liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Adiskideok, anaia eta arreba maiteok: Jauna piztu da egiaz! Beraren bakea, beraren maitasun handia, beraren bizi berria, izan bitez gaur, Pazko goiz honetan, izan bitez zuekin!

 

Hona Pazkora iritsita! Pazko hirurrenaren gailurrean, Pazkoa! Gure egun handian aurkitzen gara. Argiak poztu gaitu bart. Eta orain, elkarturik, eman zaigun Pazko-dohain bikaina ospatu nahi dugu. Handia gertatu zaigu. Eta gertatu zaigunaren festa egin nahi dugu.

Bai, Jesus piztu da! Biziaren presentziak biziaren poza eman digu. Eta orain badakigu zer garen eta nora goazen. Orain badakigu nola bizi. 

 

Hasteko, goazen Jesus berpiztuak eman dizkigun ur Espirituzkoetara eta busti gaitezen salbazioaren dohain betean.

(Ura)

 

Kanta dezagun gure bizia, gure poza eta gure argia den Jainkoaren aintza. Eta gores dezagun hilen artetik berpiztu den Santua!

(Aintza kantatua)

 

 

PREFAZIOA

Orain Pazkoko gertakizunaren oroigarria egitera goaz. Esker onez beterik, bihotza beteko pozez, goza dezagun gertaera.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristo berpiztu zuen Espiritu bera daukagu orain gure artean, eta guregan otoitzean ari da. Horregatik errespeto eta duintasun haundiz kantatzen dugu:

 

 

HONA HEMEN

Hona Kristo, Pazko bildotsa, guregatik entregatua. Egin dezagun Pazko festa biziaren ogia janez. Zoriontsuak gaur Pazko-mahai honetara gonbidatuok!

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, egin dezagun otoitz Pazko egun honetan. Eska diezaiogun zeruko gure Aitari gizon-emakume guztientzat zoriona eta bizi-poza.

 

  Eliza osoaren alde. Aita Santu, Gotzain, apaiz eta eliz zerbitzua ari duten guztien alde. (...)

 

  Munduan beren fedea bizi duten guztien alde. Bataiatu guztien alde. Batez ere, beren fedea zailtasunen artean bizi dutenen alde. (...)

 

  Munduko herri guztien alde. Herrietako agintari eta politikoen alde. Gerran bizi diren herrien alde. Gogorkeriaz hil direnen alde (...)

 

  Gaixoen alde. Hilzorian daudenen alde. Kartzelan, erbestean, bakardadean bizi direnen alde. Maitasunik gabe bizi diren guztien alde. Tratu txarrak hartzen dituzten emakumeen alde. Langabetuen alde. (...)

 

*   Pazko-ospaketa hau burutzen ari garenon alde. Gure senide eta adiskideen alde. Gure hildakoen alde. (...)

 

Gurutzean askatu eta salbatu gaituzun Aita ona: salbatu gaituzunez gero, eraman gaitzazu beti zure seme-alaba izatearen duintasun ederrera. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Pazkoa da, adiskideok! Pazkoa da, eta dena berritua, dena aldatua, ikusten dugu! Pazkoa da!, eta Jaunak berriro ere bere ahalmenaren indar salbatzailea erakutsi digu. Berriro ere markak hautsi ditu. Pazkoa da, eta pozik ari gara misterioaren bihotza ukitzen. Pazkoa da, eta beste behin Jesukristorengan sinestearen edertasuna kabitu ezinik daukagu gure barnean. Pazkoa da, eta horregatik gure ospaketa hau inoiz baino ederragoa, inoiz baino askatzaileagoa sumatzen dugu. Pazkoa da, adiskideok!

Pazkoak gertutik sentiarazten dizkigu gauzak. Igandero, egunero, gure fedearen giroan bizi ditugun gertaerak eta egiak, gaur indar bereziz azaltzen zaizkigu. Garizuma honetan atertu gabe errepikatu ditugunak, gaur gertatuak, gaur egintza, gaur gertukoak sentitzen ditugu. Jainkoa Aita dugu, nola esan gaur ezetz! Jesukristoren maitasun-indarrak garaitu du, nola esango duzu ezetz gaur, hain justu?! Espiritua eman zaigu, oparo eta aberats, alferrik saiatuko zara ukatzen, gaur Espiritua sentitu egiten dugu eta! Pazkoa da, eta gaur Jainkoaren bihotza ukitu egiten dugu! Gaur misterioa gertuan, oso gertuan, sentitzen dugu!

