe daukagu Jainkoaren misterioa. Hementxe daukagu Jainkoaren deia misiorako. Jose santuaren bihotz handiz, bihotz zintzoz, fede handienaz, zabaldu ditzagun gure barruak eta ospa dezagun Jainkoaren dohain askatzailea.

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.