Gaur Pazkoa da, eta gu pozik gaude! Bihotzean ezin eutsi diogu, gertatutakoaren pozari. Hauxe da pozaren oinarria tinkotzen duen eguna. Eta gu pozik gabiltza. Esan ezin halako pozez pozik. Guregan, gure bizitzan, inolako arrazoirik ez duen pozez pozik. Bihotza libre sentitzen dugu. Bizitzari hegoak eman zaizkio. Maitasuna sortu zaigu. Eta pozik gaude, Pazko-pozez pozik. Gaur, sinesten ditugunak, Pazko-begiez ikusi egiten ditugu. Misterioa ogi eta ardo eta ur eta kantu bihurtzen baitzaigu. Eta bihotza handitzen ari zaigu, zabaltzen. Bai, Pazkoa da, eta pozik gaude, Pazko pozez pozik!

Pazkoa da, bai, eta maite dugu gurutzea! Pazkoari gurutzea bihotzean sartuta gelditu baitzaio. Pazkoa gurutzean gertatu baita. Horregatik gaur ere, gurutzea begibistan daukagu. Baina beso zabaldu horiek tirabira puskatzailea sentitu dute gaur gauean. Eta beso zabaldu horiek garaipen handia, aintza eta ospe handia, maitasun handia erakusten dute gaur. Aitarengana joandako Jesus hura, hiltzez josia gelditu zaigu betirako. Baina zenbat piztuera daukan gaur gurutzeak! Gurutzeari Pazkoa jaio zaio, elorriari lorea bezalaxe! Gurutzeak Pazkoa du!

Baina zergatik ez diogu Pazkoari argi egiten uzten? Gaur ilunpeak ere mugitu dira, errendituko ez balira bezala. Gurutzea lotu nahi dute. Pazkoari bihotza kendu nahi diote. Eta gaur ez du Pazkoak argi egin munduko zoko askotan. Pazkoa itzali, baina zergatik? Zergatik ez dira gaur alleluiaka hasi kartzeletan, uri handietako kale bazterretan? Zergatik ez dute Pazkoaren argia sumatu drogaren zorabioan dabiltzan horiek? Zergatik itzali dute Pazkoa Haitin? Zergatik ez zaie Pazkoa eman mila eta miloika umeri mundu bazterretan? Nork jarri du Pazkoa ilun? Zergatik?

Bai, fededun, gure Pazkoa beti gurutzetua izango da. Mundu honetako Pazkoak beti gaitzaren arantza eramango du bizi berriaren haragitan sartua. Gure Pazkoak «bihotzean min du, min etsia». Eta, hala ere, eta horregatik, Jainkoak berriro ere Pazkoa eman digu. Pazkoa hazten eta garatzen ikusi nahi duelako, berriro ere Pazkoa oihuegin digu. Berpiztuaren bihotz berria eman dio gizadiari, poza eta itxaropena izan ditzagun. Ai gaur Pazkoa gertatuko balitz! Ai zuk, fededun horrek, ulertuko bazenu Pazkoa eman zaizula, Pazkoaren hego zabalduez munduz mundu Pazkoaren poza zabal dezazun! 

Aizu, zaude isilik! Zergatik ez zara gaur, Pazkoa eman zaizun egunean, zure inguruan Pazkoa egiten hasten? Zergatik ez duzu Pazkoaren poza sortzen!? Zergatik ez diozu Berpiztuaren bihotz berriari gaitzaren arantza hori ateratzen? Zergatik ez diozu Pazkoari, horma artean lotzen duen hesi hori puskatzen, txiki-txiki? Zergatik ez, gaur Pazkoa izanik? Zergatik ez, gaur garaipena eman zaizunez? Badezakezu, noski, gaur indartsua egina izan zara eta! Badezakezu, Pazkoa gertatu zaizu eta!

Goazen Eukaristia ospatzera. Goazen, Pazkoa bihotzera eta gorputzera sartzen digun ogi-ardoa hartzera. Eta ospa dezagun Pazkoa!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.